Paolo Galbiati: nortasuna itzuli dio Baskoniari

Italiako entrenatzaileak Baskonia berriro ere txapeldun izatea lortu du. Hark proposatu dien jokatzeko moduan sinetsi dute jokalariek . Jon Txakartegi entrenatzailearen ustez hori erabakigarria izan da. Prestatzailea zaleen kutun bihurtu da.

Paolo Galbiati Baskoniako entrenatzailea, zaleekin Espainiako Kopa irabazi dutela ospatzen.  KAI FORSTERLING / EFE
Paolo Galbiati Baskoniako entrenatzailea, zaleekin Espainiako Kopa irabazi dutela ospatzen. KAI FORSTERLING / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko otsailaren 23a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere garaian asko hitz egiten zen Baskoniaren izaeraz, DNAz. Nortasun horri esker, oso ondo lehiatu zen taldea izan zen, onenekin nor baino nor gehiago aritu zen, eta tituluak irabazi zituen. 2020an ACB liga irabazi zuenetik, ordea, ez zuen halakorik lortu. Paolo Galbiati entrenatzaileari esker, baina, berriro ere talde lehiakorra izatea lortu du, eta tituluak irabaztea. Igandean irabazitako Espainiako Koparekin, Gasteizko saskibaloi taldeak historiako hamaseigarren garaikurra lortu du. Jon Txakartegi saskibaloi prestatzaileak Galbiatik garaipenean izan duen garrantzia nabarmendu du: «Bere izateko eta jokatzeko moduak jokalari multzoarenarekin bat egitea lortu du. Jokalariek itsu-itsuan sinetsi dute hark proposatu diena, eta kantxan erakutsi dute hori. Oso garbi dute nola jokatu behar duten».

Baskoniak Kopa irabaztea Euskal Herriko saskibaloiarentzat  «oso berri ona» dela uste du Txakartegik, eta Arabako taldeak «meritu handia» duela. «Emaitzak kontuan hartuta, bolada onean zegoen. Baina Diop falta zuen, eta Howard eta Kurucks kili-kolo zeuden. Gainera, Bartzelonari irabazi dio finalerdietan, eta Real Madrili finalean. Bidean izan dituen zailtasunak eta gorabeherak gainditzen jakin du, eta partida guztietan lehiatu da ondo, nahiz eta atzetik joan».

Galbiati udan ailegatu zen Gasteizera. Taldeak emaitza kaskarrak izan zituen aurreko sasoian, eta bere garaian taldearen ikur izandako entrenatzaile bat ordezkatu behar zuen: Pablo Laso. Galbiatik ibilbide laburra zuen gorengo mailan, baina ez nolanahikoa: Italiako bi Kopa zituen irabaziak. Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak eta Felix Fernandez kirol zuzendariak haren alde egin zuten apustu, eta prestatzaileak hordagoa onartzea erabaki zuen. 

Hasiera ez zen erraza izan. Espero baino geroago ailegatu zen Gasteizera, Pablo Lasorerekin kontratu amaiera adosteko negoziazioak luze jo baitzuen. Taldeak oso denboraldiaurre motza egin zuen, eta funtsezko hainbat jokalari min hartuta egon ziren: Kurucks, Sederkerkis, Howard, Forrest... Gainera, bai ACB ligan, bai Euroligan, ez zituen emaitza onak lortu. Halako egoeretan Kerejetak bizkor hartzen ditu erabakiak, eta ohikoa izaten da teknikariak kargutik kentzea. Oraingoan, ordea, ez zuen halakorik egin. Galbiatik, halaber, ez zuen etsi. Hasieratik erakutsi zuen aulkitik bete-betean bizi dituela partidak, oso lehiakorra dela eta hutsarte bakoitza baliatzen duela taldeari tekniko-taktikoki zein mentalki ekarpenen bat egiteko.

Galbiatik, gainera, Baskoniako entrenatzaile zela emandako lehen prentsaurrekoan hitzemandakoa bete zuen: goizetik gauera lan egitea, eta jokalariekin eta taldearekin inplikatzea. Horren erakusle, ohikoa izaten da galtzamotzak jantzi, eta partida aurreko beroketa taldearekin egitea. Bada beste bitxikeria bat: Baskoniara etortzeko eskatu zituen gauzetako bat zera izan zen, Buesa Arenatik ahalik eta gertuen bizitzea. Gainera, kalean ere beti doa Baskoniaren arroparekin jantzita. Beti du presente taldea. «Ikusten da jokalarien oso gertukoa dela, baina, aldi berean, serioa egin behar duten lanarekin».

Bai berak eta bai bere lantaldeak bazekiten lanean segitu behar zutela taldeak nahi zuten moduan jokatzeko, eta batez ere horretan sinesteko: «Jokatzeko era horren zutarriak bi izan dira. Batetik, erasoan esku frenorik gabe jokatu dute, arriskuak hartuz; bestetik, taldea jokalari bakoitzaren gainetik egon da». Hala, jokalari bat baino gehiago izan dira erabakigarriak erasoan. «Lehen, Howard baino ez zen erabakigarria. Orain, berriz, Forrest eta Cabarrot ere hor daude». Kopako finalean, adibidez, Cabarrotek 28 puntu sartu zituen; Omoruyik, 23, eta Forrestek, 22. Finalaren ostean, Galbiatik berak aitortu zuen lan handia egin zuela taldea batuta egoteko. 

Baskoniak ligan batez beste 92 puntu sartu ditu partidako. Puntu kopuru oso handia da hori. Bada, Kopan, finalerdietan, Bartzelonaren aurka 70 sartu bazituen ere, final-laurdenetan 91 sartu zizkion Teneriferi; finalean, berriz, 100 Real Madrili. «Talde oso ausarta da, bizia, energia eta konfiantza handia du. Jokalariek jaurtitzeko aukera ikusten dutenean ez dute bitan pentsatzen. Hori Galbiatiri esker lortu dute. Kopa txapelketa oso laburra da, eta Galbiatiren jokatzeko estiloa oso aproposa da halako txapelketak irabazteko. Italian ere lortu zituen bi garaikur».  

«Talde oso ausarta da, bizia, energia eta konfiantza handia du. Jokalariek jaurtitzeko aukera ikusten duenean ez dute bitan pentsatzen. Hori Galbiatiri esker lortu dute»

 JON TXAKARTEGI Saskibaloi entrenatzailea

Txakartegik ondorengoa ere berretsi du: taldea buruz indartsua dela: «Puntu asko jasotzen dituzte. Hori dela eta, partida askotan atzetik egoten dira. Baina ez dute neurketa galdutzat ematen. Lanean jarraitzen dute, egiten dutenean sinetsiz, eta batez ere hori eskatzen die Galbiatik». Teknikoki eta taktikoki ere ondo landuta dagoen taldea dela uste du: «Gainontzean ez diozu Bartzelonari edo Real Madrili irabazten».

Defentsan hobetu beharra

Eta zer du hobetzeko taldeak? Galbiatik zertan jarri behar du arreta hemendik aurrera: «Taldeak defentsan hobetu behar du, eta partidetan ezin du hainbeste gorabehera izan. Hori lortuz gero, ligan talde arriskutsua izango da».

Entrenatzailea zaleen kutun bihurtu dela ere gogorarazi du Txakartegik: «Gutxi behar da horretarako, Baskoniako zaleak oso esker onekoak direlako. Baina aulkitik erakusten duen grinari eta ezarri duen jokatzeko moduari esker, zaleak oso gustura daude harekin». Buesa Arenan txalo artean hartzen dute partidaro. Ikustekoa izan da goizaldean Forondako aireportuan egin diote harrera. Babes hori titulu batekin eskertu die. Bere buruari ere egin dio oparia garaikurra irabazita, ostiralean 42 urte bete baitzituen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.