Elkarrizketak: Asier Zurinaga Kaikuko patroia eta Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzailea

Bi argitan, bat itzalean

Bizkaiko Traineru Txapelketa jokatuko dute gaur goizean Lekeition, eta Kaiku eta Urdaibai dira faborito nagusiakSestaoko taldeak irabaziko balu, bosgarren txapela lortuko luke segidan

Aitor Manterola Garate.
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aparteko esanahia du arraunlari batentzat bere herrialdean txapeldun izateak. Nolabait esatearren, herrialdeko onena izendatzen du lehia horrek, eta handia da irabaztea. Bizkaiko traineru nagusia zein den gaur goizean zehaztuko da, Lekeition.

Hamabi ontzi ariko dira lehian, lauko hiru txandetan banatuta. Denek dute irabazteko aukera, baina hiru traineru daude beste guztien gainetik. Horietakoren batek ez irabazteko eta besteren bat gailentzeko, handiren batek gertatu beharko luke. Hortaz, faboritoen zerrenda asko murrizten da azkenean.

Hiru indartsuenak dira Kaiku, Urdaibai eta Portugalete. San Miguel ligakoak hirurak ere. Zerbaitegatik daude liga indartsuenean, eta ezberdintasun horrek azaldu egin behar du gaur uretan. Hiru dira, baina bi multzotan bana daitezke. Izan ere, Kaiku eta Urdaibai dira faboritoen hirukoaren artean bi indartsuenak. Hor daude ligako emaitzak: Kaikuk bi bandera irabazi ditu, eta Orio liderraren puntu kopuru bera dauka. Urdaibaik bandera bat dauka irabazia, eta hirugarren da. Gaur Lekeition izango diren zale guztien arreta bereganatuko dute bi ontzi horiek. Bietako batek behar luke garaile. Argitan daude, foku guztiak beraiei begira jarrita daude. Kaiku gailenduko balitz, bosgarren aldiz segidan lortuko luke txapelketa.

Portugalete itzalean dago beste bien aldean. Argirik ez dauka inguruan. Baina horrek ez du esan nahi beste biei estutasunetan jartzeko gai ez denik. San Miguel ligan, oso emaitza onak lortzen ari da; esaterako, joan zen larunbatean, Pasaian, laugarren izan zen, erlojuaren aurkako lehian. Bere alde jartzeko faktore hau ere oso kontuan eduki behar da: ligan ez bezala, gaur nahi dituen arraunlariak erabili ahal izango ditu Joxan Olaskoaga Aizperro entrenatzaileak; ez dauka arraunlari propioen eta ez propioen ligako araua bete beharrik. Libre dira talde guztiak hamalaukoa osatzeko garaian. Portugaletek talde osoarekin egin dezakeen lanaren inguruan ikusmin handia dago.

Azkeneko txandan ariko dira hiru faboritoak, eta laugarren txandakidea KAE 1 ligako liderra izango dute: Zierbena. Horrentzat ere test garrantzitsua da, San Miguel ligako ontziak izango dituelako alboan. Igoera kanporaketara begira, erreferentziak lortzeko aukera izango du. Gauza bera esan behar Isuntzaren eta Santurtziren kasuan, KAE 1 ligako bigarren eta hirugarrenak. Nahiz eta beste txanda batean ariko diren; bigarrenean, hain zuzen. Ondarroa eta Elantxobe izango dituzte alboan, bi horiek ere KAE 1 ligakoak. Aurrenekoan, KAE 2 ligako lau ontzi ariko dira: Lutxana, Arkote, Mundaka eta Getxo.

Lurraldeko txapelketa izanik, lau azkarrenek lortuko dute saria: Euskadiko txapelketan aritzeko aukera, datorren asteazkenean, Lekeition bertan.

BIZKAIKO TXAPELKETA

Lehen txanda. Getxo, Deustua, Arkote eta Lutxana.

Bigarren txanda. Isuntza, Santurtzi, Ondarroa eta Elantxobe.

Hirugarren txanda. Kaiku, Urdaibai, Portugalete eta Zierbena.

Lekua. Lekeitio (Bizkaia).

Ordua. 11:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.