Herri kirolen mundua ez ezik, bere burua ere harrituta utzi zuen Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek (Donostia, 1999) joan den larunbat gauean, Euskal Pentatloiaren finalean, Azpeitiko zezen plazan (Gipuzkoa). Hankaz gora jarri zituen pronostiko guztiak, eta, txapela eskuratzeaz gain, sekulako marka ezarri zuen; aro modernoko onena. Zehazki, 30 minutu eta 51 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta txiki utzi zituen aurkari guztiak. Bigarren sailkatu zen Beñat Telleria (32.33), eta hirugarren faborito nagusia: Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a (32.34). «Txapela irabazteko aukeraren bat izan nezakeela pentsatzen nuen, baina nire aurreikuspen guztiak gainditu nituen. Borobil atera zitzaidan dena, eta gozatu egin nuen». Ospakizunak ere parekoak izan ziren. «Bederatzi hilabetez aritu naiz pentatloia prestatzen, eta merezi nuen festa apur bat egitea. Lortu dudana barneratu ezinda jarraitzen dut oraindik».
Ez da gutxiagorako, kolpetik pentatloiko izenik handienen artean kokatu baita Basozabal. Errekorra Joxemari Olasagastirena da, 1990ean 27 minutu eta 20 segundo behar izan baitzituen lanak amaitzeko. Anjel Arrospide dago bigarren postuan, eta donostiarra podium horretan kokatu da, hirugarren. «Olasagastiren denboretara arrimatzea ezinezkoa da, baina halako kirolariekin podiumean egotea izugarria da niretzat. Denbora ona egiteko, proba guztietan fin aritu beharra dago, eta horixe egin nuen nik. Denean jardun nuen nahiko gustura». Lanak ordu erdiz azpitik amai zitzakeela ere pentsatu zuen une batez, baina ez zion horri garrantzirik eman. «Egia da fresko amaitu nuela lasterka, eta gehiago estutu izan banu denbora are hobea izango zela. Telebistan finala errepikatuta ikustean jabetu nintzen horretaz. Orduan ez nion lehentasunik eman denborari: ongi amaitzea eta irabaztea zen nire nahia».
Izan ere, txapelaren lehian eskarmentu txikia izan du orain arte Basozabalek. Ia gehienetan bere maila eman ezinda aritu izan da plazetan. «Entrenamenduetan ondo sentitu arren, plazan ongi erantzutea kostatu izan zait nire sei urteko kirol ibilbidean. Gozakaitz jardun dut beti; ez dakit presioagatik izan den, urduritasunagatik, edo zergatik». Lehengoan ere zalantzati plazaratu zen. «Bizkarreko arazoak izan nituen duela hiru hilabete, eta azken astean ere belauneko oinaze bat sortu zitzaidan. Katarroa ere izan nuen». Azkar jabetu zen, ordea, egun ona egokitu zitzaiola. «Gorputzak inoiz ez bezala erantzun zidan. Indartsu sentitu nintzen lehen proban, harri jasotzen, eta neure buruari esan nion egun ona neukala. Lesioak eta oinazeak gainditu ondoren, mirariaren parekoa izan zen gorputza hain ongi sentitzea».
«Txapela irabazteko aukeraren bat izan nezakeela pentsatzen nuen, baina nire aurreikuspen guztiak gainditu nituen. Borobil atera zitzaidan dena, eta gozatu egin nuen»
JOKIN URRETABIZKAIA, 'BASOZABAL' Herri kirolaria
Basozabalen esanetan, hainbat gako izan zituen finalak, baina harri jasotzetik «fresko» ateratzea garrantzitsua izan zen. «Ehun kilo inguruan ibiltzen naiz, eta esan daiteke indarra behar den probetan eroso sentitzen naizela. Harri tiraka atzetik aurrera egin nuen, eta gero aizkoran aldea egin nuen». Hain zuzen, aizkora alde batera uztea erabaki zuen donostiarrak duela hilabete batzuk, baina bere ohiko ofizioari sendo eusten diola erakutsi zuen. «Ikusi nuen aizkoran onenen artean ibiltzeko esfortzu handia egin behar dela, baita ekonomikoa ere. Horregatik, alde batera utzi nuen. Beste gauza bat da, ordea, pentatloian lau enbor ebakitzea, eta hor eroso sentitzen naiz. Indarrez zein teknikoki, ezin hobeki egin nituen aizkorako lanak».
Txingekin, «zorabiatuta»
Ez omen dago sufrimendurik gabeko gozamenik, eta txingekin iritsi zitzaion krisialdia txapeldunari. «Alde politaren jabe nintzen, baina latz sufritu nuen proba horretan. Erdi zorabiatuta egin nituen sei plazak, eta momenturen batean erortzear ere egon nintzen. Zorionez, gorputzak azkar eman zion buelta». Lasterka hasterako ohartu zen hur-hur zuela txapela. «Lehen berrehun metroak egiterako, bere onera etorri zitzaidan gorputza, eta eskerrak. Zezen plazari bueltaka, gozatu egin nuen lasterka. Inguruko jende guztia zutik ikusten nuen, txaloka, eta ez dakit nola deskribatu orduan sentitu nuena». Txapela berak jantzi arren, herri kirolek ere irabazi zutela garbi dauka. «Pentatloiak badu zerbait berezia, eta lehengoan ere ederki ikusi zen hori. Jendeak erantzun egiten du».
Azken urteetako joerari jarraituz, bi urtez behin antolatzen jarraituko dute euskal pentatloia. «Pena apur bat ematen dit horrek, bi urte luze egiten baitira. Dena den, txapeldunak bere txapelari plazan eustea izaten da normalena, eta, okerrik ez bada, bi urte barru hortxe izango naiz». Xabier Zalduak hiru txapel ditu, eta Izeta IV.ak, lau. «Nik ez diet zenbakiei begiratzen. Sekulako kirolariak dira bi horiek, eta asko falta zait haien parera iristeko».