Espainiako Saskibaloi Kopa

Aukeretan sinetsi, eta amets egin

Gaur abiatuko da Espainiako Kopa, Huelvan. Zortzi talde lehiatuko dira garaikurra eskuratzeko, tartean IDK eta Gernika. Gipuzkoarrek gaur bertan egingo dute debuta, eta bizkaitarrek, berriz, bihar.

Becky Massey (IDK) eta Roso Buch (Gernika). GORKA RUBIO / FOKU / GERNIKA
Becky Massey (IDK) eta Roso Buch (Gernika). GORKA RUBIO / FOKU / GERNIKA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 21a
05:05
Entzun

Duela ia hiru hilabete lortu zuten IDK-k eta Gernikak Espainiako Koparako sailkatzea. Lortutako sariaz gozatzeko garaia dute orain. Gaur abiatuko da Kopa, Huelvan. IDK-k jokatuko du final-laurdenetako lehen partida, gaur bertan, Valentziaren aurka (18:00, Teledeporte). Bihar izango da Gernikaren txanda, Avenidaren aurka (18:00, Teledeporte). 

Becky Massey, IDK-ko jokalaria

«Posible da, noski! Anbiziorik ez badaukazu, ez zaitez joan Kopara»

Bigarren aldiz jokatuko du Espainiako Kopan Becky Masseyk, IDK-ko hegal-pibotak. Belgikarrak gutxi jokatu zuen iaz, Estudiantesekin, eta gogotsu dago donostiarrekin lehiatzeko: «Kopa ekitaldi berezia da. Izugarri gustatzen zait Espainiako Kopa nola bizi duten zaleek, eta hori kantxatik ikustea bikaina da. Giroa izugarria izaten da». Gironaren aurka galdu ostean iritsiko dira gipuzkoarrak Huelvara, baina taldea «sendo eta bolada onean» dagoela uste du belgikarrak: «Ondo gaude. Partida zail asko izan ditugu azken hilabetean, baina galdu ala irabazi, ikasteko balio izan digu: gauza txarrak eta onak gurekin eraman, eta ikasitakoak Valentziaren aurka lehiatzeko erabili behar ditugu».

Valentzia talde handia da, iazko ligako txapelduna. Zaila dirudi taronjak lehen kanporaketan kaleratzea, baina IDKren aukeretan sinetsita dago Massey: «Posible da Valentziari irabaztea noski! Anbiziorik ez badaukazu, ez zaitez joan Kopara; ez egin maletarik eta etxean gelditu». Irabazteko, baina, lan handia egin beharko du IDK-k. Masseyk argi dauka zer plan beharko duten horretarako; gakoa defentsan egongo delakoan dago: «Energia handiarekin aritu behar dugu, defentsan gelditzen baditugu aukera izango baitugu korrika egiteko. Aukera gehiago izango ditugu talde moduan oldarkor jokatzen badugu».

Ligan jipoia hartu zuten Valentzian jokatutako neurketan. Gascan ere galdu egin zuten donostiarrek, baina azkenera arte eutsi zioten Valentziari, eta neurketa hori erreferentziatzat hartuta joango dira Azu Muguruzarenak Huelvara: «Oso talde luzea da Valentzia, eta jokalari oso onak ditu. Haiek deseroso jokatu dezaten ahalegindu behar dugu; horrela, aukerak izango ditugu finalerdietan sartzeko».

Alor pertsonalean, behetik gorako sasoia egin du orain arte Belgikakoak. Lehen partidetan kosta egin zitzaion talde berriari neurria hartzen. Orain, berriz, asko jokatzen du, eta prestatzaileak konfiantza erakutsi du harengan. «Gehiago jokatzen dut orain, baina uste dut Azuk beti sinetsi duela nigan, eta asko estimatzen dut hori. Dena ematen saiatu naiz beti, aldi oro nigandik behar zuen hori eskaintzen taldeari». 24 urte bete ditu gaur Masseyk, eta irabaztea litzateke oparirik ederrena.

Roso Buch, Gernikako jokalaria

«Azken laurdenera iristean aukerak baldin baditugu, presioa sumatuko dute»

Roso Buch beteranoa da Espainiako Kopan. Hainbat aldiz parte hartu du, eta azken lau aldietan gernikarrekin aritu da. Askotan jokatu duen arren, Kopara joaten den bakoitzean «haur baten ilusioarekin» iristen dela aitortu du: «Espainiako Kopa urtean behin egiten da, eta ez da beti jokatzeko aukera izaten».

Berezia izango da Kopa Mataroko jokalariarentzat. Udan kontratua berritu zuenetik, taldeko kapitainetako bat da, Itziar Ariztimuñorekin batera. Haiei dagokie talde berrituari Kopa zer den erakustea: «Taldekide askok ez dute Espainiako Kopa inoiz jokatu. Horregatik, kontzientzia hartu dezaten eta lehiaketaren garrantzia transmititzen saiatu naiz, Itziarrekin batera. Finean, ilusioa kutsatzen. Hala ere, ez dut uste taldean daukadan rola askorik aldatu denik».

Lucas Fernandezen taldea ez dago bolada gozoan. Asko aldatu da lehiaketa hasi zenetik. Jokatu dituen azken hamabost partidetatik bost irabazi ditu soilik, eta hiru hilabete daramatza bi neurketa jarraian irabazi gabe. Dena den, Buchek ez dio askorik erreparatu nahi izan iraganari: «Berdin dio Kopara zer moduz iristen zaren, txapelketa berezia da. Baina presioa Avenidak dauka. Gu lehiatzera goaz, gure nortasuna erakustera. Partida bakarrera jokatuta eta pista neutral batean edozer gerta liteke. Beldurrik gabe atera behar dugu, Avenidari aurrez aurre begiratzera».

Kataluniako hegalekoak ere defentsan jarri du arreta, final-laurdenei buruz galdetuta. «Gernika ondo moldatu den bakoitzean, defentsan ondo aritu gara. Haiek talentu handiko jokalariak dituzte, eta, kontzentratuta irteten ez bagara, edozein huts baliatuko dute. Azken laurdenera iristean aukerak baldin baditugu, presioa sumatuko dute».

Sasoiko aldi garrantzitsuenean dago Gernika: Kopa jokatzeko pronto, eta ligako kanporaketetarako sailkatzeko lehia betean. Bietan egotea da urteroko klubaren helburua, baina lehia horretan egoteak meritu «ukaezina» daukala dio Buchek: «Klubak urte asko daramatza Koparako eta kanporaketetarako sailkatzen. Albiste zoragarria da geroz eta talde handiagoak ikustea gure ligan. Diru gehiago daukatenak eta emakumezkoen saskibaloiaren alde egiten dutenak. Horiekin lehiatzen da Gernika, herri txiki bateko kluba izanik ere, eta balio handia dauka horrek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.