Bilbo Basketek erakutsi zuen Valentzian aurkaria estutzeko eta hari hozka egiteko gai zela, baina gaur Miribillan ez du halakorik berretsi. Nahi eta ezinean aritu da, eta galdu egin du: 71-88. Horiek horrela, ez da ligako finalerdietarako sailkatu. Valentzian azken bost minutuetan egin zion ihes garaipenak (83-80), baina gaurkoa oso bestelako partida izan da. Hala ere, zaleek txaloz agurtu dituzte jokalariak, ondo merezita.Â
Valentziak indartsu hasi du partida, oldarkor, eta Bilbo Basketek zenbait huts egin ditu erasoan. Horiek horrela, aurretik jarri da kanpoko taldea.
Defentsan, gainera, sendo aritu dira valentziarrak, eta bilbotarrak jaurtiketak ahal moduan egitera behartu dituzte. Lehen sei minutuetan saskiratze bakarra egin du Bilbo Basketek: Hilliardek sartutako hirukoa. Eta, beraz, aldea handituz joan da Valentzia: 3-13 jarri dira.
Hlinasonek hautsi du Bilbo Basketen lehortea, mate batekin, eta piztu egin da taldea. Dena den, bere jokoa egiten segitu du Valentziak. Azkenean, 16-22 amaitu da lehen laurdena.
Ezinhobeto ekin dio bigarrenari etxeko taldeak, beste hiruko batekin. Hain justu, hiruko marratik fin ibili da Bizkaiko taldea; baina baita Valentzia ere. Erritmo bizia jarri diote bi taldeek partidari.
Hala ere, huts inozo batzuk egin dituzte bilbotarrek, eta aprobetxatu egin dute hori valentziarrek. Hirukoei esker, Bilbo Basketi ez dio ihes egin partidak, baina hamar punturen aldeagatik joan dira atsedenaldira: 37-47.
Nahi, baina ezin
Hirugarren partida behartzeko, aurkaria gehiago estutu behar zuen Bilbo Basketek, ezinbestean. Baina kontrakoa gertatu da. Lo kantxaratu dira Jaume Ponsarnauk zuzendutakoak, eta garesti ordaindu dute. Ohartzerako, 39-56 jarri dira.
Eroso ari zen Valentzia, gozatzen eta asmatzen. Konfiantzaz aritu dira, eta saskiratze mordoa sartu dituzte. Hirugarren laurdena bukatzeko hiru minuturen faltan, 45-70 zihoazen. Hortxe hautsi da partida.Â
Bilbo Basket, berriz, kostata aritu da. Ezinezkoa zirudien emaitza iraultzea, eta ez du lortu. Zaleen babesa ez da nahikoa izan, eta Valentziak kaleratu egin du Bilboko taldea.
Hala ere, ez da gutxi ligako kanporaketetarako sailkatzea. Egin duen denboraldiarekin pozik egoteko moduan da Bilbo Basket.