Top14ko finalerdietara ez da edonor iristen. Lau talde baino ez dira ailegatzen, eta hamar bidean gelditzen dira. Hala eta guztiz ere, batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa ematen diote horraino iristeari. Lorpen handia da askorentzat, beharra gutxi batzuentzat. Baionak ligako finalaurrekoak jokatuko ditu 43 urteko itxaronaldiaren ostean, estreinako aldiz Top14 formatua ezarri zenetik. Ez du badaezpadako aurkaria izango: Tolosa, azken bi txapelketetako garailea. Okzitaniarrak dira faborito argiak, baina ilusioan oso nagusi dira lapurtarrak. Historia egiten segitu nahi dute Lyongo Groupama estadioan (21:05).
Iñaki Laskurainek ondo ezagutzen du errugbiaren mundua. Euskadi Errugbi Federazioko presidente eta Baionako jokalari ohiak ere zail ikusten du neurketa, Tolosa oso klub boteretsua baita: «Liga indartsueneko talderik indartsuena da. Kalitate handiko jokalari asko ditu. Hamabi jokalari daude Sei Nazioetan jokatzen dutenak, eta beste horrenbeste joaten dira beste selekzioekin. Frantziaren bizkarrezurra dira».
Xuri-urdinek, baina, gora egin dute azken urteotan. Pausoz pauso hobera egin dute, bai ekonomia arloan, bai kirol arloan. «Orain aurrekontu handiagoa dute, baina orain dela pare bat urte 20 milioi eskas zituen Baionak. Egun, postuko bizpahiru jokalari daude, eta garrantzitsua da aulkian ordezko onak izatea, errugbia oso gogorra baita. Etxean ere sendo ibili dira, eta Jean Daugerren ez dute partidarik galdu: denak irabazi dituzte. Gustura dago jendea, baina Tolosa beste kontu bat da».
Okzitaniarren aurka birritan aritu dira sasoi honetan lapurtarrak. Bi norgehiagokak ligan izan dira. Etxean, nola ez, irabazi egin zuen Avironek, baina Tolosan 41-6 galdu zuten. Gaurkoa, baina, finalerdi bat da, eta «guztiz ezberdina» izango delakoan da Laskurain: «Partida bakarra da, eta edozer gerta daiteke. Baina halako partidetan bada kontuan hartzeko faktore bat: esperientzia. Tolosak 23 liga irabazi ditu, Europan ere sei aldiz nagusitu da, eta makina bat final jokatu ditu. Baionak, berriz, hiru titulu irabazi ditu, eta lau aldiz izan da bigarren».
Tolosa irabazteko egindako taldea da, eta ezinbestean irabazi beharra dauka. 2005ean igo zen Lehen Mailara, eta ia urtero ibili da garaikurren bueltan. Azken bost ligetatik lau irabazi ditu. 2009an jarri zen martxan lehiaketa eredu berria, eta bostetan bakarrik kanporatu dute finalaurrekoan. 2022an geratu zen azken aldiz finaletik kanpo, Castresen aurka galdu baitzuen finalerdietan. Emaitzak emaitza, Baionaren aurtengo sasoia gogoangarria izango da.
Laskurain hamar final jokatutakoa da, eta badaki horrelakoetan eskarmentuak pisu handia duela: «Zenbat eta final gehiago jokatu, orduan eta lasaiago joaten zara. Lehenengo finala denean, berriz, urduriago joaten zara. Presio hori kudeatzen jakin behar da. Baina gerta daiteke batzuk lasaiegi joatea eta besteak oso gogotsu. Baionak gauza bat du alde: ez duela ezer galtzeko».
Lotsagabe
Erraza izango ez dela jakin arren, ilusioa dute bidelagun baionarrek. 1.500 zale xuri-urdin izango dira gaur Groupama estadioan. Laskurainek ondo daki nola bizi duten errugbia Ipar Euskal Herrian: «Baionan 50.000 lagun pasa bizi dira, ia-ia denek ezagutzen dute elkar, eta askok errugbia baino ez dute hizketagai. Kapital sozial oso handia du, eta seguru nago taldeari laguntzeko prest egongo direla».
Neurketari dagokionez, lehia gogorra izatea espero du: «Baiona ondo dabil aurrean. Eskura jokatu eta baloia mugitzea da haren indargunea, baina Tolosak ere antzera jokatzen du. Gainera, jokalari sendoak ditu hor. Gero, atzean, mugimendua egongo da: Romain Ntamak, Thomas Ramos, Pita Ahki… oso indartsuak dira. Baina dena aurrean hasten da». Kalitate handiko jokalariak dituztenez, Laskurainek dio garrantzitsua izango dela arreta ez galtzea: «Partida estu eta bideratu gabe badago ere, bi jokalditan lehia erabakitzeko ahalmena dute».
«Zuhurtzia gutxirekin jokatzeko eskatuko nioke Baionari, hasieratik erasoan hasteko, lotsagabe»
IÑAKI LASKURAINBaionako errugbi jokalari ohia
Baionak ez du ezer galtzeko; irabazteko, berriz, dena. Presiorik ezak mesede egingo dio agian, eta «ausartago eta arriskutsuago» bihurtu: «Nik Tolosaren modura jokatuko nuke. Ez daukazu ezer galtzeko. ‘Haiek gogorrak dira aurrean? Bada, gu ere bai'. Probatu beharra daukate. Gero, beti dago aldatzeko aukera. Zuhurtzia gutxirekin jokatzeko eskatuko nioke Baionari, hasieratik erasoan hasteko, lotsagabe».
Baionarrak ez ezik, Euskal Herriko errugbiaren zale ugari ere badaude gaurko norgehiagoka handiari begira, eta hori «oso positiboa» dela uste du Laskurainek: «Horrelako gauzek ilusioa sortzen diete gazteei. Ametsak behar dira». Lapurtarrek balentria osatu eta hilaren 28ko final handian arituko direla amesten dute.