Pilota

Are hobeagoak dira

Bigarren urtez jarraian, Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak lau eta erdiko txapela izango dute jokoan. Gaur ariko dira finalean, Bilbon. Jon Apezetxearen ustez, biek ala biek gora egin dute iaztik hona.

Javier Zabala eta Peio Etxeberria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Javier Zabala eta Peio Etxeberria, irribarretsu, Bilboko Bizkaia frontoian, pilotak aukeratu aurretik. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko azaroaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebeteren ostean, Peio Etxeberria eta Javier Zabala elkarren aurka ariko dira berriro A serieko Lau eta Erdiko Txapelketako finalean. Gaur jokatuko dute txapela nork irabaziko duen erabakitzeko partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta finala bigarren partida izango da. ETB1ek zuzenean emango du jaialdi osoa.

Iazko final bera da, baina aurreko egunak ez dira izan iaz bezalakoak. Iaz, Etxeberria sasoi betean zegoen, eta Zabalak, berriz, minberatuak zituen eskuak. Aurrelari nafarra 22-11 nagusitu zen. Aurten, ordea, Etxeberriak lesioa izan du ezker begian. Osatu egin da, baina ikusteko dago nola eragingo dion azken egunetan izan duen ziurgabetasunak. Zabala, berriz, sasoi betean dago, eta ondo ditu eskuak.

Jon Apezetxea Aspeko teknikariak (Goizueta, Nafarroa, 1988), hala ere, argi du: «Biak ariko dira bete-betean. Peiok begiarena izan du, baina ez du arazorik izango. Frontoian egin dituen probetan ikusi da prest dagoela jokatzeko». Are, Apezetxearen ustez, Etxeberriak eta Zabalak gora egin dute iaztik hona. «Biak ala biak dira iaz baino pilotari hobeak. Merezita daude finalean. Peio oso nagusi izan da, eta partida guztiak irabazi ditu. Javik, berriz, neurketa bakarra galdu du, Lasoren aurkakoa, baina abiadura handia eman dio pilotari, eta erakutsi du oso kontuan hartzeko pilotaria dela». 

Etxeberriari erreparatu dio lehenbizi, eta azpimarratu du «asko» hobetu duela buruz. «Oso ongi jokatzen ditu partida guztiak. Ikasi egin du une bakoitzean nola aritu behar duen. Gaur egun, arreta bete-betean aritzen da, ez du inoiz kontzentrazioa galtzen. Horretaz gain, bete-betean sinesten du bere buruarengan».

Etxeberriak laugarrenez jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala, eta, Aspeko teknikariaren iritziz, «meritu handia» du horrek. Horren erakusle, haren aurretik beste lau pilotarik baino ez dute halakorik egin: Patxi Eugik, Juan Martinez de Irujok, Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak. Etxeberriak galdu egin zituen lehen bi finalak, Altuna III.aren eta Lasoren aurka, hurrenez hurren, baina azkenekoan arantza atera zuen, Zabalari irabazita. «Altunaren aurkakoan ez zen egon frontoian. Lasoren aurkakoan, bai, baina zorte txarra izan zuen, eta detaileengatik galdu zuen. Azkenekoan, berriz, gainetik pasatu zitzaion Zabalari. Pixkanaka ikasi du nola jokatu behar duen final bat; izan ere, ez du inolako antzik beste inolako partidarekin. Hiru final jokatzeak arrastoa utzi dio». 

«Biek egin dute gora buruz: Etxeberriak oso ongi jokatzen ditu partida guztiak; Zabalak, berriz, kontrola gehitu dio abiadurari»

JON APEZETXEA Aspeko teknikaria

Apezetxearen ustez, ez da kasualitatea aurrelari nafarrak laugarrenez jarraian jokatzea lau eta erdiko finala. «Modalitate batean oso ondo moldatzen bada, lau eta erdian moldatzen da». Zenbait arrazoi aipatu ditu: batetik, azaldu du lau eta erdian jokatzeko «sasoi betean» egon beharra dagoela, eta «dohain fisiko handiak» izan. «Peiok sobran ditu dohain horiek: denbora luzez aritzen da bizi-bizi». Bestetik, nabarmendu duenez, Etxeberria «ezin hobeto» jartzen da lau eta erdian jokatzeko. «Oso goitik jartzen da pilota jotzeko, eta bazterretik ere bai, eskuinez eta ezkerrez. Sakeari ere bazterretik ekiten dio. Fisiko bikaina eta jarrera ezin hobea duenez, pilotari bikaina da lau eta erdian jokatzeko».

Eskarmentuaren garrantzia

Zabalari buruz, Aspeko teknikariak esan du Etxeberriari lehen finalean gertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaiola iaz. «Ez zen partidan sartu ere egin. Peiok ezin hobeto jokatu zuen, baina Javiri kalte egin zion final bat jokatzeak dakarrenak: lehenbizi, elkarrizketa mordoa egin beharrak, eta, gero, finaleko egunean, frontoian 3.000 ikusle egoteak. Aurten errazago egingo dio aurre horri». Horren harira, nabarmendu du Etxeberriak bezala Zabalak ere buruz «gora» egin duela. «Azken txapelketetan oso ondo aritu da».

Jokoari dagokionez, Zabalak eskuinez «asko» hobeto duela adierazi du. «Lehen, kontrolik gabe jotzen zuen eskuinez, eta, horren ondorioz, huts gehiago egiten zituen. Baina lan handia egin du hori hobetzeko, eta agerikoa da hobetu egin duela. Beti eman dio abiadura ikaragarria pilotari; are, gaur egun, berak ematen dio gehien. Baina, orain, kontrol gehiagorekin ematen dio. Horri esker, eskuinez min egiten du orain ere». Sasoikoago dago orain ere. «Lehen, gehiago betetzen zen. Orain, hobeto neurtzen ditu indarra eta ahalegina. Zezen bat da. Lehen, erori egiten zen partida gogorretan. Orain, berriz, errazago eusten die neurketa horiei».    

Etxeberria lau eta erdian moldatzen da ondoen. Zabala, berriz, modalitate guztietan ondo moldatzen dela azpimarratu du Apezetxeak. «Lau eta erdian, buruz buru eta binaka; guztietan ondo aritzeko gaitasunak ditu». Horren harira, kontatu du duela hiruzpalau urte Zabalari ez zitzaiola gustatzen lau eta erdian jokatzea. «Pazientzia gutxi zuen. Baina begira orain: bigarrenez jarraian jokatuko du finala. Sinetsi egin du lau eta erdian ondo joka dezakeela. Haren meritua da, egoerari buelta eman baitio. Orain, pilotaririk onenetakoa da modalitate horretan».

Bi finalistak aztertu eta gero, finala irabazteko gakoa zein izan daitekeen esan du: «Tantoak errazen bukatzen dituenak aukera gehiago izango du irabazteko. Izan ere, biek ondo sakatzen dute, oso ondo errestatu, eta piloteoan paretsu dabiltza». Ez du faboritorik. «Pareko daude». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA