«Kermanen heriotza ez zen istripu bat izan; krimen zital bat izan zen». Bost egun baino ez dira falta Kerman Villateren heriotzaren lehen urteurrenerako, eta haren gurasoak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur. Arantzazu Beitiak eta Roberto Villatek argi utzi nahi izan dute semenaren heriotza ez zela ausaz gertatu, eta justizia eta egia lortzeko bidean ez dutela etsiko. Epaiketa berme guztiekin egiteko eskatu dute, eta legebiltzarrari galdegin diote hori hala egingo dela zaintzea. Indarrean den araudia betetzen dela ziurtatzeko ere eskatu diete instituzioei, halakorik berriro gertatu ez dadin.
2025eko otsailaren 23ko goizaldean hil zen Kerman Villate, Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean aretoko atezain batek emandako kolpearen ondorioz. Gurasoek xehe kontatu dute Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean gau hartan gertatu zena. Azaldu dute erasotzaileak «bere indar guztia» erabili zuela euren semeari muturrekoa emateko, eta bazekiela horrek zein ondorio izan zezakeen. «Zerk bultzatu zuen horrelako basakeria, horrelako doako indarkeria erabiltzera? Familiak eta lagunok ez dakigu. Erasotzaileak, ordea, bazekien nola, noiz eta non hil. Bazekien hil ahal zuela», esan du Beitiak.
«Egia jakin nahi dugu. Horretarako gaude hemen. Badakigu jende askok ez digula sinetsiko, eta usteko dutela gure semearen irudia garbitu nahi dugula. Kontua ez da hori»
ARANTZAZU BEITIA Kerman Villateren ama
Eta erantsi du gertatutakoa ezin dela gau giroko istiluekin lotu, une hartan ez baitzegoen halakorik, segurtasun kamerek grabatutako irudiek erakusten dutenez. «Kontakizun errazera jotzea» litzateke hori, haren ustez: «Kermanen kasua ez da hori». Benetan zer gertatu zen jakitea da gurasoen lehentasuna. «Egia jakin nahi dugu. Horretarako gaude hemen. Badakigu jende askok ez digula sinetsiko, eta usteko dutela gure semearen irudia garbitu nahi dugula. Kontua ez da hori».
Ondorio «oso larriak»
Zabalik den auzibideari dagokionez, berriz, harrituta azaldu dira epaileek gertatu zenaren inguruko «interpretazio erabat desberdinak» egin dituztelako. Izan ere, gogorarazi dute Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak «azpikeriaz egindako hilketa gisa» tipifikatu zuela gertakaria hasieran, hilketa izan zitekeelako «zantzuak» zeudela ikusita. Fiskalak helegitea jarri zuen, ordea, eta azaroan Arabako Probintzia Auzitegiak kontrako iritzia eman zuen: «zuhurtziagabekeriaz egindako hilketatzat» jo zuen, eta atezaina behin-behinean aske utzi.
Villateren senideek uste dute «benetako babes judizialerako eskubidea» urratu zaiela erabaki horrekin. Villatek adierazi du erabaki horrek «muga bat» jarriko diola auzibideari, «ondorio oso larriak» eraginez. Izan ere, epaiketa ez litzateke zinpeko epaimahai batekin egingo, eta epaiketatik kanpo geratuko lirateke erasotzailearen intentzionalitatea zein izan zen eztabaidatzea. Hots, epaiketan hilketa bat izan zela frogatuta ere, ezin izango litzateke hala ebatzi.
«Ez dugu epaileen lana zalantzan jartzen, baina erabaki judizial bat printzipio konstituzional batetik aldentzen denean, ganbera honek hori aztertzeko eskubidea du, jokoan dagoena herritarren oinarrizko eskubideak baitira», azpimarratu du Villatek. Gurasoek Auzitegi Gorenera jo dute; Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu dute, eta epaiketa berme guztiekin egin dadila eskatu.
Neurri osagarriak
Aisialdiko lokaletako segurtasun langileen jarduera profesionalizatzeko Jaurlaritza lantzen ari den legeari buruz ere hitz egin dute Kermanen gurasoek. Ontzat jo dute proposamena, eta ikuskaritzak areagotzeak bereziki prebentzioan lagundu dezakeela iritzi diote. Halere, gogorarazi dute instituzioek badaukatela «osagarriak» izan daitezkeen neurriak hartzeko ahalmena, hala nola lokala aldi baterako ixtekoa, lizentzia etetekoa, isunak jartzekoa edo ondasunak atxikitzekoa. Baina kritikatu dute sarri ez dituztela halako neurriak hartzen.
Hain justu ere, Gasteizko Udalari hori bera egotzi diote. Kritikatu dute udalak ez zuela ardurarik bere gain hartu, Mitika dantzalekuko langileen «indarkeriaren» eta «lege hausteen» berri bazuen arren. EH Bilduko Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak emandako datuen arabera, 2023an Poliziak hogei esku hartze baino gehiago egin zituen bertan, eta 2024an hamabi. 2025ean, Kerman hil aurreko bi hilabeteetan, beste hiru. Udalak barne ikerketa bat agindu zuen, baina familiaren iritziz, «erantzukizunak saihesten zituen dokumentu bat besterik ez zen izan».
Hori dela eta, dekretua «bide onean» badoa ere, Villateren senideek ohartarazi dute indarrean diren arauak bete ezean ezer gutxirako balioko duela: «Akatsak identifikatu eta onartu gabe, eta jardun publikoa herritarren interesen zerbitzurako ekintza bezala ulertu gabe, nekez egingo dugu aurrera gai honetan eta beste edozeinetan».