Joventut 82-63 Baskonia

Baskoniak galdu egin du Badalonan, eta Buesa Arenan erabakiko da kanporaketa

Hasi eta buka nagusi izan da Joventut, eta hirugarren neurketa jokatu beharko dute. Igandean lehiatuko dira, 21:00ean. Gasteizko taldeak irabazi egin beharko du ligako finalerdietarako sailkatzeko.

Jesse Edwards Baskoniako jokalaria errebote bat hartzen, parean Joventuteko jokalari bat duela. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Jesse Edwards Baskoniako jokalaria errebote bat hartzen, parean Joventuteko jokalari bat duela. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko ekainaren 5a
23:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baskoniak ligako finalerdietarako sailkatzeko lehen urratsa egin zuen Buesa Arenan, baina kaxkar aritu da Badalonan, eta galdu egin du Joventuten aurka. Horiek horrela, hirugarren partida jokatu beharko dute. Igandean lehiatuko dira, 21:00ean, Gasteizen. Lehen partida hamalau punturen aldeaz irabazi zuen Paolo Galbiatik zuzendutako taldeak, baina bigarrengoan hemeretzi punturen aldeaz nagusitu da Kataluniakoa. Igandeko partida irabazten duenak badaki nor izango duen aurkari finalerdietan: Valentzia. Hain zuzen, Bilbo Basket kanporatu dute valentziarrek. 

Bizi eta estu hasi dute partida Joventutek eta Baskoniak, baina erasoan finago aritu da etxeko taldea, eta aurrea hartu du markagailuan: 14-5. Hutsartea eskatu behar izan du Galbiatik, ikusitakoarekin gustura ez.

Hortik aurrera, defentsan sendoago aritu dira gasteiztarrak, baina erasoan ohi baino jaurtiketa gehiago huts egin dituzte. 25-14 amaitu da lehen laurdena, eta berdintsu hasi dute bigarrena. Partidari neurria hartu ezinda aritu da Baskonia, eta, pixkanaka, aldea handituz joan da Joventut. Zaleek hauspotuta, nahieran aritu da, 34-17 eta 44-22 jartzeraino.

Etxeko taldeari aitortu behar zaio defentsan egindako lan ona, baina, egiari zor, Baskoniako jokalariek ez diote buruhauste askorik eman. Zorionez, azken minutuetan esnatu dira gasteiztarrak, eta arnasa hartu dute. Bederatzi puntu segidan lortuta, 44-31 joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian ere, gaizki

Diakiteren mate batekin hasi dute hirugarren laurdena. Parekatu egin da neurketa, baina Baskoniak ez du lortu lehian nagusitzea. Gainera, bi hiruko jarraian sartu ditu Joventutek, eta berriro ere aldea handitu du: 56-38. Laurden bukaeran pattal aritu dira Galbiatik zuzendutakoak, eta aldapan gora jarri zaie lehia: 62-43.

Ez du amore eman Baskoniak, eta, azken laurdenean, aurkaria estutzen saiatu da. Baina alferrik. Joventutek ondo kudeatu du taldea. Baskonia markagailuan apur bat gerturatzen zitzaion bakoitzean, erasora jotzen zuen, eta berriro ere aldea zabaldu. Hirukoetan asmatu dute, eta Gasteizko taldeak ezin izan du ezer egin. Hori gutxi ez, eta azken minutuetan gaiztotu egin da giroa. Partida txarra jokatu du Baskoniak, eta merezita galdu du. 

Hala ere, ez dute esan azken hitza gasteiztarrek. Zaleen aurrean jokatuko dute partida erabakigarria, eta funtsezkoa izan daiteke hori. Kostata bada ere, finalerdietan egon nahi du Baskoniak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE