Jokin Altuna txapeldun, final gogoangarri batean

Altuna III.ak indar erakustaldia egin du 15-19 galtzen ari zela, eta jarraian egin ditu azken zazpi tantoak. Soilik 29 urte ditu, eta jada laugarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela.

Altuna pilota ateratzen, Artola atzean begira duela. MIGUEL TOÑA / EFE
Altuna pilota ateratzen, Artola atzean begira duela. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko ekainaren 1a
20:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikaragarria egin du Jokin Altunak. Beste behin. Gaizki ohituta dauzka pilotazaleak, eta ia ezinezkoa zirudiena erdietsi du gaur ere, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehen zatian 10-3 aurreratu den arren, gorriak eta bi ikusi behar izan ditu hortik aurrera, Iñaki Artolaren hankapean ibili behar izan baitu tanto askotan. Artolak final handia jokatu du, eta eskura izan du txapela, batez ere 15-19 aurretik zela. Altuna III.ak, ordea, argi erakutsi du zergatik den txapelduna, eta nekez deskriba daiteke nola jokatu duen azken txanpan. Saskitik pilota biziago bat aterata, gorputz eta arima aritu da pilotakada bakoitzean, eta jarraian egin ditu azken zazpi tantoak: 22 eta 19. Finala gogoangarria izan da, eta, hura irabazita, izen handien pare jarri da Aspeko pilotaria; izan ere, lau txapel ditu jada, Aimar Olaizolaren, Ruben Belokiren eta Atano III.aren pare. Gainera, bigarren urtez jarraian irabazi du buruz burukoa, eta elastiko gorria jantzita kantxaratuko da beste urtebetez.

Altuna III.ak faborito garbi izanda abiatu du finala, eta horixe baieztatu da partida hasieran. Ez du alferrik galdu txapa bere aldera erori izana, eta, ohartzerako, aurrea hartu du markagailuan: 3-0, 7-2 eta 10-3. Amezketarrak asmatu egin du sakearekin, eta tantoa bukatzen ere fin aritu da. Esanguratsua izan da Artolak atsedena eskatu izana 3-0ekoan. Erabaki horrek ez du fruiturik izan. Aspekoak bere horretan jarraitu du, eta denetariko jokaldiak egin ditu: dejadaz, ezkerrez pilota zabalduta, eta atzean ere bai. Agerian geratu da partidak inork baino hobeki analizatzen dituela, eta ezin hobeki asmatzen duela zer egin aldi oro.

Artolak ahaleginak egin ditu aurkariari parean eusten, baina ez du lortu. 10-3kora bitarte egindako hiru tantoak modu berean egin ditu: lehenbizi luze jota eta ondoren ezker airez zabalduta. Baina ez du beste armarik kantxaratu. Altuna III.ak askoz egokiago jokatu du, eta horregatik lortu du zazpi tantoren aldea. Lehen zatian, sakean ere egon da aldea bi pilotarien artean. Artolak ez dio etekinik atera, eta aurkariak bai.

Faboritoa era horretan aurretik izaki, bazirudien finalak hausteko arriskua zuela, baina alegiarrak izugarrizko susperraldia izan du. Haren jokoak zur eta lur utzi du bat baino gehiago. Buruz burukoaren historian gehien erabili diren bi baliabideak kantxaratu ditu: luze jotzea eta bukatzea. Partidan sartuz joan da pixkanaka, eta, bere buruarengan konfiantza irabazi ahala, gora egin du. 10-4koa zorte apur batekin lortu du, baina hortik aurrerako tantoei bere sinadura jarri die. Perfekziotik hurbil aritu da Baikoko pilotaria. Oso luze ibili du pilota, eta Altuna III.a ezinean sumatu da defentsan. Dotorea izan da 10-8koa, Artolak erreboteraino jo baitu. Aspekoa aurkariaren bolada eteten saiatu da atsedena eskatuta, baina susperraldiak ez du etenik izan. Artola 12-10 aurretik iritsi da lehen atsedenaldi luzera.

Lehen atsedenaldi luzeak ez du aldatu gidoia, eta lehengo lepotik izan dute burua bi finalistek. Artolak taktikoki bikain jokatzen jarraitu du, eta ez zaio irabazteko beldurrik sartu gorputzean. Hori bai, hanka apur bat sartu orduko, ez dio barkatu Altuna III.ak, eta era horretan lortu du partidan bizirik eustea. Bigarren atsedenaldira bitarte, Baikokoa bizpahiru tantoren aldearekin ibili da aurretik: 15-12, 16-13 eta 18-15. Oso erasokor jokatu du, eta ez du pauso bakar bat ere eman atzeraka. Atsedenalditik bueltan ere Artolak egin du tantoa, eta hiru tantora soilik izan du txapela: 19-15.

Altunaren indar erakustaldia

Amezketarrak jota zirudien, eta jokoak ere horixe berresten zuen: Artola zen nagusi. Luze jo eta bukatu, jaun eta jabe zen joko horretan. Baina orduantxe azaldu da txapelduna. Saskitik pilota biziago bat atera, eta gorputz eta arima aritu da pilotakada bakoitzean. Nonbait, bazeukan indarra barruan, eta ordura arte aurkariak egindakoa egin du. Frontisa bikain baliatuta, oso urrun jarri du pilota, eta tantoa amaitzeko orduan ere ez du zalantzarik izan. 19na berdindu ez ezik, azken hiru tantoak ere berak egin ditu, eta gustura mintzatu da prentsaurrekoan. «Ikaragarria da lortu dudan guztia. Lau txapel ditut banaka, eta gehiago irabazten ez baditut ere konforme nago egindakoarekin. Iaz 22-5 irabazi nion Unai Lasori, eta aurtengo garaipenarekin gusturago nago, gehiago sufritu dut eta».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.