«Ez dago atzera begira geratzerik, eta gehiagoren bila joango naiz»

Jokin Altunak laugarrenez irabazi du Buruz Buruko Txapelketa; guztira bederatzi txapel ditu, baina ez du konformatzeko asmorik. Inoiz jokatu duen finalik «gogorrenetakoa» izan dela ziurtatu du.

Jokin Altuna buruz buruzko txapelduna gaur, Amezketako plazan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jokin Altuna buruz buruzko txapelduna gaur, Amezketako plazan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
Amezketa
2025eko ekainaren 2a
16:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Haur eskolako leihoan daude zenbait ume, zain. Badakite nor den agertzekoa herriko plazan. «Aupa, Jokin!», egin dute oihu. Eta eskerrak eman dizkie Jokin Altunak. Amezketa (Gipuzkoa) ohitzen ari da Altuna III.aren garaipenetara. Laugarrenez irabazi zuen atzo Buruz Buruko Txapelketa, Iñaki Artola 22 eta 19 garaituta. Lau eta erdiko beste lau txapel ere baditu, eta binakako bat. 29 urte ditu, jadanik hamasei final jokatu ditu, eta horietatik bederatzi irabazi. «Motibazio moduan, ez diot txapel kopuruari erreparatu nahi; egunerokoan arreta jarriko dut aurrerantzean ere, horrek ekartzen baititu emaitzak».

Bi urtean jarraian irabazi du buruz burukoa, eta gorriz jokatuko ditu partida guztiak beste urtebetez. Atzo arte, Aimar Olaizola zen lorpen hori erdietsi zuen azken pilotaria —2012an eta 2013an irabazi zuen hark—. Altuna III.ak ez du asmorik etxean dituen txapelei begira geratzeko: «Bi segidan marka handia da, baina zergatik ez? Hirugarrena lortzea amestuko dugu». Ez du «gose» faltarik; «inola ere ez»: «Ez dago atzera begira geratzerik, eta gehiagoren bila joango naiz». Jakitun dago noizbait «behera egiten» hasiko dela, baina gaur-gaurkoz «oso-oso ondo» dabil, eta abagunea probesten saiatuko da. Halere, «deskonektatzeko» eta «indarrak hartzeko» beharra du orain.

Atzo omenaldi «oso polita» egin zioten herritarrek, baina ospakizuna luze joan zen, eta nekatuta dago oraindik. Maleta hartuta iritsi da Amezketako kultur etxean kazetariekin zuen hitzordura. Jarraian, oporretara doa, eta uste du orduan hasiko dela egindakoa «asimilatzen». Ez du, ordea, tarte handirik izango. Hurrengo asteartean partida jokatuko du Bergarako jaietan (Gipuzkoa).

Atzokoa jokatu duen finalik «gogorrenetakoa» izan zela ziurtatu du Altunak, eta partidan hiru zati egon zirela nabarmendu: «Partida asko daude partida beraren barruan. Hasiera nire aldekoa izan zen. Tentsio handia zegoen». Eta alde handia lortu zuen: 10-3. Orduan hasi zen Artola emaitzari buelta ematen: «Huts batean tanto egin zuen, eta sakea berreskuratu. Hortik aurrera, defentsara igaro nintzen. Iñaki izan zen nagusi partidaren erdialdetik aurrera. Nire meritu handiena zera izan zen, beti eutsi niola bi edo hiru tantoren aldeari». 15-19 hartu zuen aurrea Artolak. 

Altunak, ordea, ez zuen inoiz partida galdutzat eman: «Zaila bai, baina galdua ez». Bazekin agintzen hasi behar zuela: «Sakea berreskuratzea nuen buruan. Banekien markagailuari buelta ematekotan hori egin beharko nuela». Eta hala izan zen: «Ordura arte, tanto askotan nik aukerarik izan ez nuen moduan, bukaeran ez nion aukerarik utzi».

Bederatzigarrena badu ere, atzoko txapelak «kristoren ilusioa» egin ziola azaldu du Altuna III.ak. Familiakoei eta egunero alboan dituenei eskaini nahi izan die txapela, eta gogoan izan du Joseba Larreta Latu, «bidelagun aparta». Altunaren jarraitzailea duela bi aste zendu zen, amezketarrak Unai Lasoren aurkako finalerdia irabazi eta hurrengo egunean: «Egunero laguntzen ninduen, alde guztietara».

Artolari «iritsiko zaio»

Amezketako herri sarreran Latu-ren omenez jarri duten pankartaren albotik Txindoki mendiaren ertza ikusten da laino artean. Zerua itxiago dago handik bost kilometrora, Alegian (Gipuzkoa). Eguraldia bezala, giroa ere tristeagoa da Alegiako kalean Amezketakoan baino. Balkoietan kartelak zintzilik daude oraindik, letra beltz lodiz Aupa, Artola! idatzita. Haizeak buelta eman dio udaletxean jarritako pankartari, (...)ñaki, (...)rekin irakur daiteke. Baina ez da zaila antzematea zer dagoen bertan idatzia. Iñakirekin dago herria. «Ilusioa» aipatu du kafetegian ebakia eskatu duen bezero batek: «Galtzen joan izan balitz, bueno... baina 19. tantora aurretik iritsi zen-eta». Belarria asko zorroztu gabe ere jakina da mahai guztietako mintzagaia zein den: «Ondo pasatu genuen, baina txapela falta izan zitzaigun»; «oraindik, gainera, gaztea duk Amezketakoa».

Bi urte gazteagoa da amezketarra alegiarra baino. Artolak Altunaren aurka irabazi zuen bien debuteko urtean promozio mailako lau eta erdiko txapela, baina lehen mailan ez du lortu hiru txapelketa nagusietako bat bera ere irabazterik. Inoiz baino hurbilago izan du aurten: 22-20 galdu zuen binakako txapelketa, martxoan. Eta 19 tantoan geratu zen atzo. Halere, Altunak uste du Artolari ere iritsiko zaiola: «Irabaziko du horrenbeste merezi duen txapel hori. Badaki bidea, eta lortuko du». Ez dute ilusioa galdu Alegian. Galdu ala irabazi, gure txapeldun dio eskolan zintzilikatutako afixak. Eta eskolako atarian kantuan ari dira ikasleak: «loroloro loro Iñaki Artola, loroloro loro Iñaki Artola».

Aurkariaren jokoa goraipatu du txapeldunak, eta zaleen jarrera ere bai: «Jarraitzaileak, pilotalekuan zegoen giroa... hamarrekoa izan zen. Bestelakoak ere askotan ikusi ditugu, eta hori kritikatu behar dela uste dut. Batzuetan isiltzea hobea dela pentsatzen dugu; nire ustez, ez. Frontoian giro ona ez dagoenean, esan egin behar da. Atzokoa, aldiz, egundoko erakustaldia izan zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.