Urdaibaiko patroia

Asier Zurinaga: «Aukera ikaragarria da Urdaibaikoa; ez nuen espero»

Bost urtez lehiatu gabe egon ostean, Urdaibaiko patroi ari da Asier Zurinaga. Castron aritu zen 2001ean, eta gaur bertan ere han izango da. Lehia estua espero du.

Asier Zurinaga, Bilboko estropadako une batean. AITOR ARRIZABALAGA
Asier Zurinaga, Bilboko estropadako une batean. AITOR ARRIZABALAGA
2026ko uztailaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sei denboraldiz arraun luzeaz lehiatu gabe egon ostean, Urdaibain ari da sasoi honetan Asier Zurinaga (Sestao, Bizkaia, 1971). Madrilen jokatutako lehen estropadan hamar segundoko zigorra ezarri zioten taldeari, irteeran estatxari ez heltzearen ondorioz. Arantza, baina, aurreko asteburuan atera zuen, Bilbon estropada irabazita. Bigarren lekuan da Bermeoko ontzia, eta bide horretan jarraitu nahi dute. Gaur, Castron (Espainia) jokatuko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak (ETB1, 17:15). Zurinagak denboraldi bat egin zuen bertako taldean, eta herrian «maitatua» sentitzen dela esan du.

Bandera bat irabazi, eta bigarren postuan zaudete. Zer balorazio egiten duzue denboraldi hasieraren inguruan?

Balorazioa positiboa da. Denboraldia hasi aurretik, hainbat kidek ongi entrenatzen ari ginela aipatu genuen. Hala ere, zailena hori itsasoan islatzea da. Hori lortzen ari gara, eta pozik gaude. 

Zer izan zen zuentzat Bilbon bandera irabaztea?

Zenbaitentzat ezustekoa izan zen; guretzat, baina, ez; egiten dugun horretan sinetsi eta konfiantza baitaukagu. Orio sasoi hasiera bikaina egiten ari da, eta zaila da haiei irabaztea. Une hunkigarria izan zen Bilbokoa; izan ere, joan den denboraldian komeriak izan zituzten trainerua osatu eta lehiatzeko. Denboraldi honetan heldu garenontzat ere sekulakoa izan da. 

Madrilen hamar segundoko zigorra ezarri zioten taldeari, zuk estatxari ez heltzeagatik. Arantza ateratzea garrantzitsua izan zen, ezta?

Oso garrantzitsua izan zen. Urteak daramatzat arraunean, eta ez zitzaidan sekula estatxa hartzea ahaztu, baina denean izaten da lehen aldia. Zorionez, bere horretan geratu zen. Ziur aski, estatxari heldu izan banio, hurbilago ibiliko ginatekeen lehen postutik. Dena den, ez genuen denbora asko galdu. Azken hori funtsezkoa izan zen Bilboko estropadarako; izan ere, bigarren txandan aritu izan bagina, zailagoa izango zen irabaztea. 

«Urteak daramatzat arraunean, eta ez zitzaidan sekula estatxa hartzea ahaztu, baina denean egoten da lehen aldia»

Zein izan zen zuek garaipena lortzeko gakoa?

Ongi irten ginen, eta horrek, estropada aurrera joan ahala, lagundu egin zigun. Funtsezkoa izan zen. Gainera, erreferentzia onak izan genituen une oro, eta hori ere garrantzitsua izan zen. Horren ondorioz, palada gehiago eman genituen, eta amaieran bizi joan zen txalupa, eta palada onak jo genituen. Burua hotz edukitzea ere izan zen gakoa. Oraindik lan asko dugu aurretik, estropada gutxi jokatu baititugu, baina gora egingo dugu.

Nola sentitu zineten Madrilgo eta Zierbenako estropadetan?

Ondo sentitu gara. Helburua Bou Bizkaia itsasoan bizi joatea da. Ongi ibili ginen estropada horietan ere. Madrilen, nahi edo ez, estatxarekin gertatutakoaren zama bizkar gainean eraman genuen estropada osoan. Hala ere, ongi erreakzionatu genuen egoera horretan, eta estropada ona egin genuen. Talde barruan atera ditugun ondorioak positiboak izan dira.

Nola ikusten duzu taldea?

Gauzak ongi egiten ari gara. Oso ondo gabiltza entrenamenduetan. Aritu naizen gainontzeko taldeetatik ez dut halakorik gogoan; izan ere, beti izaten duzu egun oker bat gaizki hasi eta zuzentzen ez dena. Ontzia azkar doa behintzat.

«Oso lan ona egiten ari gara entrenamendu guztietan. Aritu naizen gainontzeko taldeetatik ez dut halakorik gogoan»

Ibilbide luzea daramazu arraunean. Nola heldu diozu Urdaibaiko patroi izateko erronkari?

Aukera ikaragarria da Urdaibaikoa; ez nuen espero. Bost denboralditan ez naiz lehiatu; soilik trainerilletako bi estropadetan aritu naiz, taldeari laguntzeko. Aukera ahalik eta gehien baliatu nahi dut. Taldekideekin gozatzen ari naiz, eta irribarretsu nago. Ez da erraza niretzat irribarretsu egotea, gehiegi eskatu izan baitiot beti neure buruari.

Gaurko estropada Castron jokatuko duzue. Zu bertako ontzian aritutakoa zara. Zein oroitzapen dituzu?

Urte asko igaro dira geroztik, baina oroitzapen onak dauzkat. 2001. urtean aritu nintzen bertan, eta orduko Euskal Liga irabazi genuen. Talde bikaina osatzeaz gain, estropada asko irabazi genituen. Hurrengo urtean, baina, arrazoi pertsonalen ondorioz, taldea uztea erabaki nuen. Orain KAE2 ligan badaude ere, zaleek gutxi behar dute pizteko. Gustatzen zait bertara joatea; hango jendeak maite nauela sentitzen dut.

Zer eman zizun Castrok?

Arrauna uzteko zorian egon nintzenean, jarraitzeko aukera eman zidaten. Orduan, Iker Gimeno eta Cristian Garma ziren patroi, eta, haiek baino esperientzia handiagoa nuenez, bertara joan nintzen. Gogoan dut estropadak bata bestearen atzetik irabazten genituenean udaletxe plaza jendez beteta egoten zela, eta era berean anbulantzien sirenak, autobusen klaxonak... denak entzuten ziren, eta ederra zen. 

Nola deskribatuko zenuke gaur lehiatuko zareten estropada eremua?

Irteera on bat egiteko eremu bikaina da. Ondoren itsas zabala dago, eta ez dago babesteko lekurik. Traineruaren esentzia itsas zabalean ikusten da, hor egin behar baita arraun. Arraunlariei aipatu nien sei traineru estropada irabazteko lehian egon daitezkeela. Berdintasuna egongo da, eta ohorezko zein bigarren txandako edozein talde estropadaren borrokan ibil daiteke. Edozein txikikeria gertatu daiteke, eta horrek estropada baldintzatu. Beraz, talde guztiek erne ibili beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA