Futbola

Athleticek onenekin batera jarraitu nahi du

Athleticek Txapeldunen Ligan segitzea izango du jokoan, gaur, Sporting Portugalen kontra, San Mamesen. Jauregizar, Iñaki eta Nico Williams, Vivian eta Laporte ez daude jokatzeko moduan.

Gorka Guruzeta, Atalantaren aurka banakoa sartzear. MICHELE MARAVIGLIA / EFE
Gorka Guruzeta, Atalantaren aurka banakoa sartzear. MICHELE MARAVIGLIA / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oroimenean iltzatuta izango dute Athleticeko jarraitzaile gehienek 2012ko apirilaren 26ko iluntze hura. Ez da harritzekoa, San Mames zaharrak bizitako azken gau magikoa izan baitzen. Luzaroan gogoratzeko moduko horietakoa. Okasioak hala eskatzen zuelako, zuri-gorriz jantzi ziren Bilbo eta inguruak, eta festa giroa ordu txikiak arte luzatu zen. Europa ligako finalerdien itzulikoa jokatu zuten Athleticek eta Sporting Portugalek, eta finalerako sailkapena lortu zuten bilbotarrek, Marcelo Bielsaren gidaritzapean. Joaneko partidan 2-1 galdu ondoren, kanporaketa irauli beharra zuen Athleticek, eta ikuskizuna eskaini zuen. Markel Susaetak egin zuen 1-0koa 17. minutuan, baina Ricky van Wolfswinkelen golak maldan gora ipini zuen finalerdia. Atsedenaldiaren atarian, Ibai Gomezek sartu zuen 2-1ekoa, eta kanporaketa berdindu zuen hala. Guztia luzapenean erabakiko zela zirudienean, Fernando Llorentek 3-1ekoa egin zuen, eta orduan lehertu zen festa.

Bada, gau haren parekoa berriro bizitzea ederki kostako da, baina, hamalau urteren ondoren, berriro elkar ikusiko dute Athleticek eta Sporting Portugalek; kasu honetan, San Mames berrian. Txapeldunen Ligako lehen fase luzeko azken jardunaldian neurtuko dituzte indarrak, gaur (21:00, Movistar), eta asko izango dute jokoan. Batez ere, zuri-gorriek. Sailkapenean zortzi puntu dituzte, eta kanporaketan izateko ia ezinbestekoa dute garaipena lortzea. Berdinketa bat ere aski izan daiteke, baina beste emaitza askoren zain egon beharko lukete kasu horretan. Hortaz, kale edo baleko lehia dute Valverderenek. Sporting Portugalek, bere aldetik, hamahiru puntu ditu sailkapenean, eta irabazteak zera ekarriko lioke: lehen zortzi postuetan sartzea eta zuzenean final-zortzirenetarako sailkatzea. Hortaz, bi taldeentzat izango da lehia garrantzitsua.

Aurkariari begiratu gabe, bere buruarekin nahiko lan badu aspaldian Athleticek. Emaitza eta joko krisian murgilduta dago, eta esanahi handiko neurketa izango da gaurkoa. Giroa gaizto dago Bilbon, batez ere mingarria izan zelako pasa den larunbatean Sevillan galtzea (2-1). Alarma gorri guztiak piztu zituen porrotak. Hortaz, Txapeldunen Ligatik kanpo geratzeak giroa are gehiago gaiztotzea ekarriko luke. Dena den, Espainiako Liga da jaten ematen duena, eta zuri-gorrien gainbehera etengabea izaten ari da. Jokoan izandako azken hamabost puntuetatik bakarra bildu dute. Lehen hiru jardunaldiak kontuan hartu gabe, Athletic da ligako talderik eskasena, Oviedorekin batera. Izan ere, jaitsiera postuetatik soilik hiru puntu gainetik dago Valverderen taldea.

Emaitzak ez ezik, jokoa ere oso kezkagarria izaten ari da. Bazirudien pasa den astean Atalantari 2-3 irabaztea mugarria izan zitekeela, baina ez. Sendotasun eta nortasunik gabeko taldea da Athletic gaur-gaurkoz. Arazoak ditu erasoan, golak egitea asko kostatzen baitzaio. Hori aski ez, eta okerragoa izaten ari da defentsako lerroaren lana: erraztasun handiz sartzen dizkiete golak. Jokalari garrantzitsuenak euren mailatik oso urrun daude, eta gaurko partidarako ere hutsune esanguratsuak izango ditu Valverdek. Min hartuta daude Iñaki eta Nico Williams, Dani Vivian eta Aymeric Laporte, eta ez dira ageri deialdian. Ezta Mikel Jauregizar ere, txartel pilaketak tarteko. Hura da orain arte minutu gehien jokatu duen jokalaria. Halabeharrez, daukanarekin egin beharko dio aurre Athleticek Sporting Portugali.

Batasunaren aldeko mezua

Klubean denak dira jakitun urak harrotzen hasiak direla, eta Iñaki Williamsek batasunaren aldeko mezua zabaldu zuen herenegun sare sozialen bidez. Jokalariak eta jarraitzaileak, biak eskutik helduta aurrera egiteko garaia dela gogorarazi zuen. Ildo beretik mintzatu zen atzo Valverde, prentsaurrekoan. Lasaitasuna eta konfiantza helarazi nahi izan zituen. «Badakigu ligan ez gaudela esperotako egoera batean, baina uste dut aurkariek ezer gutxi eginda irabazten digutela. Lanean jarraitu behar dugu, eta etorriko dira garai hobeak». Kritikak ez zaizkio falta entrenatzaileari, baina ohituta dago. «Titulu bat altxatzen duzunean bi milioi lagun zure alde daude, baina emaitzak lagun ez direnean kontra jartzen dira bi milioi lagun horiek. Ni lasai nago, konfiantza dut jokalariengan, eta ziur nago zulotik aterako garela».

Dena den, liga alde batera utzi eta Txapeldunen Ligako ilusioari heldu nahi dio Valverdek. «Uste dut sekulako lehiaketa egiten ari garela. Duela hiru hilabete sinatuko genukeen gauden tokian egoteko, eta orain gure zeregina da hurrengo fasera sailkatzea». Izenez baino, izanaz aurkari oso gogorra da Sporting Portugal, Valverderen hitzetan. «Gu ere etxean indartsuak gara, eta erritmo bizian jokatzea izango da gakoa. Presioan zorrotz eta azkar ibili beharko dugu». Portugaldarrak PSGri irabaztetik datoz, eta San Mamesen biribildu nahi dituzte lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.