Hasi baino lehen, irabazleak eta galtzaileak

1 Formulako denboraldiaurreko emaitzak ikusita, Mercedes eta McLaren aurrean ibiliko direla dirudi. Aston Martin, berriz, kontrakarrean aritu da: ez du asmatu egoki kudeatzen Hondarekin duen lankidetza teknikoa.

Aston Martinen autoa, Bahrainen egindako probetan. ALI HAIDER / EFE
Aston Martinen autoa, Bahrainen egindako probetan. ALI HAIDER / EFE
Laurentzi Garmendia
2026ko martxoaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araudian aldaketa handiak egiten direnean, 1 Formulan aginte ordena aldatzeko aukera izan ohi da. Sistema oso egonkorra denean, perfekzioa gertuen duten taldeek agintzen dute. Hori aldatu eta hutsetik hastean, sormena duten taldeen txanda izan ohi da. Baina disruptibo izatea aukeratzen duen orok ez du erabakirik onena hartzen. Denborak esango du bakoitzak hartutako bideak nora daraman. 

Mercedes nagusi izan zen 2014an, 1,6 litroko turbo konbustio motorrak iritsi zirenean. Zortzi urtez jarraian irabazi zuen txapelketa, eta Hamiltoni sei titulu eskuratzeko aukera eman zion. Orain ere, aldaketa sakona izan da, eta erreferente bilakatu da; nahiz eta konpresioaren inguruan trikimailuren bat edo beste erabili duten aztertzen ari diren, Mercedes eta McLaren aurrean ibiliko direla dirudi. Autoek Bartzelonan lehen proba egin zuten arte, horixe izan zen neguko iskanbila nagusia. Eta ez da amaitu. Izan ere, Nazioarteko Automobilismo Federazioak gaia aztertu eta neurriak hartzeko erabakia hartu du. 

Ferrarik ere kontzeptu interesgarriak aplikatu ditu, batez ere energia konbustio motorretik baterietara bideratzeko moduan. Batek baino baino gehiagok lehen tokian jartzen du Ferrari. Red Bullek motorraren sistema osoa etxean egin du lehen aldiz. Ford-ek bere zigilua jarri badio ere, Hondarekin izandako elkarlanetik ikasitakoa erabili dute. Erronka galanta izan da, baina onenen pare dagoen sistema bat prestatu dute. Lau taldeok, bakoitza bere estiloarekin, besteengandik nabarmendu dira, eta txapelketa haien artean jokatuko dela dirudi.

Aston Martinen apustua, noraezean

Aston Martin dago beste muturrean, norabidea aurkitu ezinik. Adrian Newey fitxatu zuten 2024an, eta ikusmin handia zegoen aurtengo autoan hark egindako lana ikusteko. Horrez gain Aston Martin Hondaren talde ofizial eta esklusiboa bilakatu zen. Azken urteetan Red Bullekin izandako lankidetzak fruituak eman zituen, eta goi mailako motor bat egiteko gauza zirela frogatu zuten. Zoritxarrez, elkarlanak tupust egin du Aston Martinekin. Goiz da horren arrazoi zehatzak jakiteko, baina arazo teknikoen atzean oinarri kulturala ere badago. Japoniarrek Neweyren eskakizun guztiei men egin dietela dirudi, baina hark agindutakoa betetzeko lanak izan dituztela. Aston Martinek lehen aldiz egin du bere aldagailua, orain arte Mercedesena baitzerabilen. Hori ere ez dabil oso fin. Gainera, bateriak hautsi egiten dira bibrazioaren eraginez.

Aston Martinek irabazi egin nahi du, eta halako araudi aldaketa sakona egiten denean, motor propioa duten taldeek izaten dituzte emaitzarik onenak. Alde horretatik ulergarria da Hondaren aldeko apustua. Red Bull bikain kudeatu zuen lankidetza teknikoa Hondarekin, baina horretan egin du huts Aston Martinek. Hala gertatu zitzaion McLareni 2015ean. Guztiak du konponbidea, baina dagoeneko urte erdia galdu dute. Aurkariek ez baitute itxaroten, ez dute gupidarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.