Javier Zabalak hamazazpi tanto egin behar zituen Artolaren aurka buruz buruzko txapelketako finalerdietan sartzeko. Jakina zen ez zuela erraza izango, baina, partida 0-8 irabazten hasi ostean, zaila zirudien beste bederatzi tanto ez lortzea: alde batera eta bestera ibili du Iñaki Artola, errioxarraren horma bikoetara iritsi ezin. Lehen tanto horietan ezinean aritu ondoren, ordea, Artolak sekulako balentria egin du: suspertu egin da, eta, berak aitortu duen bezala, «modu epikoan» lortu du finalerdietarako sailkatzea. Zabala tanto baten faltan geratu da, eta gipuzkoarrak egin du aurrera.
«Ikaragarria izan da», aitortu du Artolak partida amaieran. Sufritutakoa ageri zuen bere aurpegiak garaipena ospatu duenean. Ezin kabitu zen bere barruan, eta pilotalekutik kalera ere atera behar izan du tentsioa askatzera. Ez zen gutxiagorako. 0-8 galtzen hasi ondoren, lortu du partida iraultzea, eta azkenean bi pilotariak sailkatzeko tanto baten faltan iritsi dira azken tantora. Sakea Zabalarena zen, eta zalantzak izan ditu pilotarekin. Ez du berehala ahaztuko gaurko trantzea. Sailkapena esku-eskura izan du partida hasieratik, baina, Artolak gora egin ahala, behera egin du berak, eta presiopean eta zalantzek baldintzatuta, ezin izan du borobildu hasierako lana.
Lehen tantoak bat bestearen atzetik joan dira errioxarraren markagailura. Miguel Muntion entrenatzaileak aitortu du horma bikoak egitekotan geratu direla, Artolari zabalera iristea gehiago kostatuko zitzaiolakoan. Asmatu dute. Alegiarrak aitortu du motel aritu dela, ezinean, Zabala asko ari zelako jokatzen. Lau tanto egin ditu bi paretak joz Zabalak. Sakez ere egin du partida hasieran tanto bat, eta Artolak bi huts ere egin ditu lehen zortzi tanto horietan. Hankapean ibili du Zabalak, eta, jokoan agintzeko aukera izan duenean ere, ez du asmatu pilotarekin. Zortzigarren tantoan txapapera bota du pilota, eta handikerietan erori gabe ere pentsatzekoa zen aise iritsiko zela Zabala finalerdietarako sailkatzeko behar zuen 17. tantora. Bederatzigarren tantoan, ordea, errioxarra izan da huts egin duena, horma bikoa ezkerparetatik behera joanda. Artolak sakea hartu duenean, partida aldatu da.
Hurrengo tantoan, partidako hamargarrenean, ikusi da lehen aldiz Iñaki Artola pilotarekin gozatzen ari zela. Atzera bota du, eta Zabalak ezin izan du eraman. Partidan garbi ikusi da pilota ezkerparetan sartzea zela gipuzkoarraren estrategia, eta emaitza ona eman dio. Hurrengo tantoan gozatu eta jokatu egin du Artolak: ezker gantxo batekin egin du 3-8koa. Urrun zuen finalerdietarako sailkatzea, baina garbi utzi du ez zegoela amore emateko. Partidak beste itxura bat hartu du. Tanto bana egin dute, eta hortik aurrera partida paretsu joango zela zirudien. Artolaren erakustaldia etorri da orduan, baina: Zabalari finalerdietan sartzeko zazpi tanto besterik ez zitzaizkiola falta jakinik, gehiago arriskatzen hasi da; hala, gora egin du gipuzkoarrak, eta sufritzen hasi da Zabala. Sakez egin ditu zortzigarren eta bederatzigarren tantoak Artolak, eta erabat aldatua zen partida ordurako. Ezkerparetatik pilotak ezin atera aritu da errioxarra, eta zalantzek txiki egin dute hasieran oso seguru agertu den pilotaria.
Lehen berdinketa ere, 10-10, ezkerrean lortu du Artolak, pilotakada txokora moztuz. 11.a, berriz, goitik etorri zaio ezkerrera Zabalari, eta ezin izan du eraman. Artolak partida bideratua zuela zirudien, baina emozio handiagoa jarri dio, 12. tantoa egiten saiatu eta txapa gainean utzi nahi izan duen pilota behera joan zaionean. Berriro aurretik jarrita eta sakea berreskuratuta, Zabalaren tanto hori erabakigarria izan zitekeen. Sakez egin ditu errioxarrak 13.a eta 14.a segidan, eta horiekin sailkapena esku-eskura izan du. Hiru tanto besterik ez zituen behar. 11-14koarekin Artolak hutsarte bat eskatu du. Beste bolada on bat behar zuen Alegiako pilotariak, eta hurrengo tantoan eskura jarri dio Zabalak, pilota harrotu eta ezkerparetatik gora bota duenean.
Partidaren ekimena berreskuratu du Artolak, eta beste tanto bat egin du pilota Zabalari buruz gain pasatuta. Presioaren eragina nabarmentzen hasi zaio errioxarrari. Artolaren botileroak esan dio jarraitzeko aurkaria ezkerparetan zigortzen, lehen tanto erreskadan egin duen bezala. Zabalera joan zaio pilota, ordea, hurrengo tantoan, eta, Zabalaren 15. tantoarekin, finalerdietara pasatzeko Artolaren aukera bakarra epikarena zen. Gipuzkoarrak, ordea, asmatu du hurrengo jokaldian zabalean, eta 15-15eko berdinketa lortu du ezkerparetan. Artolaren epika Zabalaren tragedia zen.
Hamabosna tantorekin, partida azken txanpa erabakigarrian sartu da. Huts bakarra egin zezakeen Artolak, aurkaria 17. tantora iritsi ez zedin. Presioa, baina, handiagoa zuen Zabalak, partida nola hasi den ikusita eta finalerdiak hain gertu izanik. Sakez egin du hurrengoa Artolak, eta aurretik jarri da: 16-15. Presio horren adibide izan da gipuzkoarraren 17. tantoa: dena zuen alde Zabalak bigarren koadroan dejada bat egin eta sailkatzeko behar zuen azken aurreko tantoa egiteko, baina behera bota du. Artola, berriz, konfiantzaz gainezka agertu da, eta 18. tantoa gantxoz zabalera moztuz egin du.
Beldurrik gabe jokatzeko esan dio botileroak Zabalari, baina gehiago zuen galtzeko irabazteko baino, eta lotuta aritu da. 0-8 irabaziz hasi da, baina partida hasierako joko alaiaren arrastorik ez zen, eta oso garesti zituen sailkatzeko behar zituen azken tantoak. Artola, berriz, lotsagabe eta bikain aritu da partida amaieran, eta sei tanto egin ditu segidan; 20. tantoa txokoan utzi du, eta modu horretan finalerdietarako sailkatzeko bi tantoren faltan berdindu dira bi pilotariak: 15-20.
Artolak beste tanto bat egin du orduan sakez, gehien behar zuenean, ezkerparetan hori ere. Alegiarraren sakea izan da gaurko partidako gakoetako bat, horrekin egin dituen tantoez gain Zabalak eraman dituenean ere asko sufritu duelako, eta zenbaitzuetan hurrengo pilotakada nola jo nahi zuen Artolaren gogoaren baitan utziz. Emozio handiko partida izan da Artolaren eta Zabalaren artekoa, baina ez zen aski, antza. Hurrengo tantoan boleaz bi pareta egin du Zabalak, eta 16. tantora iritsi da. Tanto baten faltan geratu dira bi pilotariak. Sakea urdin zen. Atera du errioxarrak, asko arriskatuz sartu da Artola pilotaren bila, eta azkenean ezkerparetara botaz egin du gipuzkoarrak 22. tantoa, Zabalak ezin eramanda.