Athletic 2-1 Betis

Athletic berpiztu du Valverderen agurrak

Zuri-gorriek 2-1 irabazi diote Betisi. Lehen zatian hartu dute aurrea, eta bigarrenean berdinketa gertu izan du Sevillako taldeak.

Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 22a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi amaierari ilusioz heldu nahi dio Athleticek. Ernesto Valverde prestatzaileak asteon iragarri du datorren denboraldian ez duela taldea entrenatzen segituko, eta, itxuraz, albistea pizgarri izan da jokalarientzat, gaur 2-1 irabazi baitiote Betisi, bosgarren sailkatuari. Zuri-gorriak bederatzigarren dira sailkapenean, eta Europako lehiaketetara sailkatzeko aukerak dituzte oraindik. Valverdek berak esan zuen atzo: «Denboraldi txarra daramagu, baina garaiz gaude gauzak konpontzeko».

Athletic ondo zelairatu da, eta lehen minutuetatik estutu du Betis. Gola sartzeko abaguneak izan dituzte Laportek, Iñaki Williamsek, Sancetek eta Yurik, eta, azkenean, heldu da saria: Vivianek 25. minutuan egin du lehen gola, eta Sancetek atsedenaldia heltzear zela bigarrena. Iñaki Williams izan da bi goletan pasea eman duena. Betis ez zebilen fin, eta bikain baliatu du hori etxeko taldeak.

Atsedenaldian hiru aldaketa egin ditu Pellegrinik, eta Espainiako taldeak beste itxura bat eman du bigarren zatian. Unai Simon sendo ibili da Betiseko jokalariek egin dituzten hamaika erdiraketetan, eta Abderi geldiketa ikusgarri bat ere egin dio 70. minutuan.

Sancet, pozarren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sancet, pozarren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ezin izan du ezer egin, ordea, Fornalsek bost minutu geroago jaurti duen falta ikusgarrian. Partidan sartu da Betis, eta ustekabekoa bikoitza izan da ia, bi minutu geroago baloia sarera bidali baitu Bakambuk. Partida kontrolpean izatetik, bi minututan, berdinketara. Epaileak, zorionez, baliogabetu egin du jokaldia, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako.

Azken minutuetan sufritzea egokitu zaitu Athletici, baina lortu du Betisi ateak itxi eta hiru puntuak poltsikoratzea. Behar zuen albiste on bat San Mamesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!