1 Formulako Munduko Txapelketa asteburuan hasiko da Australian. Urtero, ohikoa izaten da araudian zenbait aldaketa izatea eta horren eragina aztertzea. Baina oraingo honetan egingo diren moldaketak handiagoak eta sakonagoak izango dira. Autoak kanpotik eta barrutik aldatu dira, eta gidarien erantzukizuna askoz ere handiagoa da. Izan ere, orain arte erregai fosila eta pneumatikoak zaintzeaz arduratu behar izan dute gidariek. Orain, energia elektrikoan ere jarri beharko dute arreta, beste biak baino garrantzitsuagoa izango baita.Â
Energia iturri berriak
Aipatu bezala, aldaketa handia da, eta energian dago oinarrituta. Hala, energia eta potentzia unitateak aldatu dituzte. Zaldia zen potentzia neurtzeko erabiltzen zuten unitatea. Hemendik aurrera, berriz, kilowatta izango da erabiliko duten unitatea. Energia, berriz, megajouletan neurtuko dute. Autoek gehienez 750 kilowatteko potentzia izango dute, hau da, 1.000 zaldiren potentzia.Â
Erregai kopurua, bestalde, ez dute litrotan neurtuko. 1 Formulan pisuaren eragina erabakigarria izan da, eta erregaia kilogramotan neurtu izan da beti. 110 kilogramoko edukiera zuten iazko erregaiaren deposituek. Orain edukiera hori energia unitatetan zenbatuko dute. Energia elektrikoak erregai fosilak adina garrantzia hartu duenez, elektrizitatean erabiltzen diren unitateak hartuko dituzte kontuan energia iturrien erreferentzia gisa.
Autoen potentzia maximoa bitan banatuko dute. Batetik, konbustioko motorrarena egongo da, eta, bestetik, emari elektrikoarena. Lehenengoari ICE (Barne errekuntzako motorra) deitu diote. Potentzia osoa iazkoaren ingurukoa izateko, konbustioko motorraren ahalmena asko murriztu dute, eta potentzia elektrikoari eman diote garrantzia. Horretarako, guztiz jasangarriak diren erregaiak erabiliko dituzte, eta, gainera, kontsumoa mugatuko dute. Azkenerako bati ahalmena kendu diote, besteari emateko.
Ingeniarien erronka hor hasiko da. Izan ere, bateria elektrikoak ez du erregaien dentsitate bera, okerragoa baizik. Hori dela eta, bateria oso handiak beharko lirateke, eta astunegiak. Baina berez txikiak dira. Â
Bateria: etengabe hustu eta bete
Autoen bateriaren kapazitatea lau megajoulekoa izango da. Erraz ulertzeko: bi mendiko bizikleta elektriko txikiren parekoa da hori. Formula E txapelketako autoek 1 Formulako auto batek baino kasik 50Â aldiz kapazitate handiagoa dute. Kontua da 1 Formulak potentzia maximoa lortzeko energia elektrikoa behar duela, baina berehala xahutzen duela. Ez da gauza zuzengune luze batean 750 kilowattak mantentzeko, bateria hamaika segundo eskasean husten delako. Bateria gorde eta kargatu egin behar da, beraz. Hor dator kudeaketaren beste erronka: energia berreskuratzea. Autoek balaztatzean ahalik eta energia gehien berreskuratu beharko dute, bateria kargatzeko. Horrez gain, konbustioko motorra ere erabiliko dute, bateria bete-betean ez doanean; bihurguneetan edo balaztatzeko orduan, adibidez.
Agerikoa da bateriak etengabe husten eta betetzen ariko direla. Hori guztia elektronikoki kudeatuko dute, eta hari aginduak ematen arituko den softwareak. Aldaketa hori simulazioetan landu dute autogileek, baina pistan lehiatzen hasi arte ez dute erabat doituko, ezta kontrolean izango ere. Motorgile bakoitzak norabide bat edo beste hartu du arlo honetan. Horregatik, espero da lehen lasterketetan aldeak handiak izango direla. Bartzelonako eta Bahraingo probetan ikusi da hori. Urte osoan garapena oso handia izango da, sistemak oraindik optimizaziotik urrun daudelako. Helmugara lehen tokian iristeko lehiaz gain, garapenari dagokion beste lehia bat izango da, beraz. Lehia hori bizi-bizia izango da.
Autoak: txikiagoak eta aerodinamika aldatzen dutenak
Energiari lotutako aldaketa horren ondorioz autoak mantsoagoak izango direnez, araudian egin dituzten beste aldaketen helburua hau da: autoen eraginkortasuna beste arlo batzuetatik lortzea. Hala, ibilgailuen gutxieneko pisua 30 kilo murriztu dute. Gainera, 10 zentimetro txikiagoak dira, eta ardatzen arteko distantzia ere txikitu dute. Beraz, autoak txikiagoak dira, eta arinagoak. Horrez gain, autoek aerodinamika aktiboa erabili ahal izango dute. Hau da, zuzenguneetan aurreko zein atzeko aleroiak etzan egin ahal izango dira. Z modua esaten diote horri. Bihurguneetan, berriz, tentetu egin ahal izango dira. X modua esaten zaio horri. Nazioarteko Automobilismo Federazioak erabakiko du zirkuitu bakoitzean zeintzuk diren hori egin ahal izateko guneak. Azken aldaketa aipagarriena zera da: zoruaren eraginaren garrantzia gutxitu dute. Hala, kalkulatu dute karga aerodinamikoaren %30 inguru galduko dutela autoek.
Bultzada elektrikoari esker autoek bat-bateko potentzia emaria izango dute, eta azelerazioa inoiz baino handiagoa izango da. Lurrera hainbeste itsatsiko ez direnez, gainera, gidariek lan gehiago egin beharko dute bolantearekin. Balaztatzea luzatu egingo da, eta horrek erraztu egingo du auto batek besteari aurrea hartzea. Dena den, lasterketetan gakoa zera izango da: energia elektrikoa noiz bildu eta noiz askatu. Simulagailuetan sekula baino ordu gehiago eman dituzte autogileek, hori lantzen. Mercedesek, adibidez, bi gidari ofizialez gain, beste lau izan ditu horretan lanean.Â
Gidari guztiek ez dute gustuko araudi aldaketa, ez baitute une oro eskura izango nahiko luketen potentzia. Max Verstappen eta Lewis Hamilton daude horien artean. Carlos Sainzek malgutasuna eskatu dio nazioarteko federazioari, aldaketa honek espero diren emaitzak eragiten ez baditu egokitzapenak egin ahal izateko.
Â
Gidariak
Alpine:Â Pierre Gasly (Frantzia, 30 urte) / Franco Colapinto (Argentina, 23 urte).
Aston Martin:Â Fernando Alonso (Espainia, 44 urte) / Lance Stroll (Kanada, 27 urte).
Audi:Â Nico Hulkenberg (Alemania, 38 urte) / Gabriel Bortoleto (Brasil 21 urte).
Cadillac:Â Sergio Perez (Mexiko, 36 urte) / Valterri Bottas (Finlandia, 36 urte).
Ferrari:Â Charles Leclerc (Monako, 28 urte) / Lewis Hamilton (Erresuma Batua, 41 urte).
Hass:Â Esteban Ocon (Frantzia, 29 urte) / Oliver Bearman (Erresuma Batua, 20 urte).
McLaren:Â Lando Norris (Erresuma Batua, 26 urte) / Oscar Piastri (Australia, 24 urte).
Mercedes:Â George Russell (Erresuma Batua, 28 urte) / Kimi Antonelli (Italia, 19 urte).
Racing Bulls:Â Liam Lawson (Zeelanda Berria, 24 urte) / Arvid Lindblad (Erresuma Batua, 18 urte).
Red Bull:Â Max Verstappen (Herbehereak, 28 urte) / Isac Hadjar (Frantzia, 21 urte).
Williams:Â Carlos Sainz (Espainia, 31 urte) / Alexander Albon (Thailandia, 29 urte).
Â
Egutegia
Martxoak 6-8:Â Australiako Sari Nagusia.
Martxoak 13-15:Â Txinako Sari Nagusia.
Martxoak 27-29:Â Japoniako Sari Nagusia.Â
Apirilak 10-12:Â Bahraingo Sarai Nagusia.Â
Apirilak 17-19:Â Saudi Arabiako Sari Nagusia.
Maiatzak 1-3:Â Miamiko Sari Nagusia.
Maiatzak 22-24:Â Kanadako Sari Nagusia.Â
Ekainak 5-7:Â Monakoko Sari Nagusia.
Ekainak 12-14:Â Kataluniako Sari Nagusia.
Ekainak 22-28:Â Austriako Sari Nagusia.Â
Uztailak 3-5:Â Erresuma Batuko Sari Nagusia.Â
Uztailak 17-19:Â Belgikako Sari Nagusia.Â
Uztailak 24-26:Â Hungariako Sari Nagusia.Â
Abuztuak 21-23:Â Herbehereetako Sari Nagusia.
Irailak 4-6: Italiako Sari Nagusia.
Irailak 11-13:Â Espainiako Sari Nagusia.Â
Irailak 25-27:Â Azerbaijango Sari Nagusia.
Urriak 9-11:Â Singapurko Sari Nagusia.Â
Urriak 23-25:Â Ameriketako Estatu Batuetako Sari Nagusia.Â
Urriak 30-Azaroak 1:Â Mexikoko Sari Nagusia.Â
Azaroak 6-8:Â Brasilgo Sari Nagusia.Â
Azaroak 19-21:Â Las Vegaseko Sari Nagusia.Â
Azaroak 27-29:Â Qatargo Sari Nagusia.Â
Abenduak 4-6:Â Abu Dhabiko Sari Nagusia.
Â