Arrauna

Behean egongo da saltsa Euskotren ligan

Bihar hasiko da Euskotren liga, Madrilen. Arraun Lagunak da, beste behin, liga irabazteko faborito nagusia. Azpiko postuetan, berriz, litekeena da dantzan ibiltzea taldeak. Gogotsu eta ilusioz daude denak.

Euskotren ligako traineruak lehian, iaz, Sestaon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskotren ligako traineruak lehian, iaz, Sestaon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

inkesta

  1. Zer helburu dituzue aurten?
  2. Zer moduz ikusten dituzu aurkariak?

«Irabazteko eta markak hausteko ari gara azarotik entrenatzen»

Nagore Osoro
Arraun Lagunak-eko patroia

Nagore Osoro. AITOR ARRIZABALAGA
Nagore Osoro. AITOR ARRIZABALAGA

1. Gure helburua lehengo urtekoa berdintzea izango da, eta, ahal bada, hobetzea. Irabazteko eta markak hausteko ari gara azarotik entrenatzen. Taldea ondo dago. Ikusi nahi dugu orain arteko lan guztiak balio izan duen. Asko eta gogor entrenatzen gara, eta hori gero emaitzetan ikusi egiten da. Gainera, iritsi garenok berehala sartu gaituzte talde dinamikan.

2. Talde askotan, arraunlari askok utzi dute multzoa, baina San Pedroko estropada, adibidez, Tolosaldeak irabazi zuen. Ikusi beharko dugu ligan nola aritzen diren. Negua diferentea izaten da: ikasketak, lana... Baina udarako prest izaten dira denak. Ikusiko dugu faboritoaren etiketa horri eusteko gai garen. Oraingoz, itxura guztien arabera, badirudi Tolosaldea eta Orio izango direla gure aurkari nagusiak. San Juan ere indartsu ari da. 

 

«Oso sentipen onak ditugu, agian iazkoak baino hobeak»

Nerea Perez
Tolosaldeako patroia

Nerea Perez. AITOR ARRIZABALAGA
Nerea Perez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Gure helburua goian ibiltzea da, eta ahal den bandera gehien irabaztea. Askok utzi dute taldea, baina etorri ere asko etorri dira, eta iritsi direnak indartsu daude. Oso sentipen onak ditugu, agian iazkoak baino hobeak. Taldea pozik eta gogoz dago. Orain arteko entrenamenduetan oso ondo aritu gara, gustura. Denboraldiaurrean ikusi da Arraun Lagunak ondo dabilela, baina gu ere bai; adibidez, San Pedroko jaitsiera irabazi genuen. Taldea indartsu dago, eta trainerua ondo doa. Lehengo urtekoa berdintzeko esperantza dugu.

2. Orain arte ikusi dugunagatik, Arraun Lagunak oso indartsu dago. Orio ere uste dut ondo ibiliko dela. Agian ez du erakutsi denboraldiaurrean, baina Orio Orio da, eta uste dut ondo ibiliko dela. Eta baliteke San Juanek sorpresa ematea.

 

«Hankak lurrean izanda, ohorezko txandan aritzeak meritu handia du»

Maider Etxaniz
Orioko patroia

Maider Etxaniz. AITOR ARRIZABALAGA
Maider Etxaniz. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburua beti izango da ahalik goren egotea. Gustatuko litzaidake esatea banderen borrokan ariko garela, baina, hankak lurrean izanda eta kontuan hartuta zenbatek utzi duten taldea, uste dut ohorezko txandan aritzeak meritu handia duela. Pozik egongo gara hori lortuz gero, eta, pixkanaka, ikusiko dugu. Estropada bakoitzak jarriko gaitu bere tokian. Irabazteko asmoz aterako gara beti, noski, baina jakinda nola gauden. Gogotsu gaude erakusteko neguan ez dela ikusi egindako lana. Maila polita eman dezakegu.

2. Uste dut Arraun Lagunak nagusi ariko dela. Oso maila onean aritu da denboraldiaurrean, blokea du urte askoz, eta indartsu dago. Tolosaldeak ere demostratu du hor dagoela. Eta uste dut San Juanek ere, igo berria izanagatik, lanak emango dituela. Polita izango da. 

 

«Jendeak agian ez du hainbeste espero gugandik; dena emanda aterako gara»

Amane Jimenez
Zumaiako patroia

Amane Jimenez. AITOR ARRIZABALAGA
Amane Jimenez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Hasiera batean behintzat, gure aurtengo helburua mailari eustea da. Azaroan dezentek utzi zuten taldea, eta pixkanaka joan gara taldea osatuz eta blokea eginez. Gogotsu gaude, eta gure onena emateko prest. Aurreko urtean ere gure helburua mailari eustea zen, eta pixkanaka konturatu ginen maila oso onean ari ginela; horrek ohorezko txandan aritzeko aukera eman zigun. Uste dut lehenik eta behin presio hori kendu behar dugula gainetik. Jendeak agian ez du hainbeste espero gugandik; dena emanda aterako gara.

2. Aurkari gogorrak dira denak. Ez da uda erraza izango. San Juan orain igo da, baina oso ondo dabil. Astillerorekin ere lehia izan dugu azken bi urteetan. Hibaikarekin ere hortxe. Lekeitioko estropadan gure aurretik geratu ziren, gu Tolosaldearen aurretik... Ikusiko da. 

 

«Ez diogu geure buruari presioa egin nahi, baina asmoa ohorezko txandan aritzea da»

Lara Fernandez
Astilleroko patroia

Lara Fernandez. AITOR ARRIZABALAGA
Lara Fernandez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburuek ez gaituzte itsutzen, eta ez diogu geure buruari presioa egin nahi. Dena den, gure asmoa ohorezko txandan aritzea da. Mailari eusteaz gain, noski. Pare bat arraunlari garrantzitsuk utzi dute taldea, baina indartu gara, eta gutxi gorabehera blokeari eutsi diogu. Konfiantzaz gaude. Negua gogorra izan da, baina pasatu da, eta Madrilerako irrikaz gaude.

2. Uste dut talde guztiak iaz baino indartsuago daudela, eta maila handiagoa egongo dela. Zortzi taldeok nahi dugu ohorezko txandan aritu, baina lau ariko dira. Hala ere, ez gara aritu elkarren aurka, eta orduan zaila da jakitea besteak nola dauden. Arraun Lagunak izan zen iaz liderra, eta hura da faboritoa. Baina guztiok borrokatuko gara. Guk geureari begiratuko diogu. 

 

«Klubeko gazteak etorri dira taldera, eta horrek arnasa eman digu»

Inge Ugarte
Hibaikako patroia

Inge Ugarte. AITOR ARRIZABALAGA
Inge Ugarte. AITOR ARRIZABALAGA

1. Ikusi beharko da nola gauden, baina helburua estropada guztietan gure onena ematea da. Balioa eman behar zaio harrobian egiten den lanari. Klubeko gazteak etorri dira taldera, eta horrek arnasa eman digu. Oso ona da hori. Gehienak etxekoak gara, talde giro ona dugu, eta horrek asko laguntzen du.

2. Lehia oso estua egongo dela uste dut. Lehenengoa kenduta, beste asteburu guztiak bi jardunalditakoak dira, eta gerta liteke larunbatean hirugarren geratzea, eta igandean azkena. Erregularrak izaten saiatu behar dugu. Lehengo urtean Donostiarra eta Astillero gure maila antzekoan aritu ziren, eta denboraldiaurrean ere hori ikusi da. Uste dut goiko postuak argiago egongo direla, eta behean egongo dela saltsarik handiena. Arraun Lagunak eta Tolosaldea sumatzen ditut indartsuen.

 

«Sailkapenaren erdialdean ibili nahiko genuke, eta batez ere, disfrutatu»

Laida Valderrama
San Juango patroia

Laida Valderrama. AITOR ARRIZABALAGA
Laida Valderrama. AITOR ARRIZABALAGA

1. Printzipioz, ligan lasai aritu nahi dugu, eta jaisteko kanporaketak jokatu beharrik ez izan. Sailkapenaren erdialdean ibili nahiko genuke, eta batez ere, disfrutatu. Egia da negua, komatxo artean, motz egin zaigula, ontzi txikietan entretenituta aritu garelako, baina traineru denboraldia hasteko gogotsu gaude. Blokeari eutsi izanak poz handia eman digu.

2. Pare bat jaitsiera ez dira nahikoa beste taldeak udan nola ibil daitezkeen epaitzeko. Oso ondo ikusten ditut aurkariak, eta denok nahi dugu mailari eustea. Nire ustez, lehian ariko gara Donostiarrarekin, Astillerorekin, Hibaikarekin eta Zumaiarekin. Ez du esan nahi sorpresarik ez dela izango. Posible da esandako horiek gorago ibiltzea, edo beherago. Baina uste dut bost horiek ariko garela lehian lehen txandan, eta batzuetan, ohorezkoan.

 

«Bloke sendoagoa dugu, eta, beraz, lehen postuetarako borrokan aritu nahi dugu»

Nicole Maroño
Donostiarrako patroia

Nicole Maroño. AITOR ARRIZABALAGA
Nicole Maroño. AITOR ARRIZABALAGA

1. Iaz baino bloke sendoagoa dugula uste dugu, eta, beraz, lehen postuetarako borrokan aritu nahi dugu. Askok utzi dute trainerua, baina fitxaketekin ordezkatu ditugu, eta, gutxi gorabehera, iazko moduan gaude. Gogotsu gaude aurkarien kontra lehiatzeko. Uste dut aurten iaz baino koxka bat gorago hasiko dugula sasoia, eta indartsuago ekingo diogula ligari.

2. Arraun Lagunak-ek blokeari eutsi dio, eta fitxaketak egin ditu; indartsu daude. Eta gainerakoak lehian ariko gara. Oriok hutsune asko izan ditu, baita Zumaiak ere, baina uste dut goian aritzeko kapaz direla. Goian egongo da Arraun Lagunak, baita Tolosaldea eta Astillero ere. Seguru asko San Juan ere ondo arituko da. Gainerakook uste dut hortxe-hortxe ariko garela. Txandetan dantza egongo da; polita da hori.

egutegia

  • Bihar. Madril.
  • Uztailak 4. Bilbo

    .

  • Uztailak 5. Zierbena

    .

  • Uztailak 11. Castro Urdiales (Espainia)

    .

  • Uztailak 12. Orio

    .

  • Uztailak 18. Redondela (Galizia)

    .

  • Uztailak 19. Bueu (Galizia)

    .

  • Uztailak 25. Donostia

    .

  • Uztailak 26. Getxo

    .

  • Abuztuak 1. Santurtzi

    .

  • Abuztuak 2. Lekeitio

    .

  • Abuztuak 8. Ondarroa

    .

  • Abuztuak 9. Hondarribia

    .

  • Abuztuak 15. Pasai Donibane

    .

  • Abuztuak 16. Getaria

    .

  • Abuztuak 22. Zarautz.

  • Abuztuak 23. Zarautz

    .

  • Irailak 19. Bermeo (kanporaketa)

    .

  • Irailak 20. Portugalete (kanporaketa).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA