Joanes Bakaikoa (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1997) ohituta dago itzalean distira egitera: sei txapel irabazi ditu Bigarren Mailan, hiru buruz buru, eta beste hiru lau eta erdian. Oraingoan, baina, koska bat egin du gora, eta distiratsu dabil Lehen Mailan: Iñaki Artola kanporatu zuen final-zortzirenetan, eta aurrenekoz sailkatu zen final-laurdenetako ligaxkarako; horretan, berriz, lehen partida irabazi du, Javier Zabalaren kontra. Jokin Altunaren aurka ariko da bihar, Eibarren (Gipuzkoa), 17:30ean (ETB1).
Lehen aldiz sailkatu zara ligaxkarako, eta lehen partida irabazi duzu. Pozik?
Oso. Gauza polita eta berria da niretzat. Txapelketa gutxi jokatzen dira, eta ez da batere erraza horietako batean tokia egitea; are gutxiago, ligaxkarako sailkatzea. Niretzat gauza handia da hori lortu izana, eta saiatzen ari naiz ahalik eta gehien aprobetxatzen eta disfrutatzen.
Bigarren Mailan askotan egin duzu distira, baina jauzi handia dago Lehen Mailara?
Oso ezberdina da lehen edo Bigarren Mailan aritu: Lehen Mailan, erritmo bizian jokatzen dute, eta, pilotariak dauden onenak dira. Hori aski ez, eta kanporaketa bat jokatu behar duzu ligaxkarako sailkatu nahi baduzu; horrek lana zailtzen du; hau da, pausoa ematea. Baina, aurten, pausoa eman dut, eta ligaxkan ari naiz. Oso pozik nago.
Zure kirol ibilbideko garairik onenean zaude?
Egin dudana kontuan hartuta, izan liteke nire garairik onena, inoiz ez bainintzen sailkatu ligaxkarako. Txapelketa bat izateak ikusgaitasun handiagoa ematen dio egin dudanari; txapelketetatik kanpo ondo aritu arren, zaila da nabarmentzea. Horregatik, agian, ez nuke esango nire garairik onena denik; onenetako bat, berriz, bai, hori seguru.
Esan izan duzu garai batean «garrantzi handia» ematen zeniola Lehen edo Bigarren Mailan aritzeari, baina azken bi urteetan «eguneroko lanean» duzula arreta osoa. Horri esker ari zara horren ondo?
Izan liteke. Pentsaera oso garrantzitsua da, eta ni, gaur egun, saiatzen naiz eguneroko lanean ahalik eta gehien disfrutatzen, ahalik eta lan onena egiten, ahalik eta gehien hobetzen, eta jartzen dizkidaten partidetan dena ematen, izan Lehen Mailakoak edo Bigarren Mailakoak. Ahalik eta gorena iritsi nahi dut. Orain, Lehen Mailan jokatzeko aukera dut, eta, nire ustez, ondo ari naiz.
Pilotari onenengandik gero eta gertuago zaudela sentitzen duzu?
Txapelketa honetan, behintzat, bai, hala sentitzen dut. Onenekin ari naiz, eta niretzat oso pozgarria da hori, denok nahi baitugu hori.
«Artolari eta Zabalari irabazteko, ez da aski ez etsitzea; gauza asko egin behar dira ongi, eta nik egin ditut»
Bigarren Mailako lau eta erdikoaren azken hiru txapeldunek jokatuko dute hurrengo urtean maila nagusiko ligaxka: Iker Salaberriak, Iraitz Zubizarretak eta zuk zeuk. Aldea txikitzen ari da bi mailen artean?
Horrek esan nahi du aldea ez dela hain handia. Gainera, partida bakarra jokatzen da final-zortzirenetan, eta partida batean denok dugu aukera irabazteko. Horrek motibagarria izan behar du aurten Bigarren Mailako txapelketa irabazten duenarentzat, pentsatzeko zaila izan arren baduela aukera onenekin aritzeko.
Lehen edo Bigarren Mailan aritu, zerbait bazara, pilotari borrokalaria zara. Zabalaren aurka ikusi zen hori: 9-1, 13-4 eta 21-17 galtzen joan zinen, baina gai izan zinen irabazteko.
Atzetik aurrera eginez irabazi nuen. Berezkoa dut amore ez emateko grina. Hala ere, Artolari eta Zabalari irabazteko ez da aski amore ez ematea: gauza asko egin behar dira ongi, eta nik egin ditut.
Zer egin duzu ongi?
Bi partidetan nahiko konstantea izan naiz. Artolaren aurka gehiago gozatu nuen, eta hobeto aritu nintzen tantoa bukatzeko garaian. Zabalaren kontra, ordea, deseroso aritu nintzen hasieran, eta hobeto bigarren zatian.
Sasoi betean zaude.
Hala da. Asko hobetu dut fisikoki, eta oso ondo ikusten dut neure burua. Partidetan ikusi da sasoi betean nagoela: ez dut nahita lehia gogortzen, baina, gogortzen bada, ez diot inolako beldurrik horri, eta eroso sentitzen naiz. Prest ikusten dut neure gorputza bete-betean eusteko, eta horrek lasaitasun handia ematen dit.
Jokin Altunaren aurka jokatuko duzu hurrengo partida. Zer itxura hartzen diozu?
Afizionatuetan jokatu nuen haren aurka [28 urte dituzte biek], baina inoiz ez profesionaletan [2017an egin zuen debuta Bakaikoak]. Bi ilusio nituen: ligaxka jokatzea eta Altunaren aurka aritzea; eta biak beteko ditut. Oso pozik nago. Niretzat, oso partida polita eta berezia izango da.
Eta oso zaila.
Bai, noski, hori badakit: nire ustez, Altuna egungo pilotaririk onena da. Baina niretzat pizgarri ederra da haren aurka jokatzea; gauza handia da.
«Ahalik eta gorena iritsi nahi dut. Orain, Lehen Mailan jokatzeko aukera dut, eta, nire ustez, ondo ari naiz»
Hark du presio handiena?
Hori esaten da halakoetan, baina nik ez diot kasu egiten horri: faborito izan edo ez, ni beti sentitzen naiz berdin. Biok saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoena egiten.
Zer egin behar duzu ondo aukeraren bat izateko?
Ikusi, askotan ikusi dut telebistan Altuna jokatzen, eta asko disfrutatu dut harekin. Baina sekula ez naiz aritu haren aurka, eta ez dakit zer egin behar dudan hari irabazteko. Argi dut oso zaila izango dela. Saiatuko naiz erritmoa ematen, deseroso aritu dadin.
Gertatzen dena gertatzen dela, sailkatzeko beste aukera bat izango duzu azken jardunaldian. Kontuan hartzekoa da hori?
Dudarik gabe. Oso garrantzitsua da lehen partida irabazi izana; izan ere, horri esker, Altunaren aurka zer gerta ere, ziur aski nire esku egongo da azken jardunaldian sailkatzea edo ez. Oso pozik nago, gutxienez azken jardunaldira arte ariko bainaiz lehia betean.
Zer litzateke finalerdietarako sailkatzea?
Sekulakoa litzateke, baina eguneroko lanean dut arreta osoa. Pentsaera horrek ekarri nau hona.
B multzoko bi partidak jokatuko dituzte gaur
Gaur jokatuko dituzte B multzoko bigarren jardunaldiko bi partidak. 19:00etan, Villabonan (Gipuzkoa), Ezkurdia eta Jaka ariko dira; biek irabazi zuten lehen jardunaldian. 21:15ean (ETB1), berriz, Zornotzan (Bizkaia), Peio Etxeberriak eta Larrazabalek jokatuko dute; biek galdu zuten lehen neurketa.