Bilboko Bizkaia frontoiko bulegoetan egiten du lan Esteban Gaubekak (Armintza, Bizkaia, 1977). Bere lan mahaitik ikusi egiten du pilotalekura sartzeko atea. Baina ezin du hura ireki eta barrura sartu; ez, behintzat, gehien gustatzen zaiona egiteko: palan jokatzeko eta onenekin nor baino nor gehiago aritzeko. Halaxe aritu da 23 urtez, eta palmares ikusgarria lortu: besteak beste, sei aldiz irabazi du banakako txapela.
Baina Gaubeka jada ez da pala jokalari profesionala. Apirilaren 15ean utzi zion izateari. Bezperan bukatu zitzaion kontratua pala profesionala kudeatzen duen Innpala enpresarekin. Garai hartan, grebara jo zuten Dan Necolek ez beste Innpalako palista guztiek —gaur egun, Necol eta Josu Urkijo Innpalako intendente izandakoa dira enpresaren jabeak—. Grebara jo zuten bederatzi pilotari horiek bi eskakizun nagusi egin zizkieten Innpalako arduradunei: batetik, lan hitzarmen berria negoziatzeko; eta, bestetik, Bizkaia frontoia kudeatzeko beste lizitazio bat egon arte pilotaririk ez kaleratzeko, eta indarrean zeuden kontratu guztiak berritzeko.
Alferrik. Innpalako buruek ez zituzten aintzat hartu palistek egindako eskakizun horiek. Horren ondorioz, pilotari horiek, banan-banan, kontraturik eta lanik gabe geratu dira. «Greba egin genuen bederatzi palistetatik Roman Maldonadok baino ez dauka oraindik kontratua Innpalarekin, abenduaren 31ra arte, baina hark grebari eutsi dio oraindik ere, eta ez du partidarik jokatzen enpresarekin. Beste guztiok, berriz, pixkanaka-pixkanaka, kanpoan geratu gara», azaldu du Gaubekak.
«Oso gaizki pasatu dugu», esan du, barru-barrutik. «Gaizki bukatu genuen enpresarekin, eta, orain, epaiketatan gabiltza, kalte ordainak eta kitapenak kobratu nahian: enpresak ez digu ordaindu behar zena. ELA sindikatua ari zaigu laguntzen kontu horietan. Baina okerrena da ez garela jokatzen ari, eta, horren ondorioz, ez dugula dirurik jasotzen». Profesionaletan jokatzeari buruz ari da, afizionatuetan jokatu baitute noiz edo noiz enpresatik kanpo geratu zirenetik. «Ez diogu entrenatzeari utzi, eta, horretarako, fitxa egin dugu gure klubetan, gutxienez afizionatuen mailan jokatu ahal izateko».
Urte erdi baino gehiago joan da «egoera kaskarrean» zeudela plazaratu zutenetik, eta, ordutik, gauza asko pasatu dira. Hala ere, azpimarratu du grebara jo zuten bederatzi pilotariek «oso batuta» eusten diotela. «Multzo trinkoa eratu dugu. Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta oso harreman ona dugu. Une gogor eta zailak pasatu ditugu azken hilabeteetan, eta halakoetan elkarri lagundu diogu, eta elkarren babes izan gara. Kideak baino gehiago gara: lagunak gara. Ez da egon inolako arrakalarik gure artean, eta denok egin dugu arraun norabide berean, denon hobe beharrez».
«Multzo trinkoa osatu dugu. Une gogor eta zailak pasatu ditugu, eta halakoetan elkarren babes izan gara»
ESTEBAN GAUBEKA Palista
«Babesa» sentitu dute
Multzotik kanpo ere «babesa» sentitu dute. «Jokatu edo protestaren bat egin dugun toki guztietan sentitu dugu jendearen babesa. Beti egon da lankide edo pilotari izandakoren bat. Mezu asko bidali dizkigute animoak ematen, bai pribatuki, gure sakelakoetara, baita publikoki ere, sare sozialetan. Ia mundu guztiak bat egin du gure aldarrikapenekin». Badu kexa bat, ordea: «Instituzioak eta komunikabideak ahaztu egin dira gurekin, eta haien laguntza behar genuen».
Gaubekak zera eskatu dio zehazki Bizkaiko Foru Aldundiari: «behingoz» ebatzi dezala nork kudeatuko duen Bilboko frontoia. «Behingoz» esan du, azpimarratu duenez, «aspaldi» egon behar baitzuen hartua erabakiak. «Denbora pila bat daramagu entzunez erabakitzear daudela, baina oraindik aldundiak ez du ezer esan. Ustez, baliteke bi asteko kontua izatea, baina ez dugu ezer egintzat jo nahi. Hilabete pila bat daramatzagu zain, eta horrek ezinegona eragiten digu».
Azaldu duenez, bi aukera daude Bizkaia frontoia kudeatzeko: bat Veolia eta Baiko Eragin enpresena da. «Garairen enpresa da hori [Jose Ramon Garai Innpalako arduradun izandakoarena], hau da, orain arte frontoia kudeatu duena. Garaik gezurra esan digu berriro, hark esan baitzuen ez zela berriro aurkeztuko. Ez genion sinetsi, eta asmatu egin dugu», adierazi du Gaubekak.
«Bi aukeretako batekoekin hitz egin dugu, eta esan digute irabazten badute kanpoan geratu garenok itzuliko garela»
ESTEBAN GAUBEKA Palista
Beste proposamena, berriz, Koldain, Tecman eta Dimension Football Factory enpresena da. Haiek irabaztea nahi du Gaubekak. «Haiekin hitz egin dugu, eta esan digute irabazten badute kanpoan geratu garenok itzuli egingo garela. Agindu digute baldintza duinak izango ditugula». «Itxaropentsu» dago. «Aukera horrek lortu du puntu gehien, eta haren eskaintza ekonomikoa ere bestea baino hobea da. Baina aldundiak erabaki behar du, eta luzatzen ari da dena; eta horrek zer pentsa ematen digu. Espero dezagun aldaketa egotea. Badut gogoa oraingo kudeatzaileak gehiago ez ikusteko. Askotan ikusten ditut frontoiaren inguruan, eta ez da batere atsegina».
Nazioen Ligaren «bizipoza»
Aitortu du «irrika bizia» duela berriro Bizkaia frontoiko atea ireki, barrura sartu, eta onenekin nor baino nor gehiago aritzeko. 36 metroko frontoiko Nazioen Ligan egin berri du hori, ondo egin ere, euskal selekzioarekin txapeldunorde izan baita pala motzean. «Pena izan da urrea ez irabaztea, baina esperientzia ederra izan da lehen aldiz euskal selekzioarekin jokatzea. Innpalan aritutako pilotari askok jokatu dugu txapelketa hori, eta aukera polita izan da berriro denak elkartzeko. Oso gustura egon gara. Txapelketa hau jokatzeak bizipoza eman digu».
Datorren urtean Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketa du begiz joa. «Urrea irabazi nahi dugu han». 48 urte betetzear dago, baina ez du lehia uzteko asmorik. «Oso gustura ari naiz, eta partida gutxi jokatu ditudan arren, jokatu dudanean ondo aritu naiz. Jokatzen jarraituko dut. Izugarri maite dut kirol hau».