Ametsa egia bihurtu da. Hiru urteren ostean, Baskoniak berriro jokatu du Espainiako Kopa, eta, iragarpen guztien kontra, irabazi ere egin du, finalean Real Madril ahalguztiduna mendean hartuta (100-89). Historiako zazpigarren Kopa du Arabako taldeak. Valentziako (Herrialde Katalanak) Roig Arena pabiloiko harmailetan elkartutako euskal zaleek gogoz ospatu dute. Ez da gutxiagorako: Baskoniak duela hamazazpi urte altxatu zuen garaikur hori azken aldiz, klubaren garairik loriatsuenean.Â
lan
Ikusi gehiago
Bi balentria egin ditu Paolo Galbiatik zuzendutako taldeak, elkarren segidan; atzo Bartzelona kanporatu zuen, faborito nagusia, eta gaur Tavares, Lyles, Llull eta enparauen Real Madril. Aurrez, Unicajak soilik lortua zuen Espainiako Kopa irabaztea bi talde horiek kaleratuta. Baskoniako jokalarien gogoa eta intentsitatea gailendu dira aurten; taldearen nortasuna berreskuratu du Galbiatik.

Partida osoan, Baskonia atzetik ibili da markagailuan. Real Madril urrundu, eta berdindu egiten zuen Baskoniak; horrela aritu dira behin eta berriz. Lehen minutuetan okertu da lehia: erasoan zoragarri hasi da Espainiako taldea, eta 2-13 aurreratu. Hutsarte batek eta Tavaresen bigarren falta pertsonalak lagunduta murriztu du tartea Galbiatiren taldeak.
Geroago, berriz ere arazoak: Real Madrilek 0-14ko partziala egin du, Andres Felizek eta Alex Lenek gidatuta. Baskonian Luwawu-Cabarrot agertu da, eta, haren kalitateari esker, Arabako taldeak oraindik bazituen aukerak atsedenaldira iristean (47-52).

Bigarren zatian ere Scarioloren taldea ibili da aurrean, baina Baskonia geroz eta erosoago ari zen. Luwawu-Cabarrotek bere lana egiten segitu du, eta Trent Forrestek ezarri du partidaren erritmoa. Hamaikagarren aldiz Real Madril alde egiten ari zela zirudienean, Omoruyik, taldean sinistu, eta markagailua berdindu du. Hogei punturekin baino gehiagorekin amaitu dute norgehiagoka hiru jokalari horiek.
Bete-betean
Orduan, haizea alde jarri zaio Baskoniari; bete-betean zebiltzan Galbiatiren jokalariak, eta kikilduta, berriz, Scariolorenak. Aurpegietan agerikoa zen hori. 2 minutu eta 37 segundo geratzen zirenean eta 85na berdinduta zihoazenean, Luwawu-Cabarrotek bere bosgarren falta egin du —28 puntu bilduak zituen ordurako—. Ez du axola izan: Forrest, Howard, Omoruyi eta konpainiak amaitu dituzte lanak.

Trent Forresti eman diote Espainiako Kopako jokalaririk onenaren saria. Gaur 22 puntu sartu ditu, bederatzi errebote jaso eta 11 asistentzia eman.
2020. urtetik titulutik irabazi gabea zen Baskonia; festa izango da gaur Gasteizen.