Kontu jakina zen Oscar de Marcosek hutsune handia utziko zuela Athleticen. Kapitaina izaki, klubaren balioak azaltzeko ordezkari ezin aproposagoa zelako, batetik; eta zelai barruan asko ematen ziolako taldearen jokoari, bestetik. Pentsaezina zen, ordea, hainbeste igarriko zuenik haren falta Ernesto Valverdek. Izan ere, defentsako eskuin hegala buruhauste bilakatua zaio zuri-gorrien entrenatzaileari. Besteak beste, De Marcosen tokia betetzeko Athleticek Jesus Areso fitxatu zuen udaran Osasunatik, hamabi milioi euro ordainduta, baina oraingoz ez da espero bezala aritu nafarra. Andoni Gorosabelek eta Iñigo Lekuek ere dezente jokatu dute eskuin hegal horretan, baina inork ez du lortu Valverde guztiz konbentzitzerik. Ondorioz, urrutira jo gabe, Realaren aurkako Kopako finalerdian Dani Vivianek jokatu zuen postu horretan. Aldaketa esanguratsua izan zen, eta Valverdek berak aitortu zuen eskuin hegaleko jokalariek badutela ordua pauso bat aurrera emateko.
Aresok iragan sasoian Osasunan egindako lana ikusirik, itxaropen handiak zituzten jarriak harengan klubeko arduradunek, baina egokitzea asko kostatzen ari zaio nafarrari. Hori bai, eskuin hegaleko jokalarien artean, orain arte hark jokatu du gehien: 1.805 minutuz, guztira. Gorosabel dago bigarren postuan, 1.374 minutuz jokatuta. Ondoren dator Lekue: 1.064 minuturekin. Begien bistakoa da hiru jokalari horien artean banatu duela denbora, baina ez da hain seinale ona, adierazten baitu inor ez dela egin postuaren jabe. Inor ez dela egonkortu hasierako hamaikakoan, alegia. Bada datu nabarmen bat: hiruretako inork ez ditu bost partida jarraian jokatu denboraldi honetan. Eta ez da lesioen erruz izan, Valverderen erabakien ondorioz baizik.
Kritika dezente entzun behar izan du Aresok zaleen partetik. Joan den denboraldian Alvaro Djalo fitxatu zuen Athleticek hamabost milioi euroren truke, eta gaizki atera zen apustua. Bada, askok fitxaketa harekin konparatu dute Aresorena. Klubak hamabi milioi euro ordaindu izana oso presente dago. Nafarrak ongi ekin zion sasoiari, eta lehen lau jardunaldietan hasierako hamaikakoan izan zen. Berehala galdu zuen entrenatzailearen konfiantza. Osasunan ohituta zegoen defentsako lerroan bost jokalarirekin jokatzera, eta Athleticen eskema aldaketara ohitzea kosta egin zitzaion. Gainera, Iñaki Williamsekin ez zuen harmonia ona erakutsi eskuin hegal horretan. Biek zeukaten ohitura espaziora lasterka egiteko, eta ez zuten bikote fidagarria osatu.
Sasoiko lehen lau partidak igaro zirenetik, hamaikakoetan sartu eta atera dabil Areso. 20. jardunalditik 22.era hiru partida jarraian jokatu zituen hasieratik, baina salbuespena izan zen. Guztira 22 partidatan parte hartu du orain arte ligan: hamahirutan hasieratik eta bederatzi aldiz aulkitik aterata. Hori bai, Txapeldunen Ligako hainbat partidatarako ez zuen berarekin kontatu Valverdek. Defentsan zailtasunak erakutsi ditu aurkariek bizkarrera lasterka egiten diotenean, eta erasoan ere ez du iragan sasoiko distirarik erakutsi. Kontuak kontu, klubak oraindik ere konfiantza du jokalariarengan. Lehen denboraldiak ez dira errazak izaten talde berri batean, eta nafarrak erakutsia du goi mailako futbolaria dela.
Aresok ez ezik, Gorosabelek ere ez du lortu Valverderen konfiantza eskuratzerik. Hamalau partida jokatu ditu ligan gipuzkoarrak, zortzi hasieratik eta sei aulkitik aterata. Ez da kopuru handia, baina zenbait partida garrantzitsutan parte hartzea tokatu zaio. Esate batera, azken jardunaldian lan bikaina egin zuen Bartzelonaren kontra, eta Valverdek zoriondu egin zuen prentsaurrekoan. Hala egokitzen zaionean konplitzen duen jokalari horietakoa da Gorosabel, baina badirudi ez duela guztiz betetzen entrenatzailearen nahia. Gauza bera esan daiteke Lekueri buruz. Jokalari lehiakorra da, saiatua, baina badirudi zerbait gehiago behar dela Athleticen hasieratik aritzeko.
Hugo Rincon, distiratsu
Athleticek eskuin hegaleko beste jokalari bat badu, Gironan utzita ari dena: Hugo Rincon. Joan den denboraldian Mirandesen jardun zuen, Bigarren Mailan. Lan bikaina egin zuen, baina, Lehen Mailara egokitzeko, Gironara utzita bidaltzea erabaki zuten arduradunek. Kosta egin zitzaion denboraldia txukun abiatzea, baina azken boladan distiratsu dihardu nafarrak. Guztira 1.600 minutuz jokatu du, eta ezinbesteko pieza da Michel entrenatzailearentzat. Fisikoki jokalari ahaltsua da, kalitatea badu, eta, ondo bidean, datorren sasoian Lezaman izango da.
Hortaz, guztientzat tokirik ez du izango Athleticek. Lekueri ekainean amaituko zaio kontratua, eta publikoki aitortu badu ere pozik jarraituko lukeela Bilbon, ez dauka ezer bermatuta. Gorosabelek ere ez dauka postua ziurtatuta. Zuzendaritzak ez ezik, entrenatzaileak ere izango du azken hitza gai honetan. Nola ez, ikusi beharko da nor izango den Athleticeko entrenatzailea.
Garaipenaren bidera itzuli nahi du Athleticek
Zuri-gorriak ez dira nahi bezala ari denboraldi honetan, baina ondo bukatu dezakete sasoia, Europarako sailkatuta. Helburu hori lortzeko, 11 partida geratzen zaizkie, eta komeni zaie garaipenaren bidera itzultzea. Gaur izango dute aukera, Gironaren zelaian (14:00). Min hartuta daude Nico Williams, Unai Gomez eta Paredes, eta Regok ere ezingo du jokatu, txartelak pilatu zaizkiolako.
Ernesto Valverde entrenatzaileak atzo esan zuenez, garrantzitsua da Gironaren aurkako partida: «Urrats bat aurrera egiteko aukera dugu. Partida irabaztea funtsezkoa izan daiteke guretzat».