Arturo Ruizek gaur agurtu ditu Realeko kideak, eta sareetan idatzitako mezu bat baliatu du horretarako. Ruizek utzi egin dio talde txuri-urdina entrenatzeari. Teknikari espainiarrak Realarekin zeukan kontratua bertan behera uzteko etete klausula ordaindu du, eta Brighton Ingalaterrako taldea zuzenduko du hemendik aurrera.
Realeko entrenatzaile ohiak azaldu duenez, beste «kirol erronka profesional» bati ekingo dio. «Oso zoriontsu noa eraiki eta lortu dugun guztiagatik. Kluba eta taldea eskutik joan gara, eta, horri esker, Reala hazi egin da. Horretarako etorri nintzen».
Ruizek ezustean utzi du taldea, sasoia hasi berritan, eta taldeak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joanekoa jokatu ondorengo egunean. Horregatik, aitortu du gustatuko litzaiokeela «beste modu batean» agurtu izana, baina «egoerak» ez diola hori egiteko aukerarik eman.
Ruizek eskerrak eman dizkie klubeko jokalari eta kide guztiei, «oso ondo» tratatu baitute. «Zerbait ikaragarria bizi izan dugu denok, elkarrekin, eta horrek gugan arrastoa utziko du». Gaztelaniaz idatzi du hori guztia. Azken mezua, baina, euskaraz idatzi du: «Eskerrik asko taldeari. Eskerrik asko Realari. Onena opa dizuet etorkizunean. Pausoz pauso, bidea egiten».
Realak bihar jokatuko du Espainiako Ligako lehen partida, Zubietan, Logroñoren aurka (12:00, DAZN). Ikusteko dago jokalariak zein aldarterekin ariko diren.
Eibarrek ere bihar ekingo dio ligari, Ipuruan, Espanyolen aurka (17:00, RTVE Play eta DAZN).