Ziur asko Bad Bunnyk berak ere jakingo du Café con ron bere abesti ospetsua kirol arrakastaren ereserki bilakatu dela; hala da behintzat Euskal Herrian. Eta nork daki gaur Puerto Ricoko abeslariari iritsiko ote zitzaion Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutako Baskoniako milaka eta milaka zalek taldeak Espainiako Kopa irabazi duela ospatzeko Paolo Galbiati entrenatzailearen omenez moldatutako bertsioaren doinuaren oihartzuna: «Por la mañana café, por la tarde ron; Paolo Galbiati me ha hecho campeón» (Goizez kafea, arratsaldez rona; Paolo Galbiatik txapeldun egin nau). Baina, hala ez bada ere, askoren memorian iltzatuta geratuko dira betiko gaur arratsaldean Gasteizek Baskoniari egindako harrera handiaren indarra eta emozioa, kantak eta oihuak, esker oneko hitzak eta zorion mezuak. Zaleentzat zein jokalari eta entrenatzaileentzat ahaztu ezinekoa izan baita Kopako titulua ospatzeko egindako festa.
Zazpietarako aurreikusita zegoen taldearen autobusa Andre Maria Zuriaren plazara iristea, baina bi ordu lehenago jendez lepo zeuden txoko guztiak. Baskoniak talde, hiri eta herri baten sentimendua zabaltzen du han eta hemen, eta gaur Gasteizko plaza ezagunenean bildutako milaka zaleek ongi erakutsi dute hori. Gasteizko jaien hasieran eta bestelako ospakizun handietan egin ohi den eran, San Miguel elizako balkoia izan da ospakizunaren epizentro. Pantaila erraldoia paratu dute han, eta autobusa iritsi zain zeuden zaleek taldearen partida nabarmenen irudiez gozatzeko parada izan dute.
Plazak eztanda egin du autobusa agertu denean. Baskoniaren bufandak astinduta, bengala urdin eta gorriak piztuta, eta txarangaren doinuek lagunduta iritsi da taldearen autobusa eskaileretara. Tadas Sedekerskis kapitaina izan da lehena jaisten, kopa eskuan zuela, eta atzetik gainerako jokalariak, entrenatzailea, Baskoniako presidente Josean Kerejeta eta entrenatzaile multzoa. Jendearen berotasuna eskertu dute jokalariek han, txaloka. Pozik zeuden jokalariak, barrezka eta saltoka; Markus Howardek dantza apur bat ere egin du hara joandako denen aurrean. Baskoniaren banderaz gain, duela urtebete Gasteizko Mitika dantzalekuan hil zuten Kerman Villate gaztearen omenezko ikurrak ikusi dira plazan.
Ohorezko aurreskua eta lore eskaintza izan dira gero. Sedekerskisek utzi dizkio loreak Ama Birjinari, eta Galbiatik eta Howardek Baskoniaren kamiseta bana paratu dute loreen alboan.
‘Ikusi mendizaleak’
Jokalariek izugarrizko oihu eta txalo zaparrada jaso dute balkoi azpian pilatutako zaleen ahotik. Kapitaina izan da hitza hartzen lehena. «Garai txarrenetan eta onenetan jasotako babesagatik» eskerrak eman dizkie jarraitzaileei, eta promes egin die Baskoniaren koloreak defendatzen eta titulu gehiago lortzeko borrokan jarraituko dutela. «Denboraldia ez da amaitu. Gehiago irabazi nahi dugu!».
«Gora baskonistak!», garrasi egin dut Howardek ondoren euskaraz. Ingelesez hitz egin die gero zaleei, emozioz: «Hau zuentzat da! Maite zaituztegu!».
Italiako entrenatzailearen esperoan zen jendea, eta ez du huts egin. «Zu zara txapelduna!» esanez aurkeztu dute Galbiati zaleen aurrean, eta hark, txapela buruan jantzita, saltoka jarri du plaza guztia. «Abuztuaren 8an hemen nengoen festak amaitu zirenean, emozionatuta nintzen. Ez nuen espero plaza hau beteta ikustea nire taldeagatik, nire jokalariengatik. Maite zaitut; aupa Baskonia!», oihukatu du. Bad Bunnyren kantaren bertsio ezaguna entzun da atzera plazan.
«MVP» oihuen artean mintzatu da Trent Forrest; «Geratu zaitez!» garrasi egin diote behin eta berriz Timothe Luwawu-Cabarroti; Sedekerskisek Ikusi mendizaleak kantatzeko eskatu die plazan bildutakoei... Titulu batek merezitako ospakizuna.