Bidasoa 17-37 Bartzelona

Bidasoak egurra jaso du Espainiako Kopako finalean

Irungo taldeak ez dio kilimarik ere egin Bartzelonari: 0-7 galtzen hasi da, eta ez du zereginik izan gero. Lortua zuen helburu nagusia: Europarako sailkatzea.

Mujika eta Gonzalez defentsa lanetan, gaur, Alacanten. ESPAINIAKO ESKUBALOI FEDERAZIOA
Mujika eta Gonzalez defentsa lanetan, gaur, Alacanten. ESPAINIAKO ESKUBALOI FEDERAZIOA
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 7a
18:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidasoak usaindu ere ez du egin Espainiako Kopa. Finalerako sailkatuta, Irungo taldeak betea zuen Kopako helburu nagusia, Europarako sailkatzea, eta gaur lehiatu ere ez du egin Bartzelona ahalguztidunaren kontra Alacanten (Herrialde Katalanak) jokatu duen finala. Kataluniako taldeak sekulako nagusitasuna erakutsi du lehen minutuetatik, berehala egin du ihes markagailuan (0-7), eta besoak jaitsi ditu Bidasoak. Azken urteetan eman dizkio zenbait susto Bartzelonari, baina gaur ezinezkoa izan da.

Hiru egunetan hiru partida jokatuta, nekea ere agerikoa izan da Bidasoako jokalariengan. Bartzelonakoek, berriz, sasoi betean daudela erakutsi dute; datorren asteburuan dute denboraldiko helburu nagusia, Kolonian (Alemania) jokatuko den Txapeldunen Ligako lauko finala, eta gaur frogatu dute erronka horri aurre egiteko prest daudela.

Partida gaizki hasi du Bidasoak. Erasoan zuloak topatu ezinda aritu da, eta topatutakoan Emil Nielsen atezainak eragotzi ditu Irungoen golak. Laugarren minutuan lehen hutsartea eskatu behar izan du Alex Mozas prestatzaileak (0-3), baina ez du lortu odolustea etetea, eta bigarrena eskatu du hiru minutu geroago (0-7).

Zerbait aldatze aldera, Nacho Valles sartu eta zazpi jokalarirekin jokatzen hasi da Bidasoa. Erdikoak sartu du Irungo taldearen lehen gola 11. minutuan, baina zazpirekin jokatzeak arriskuak ditu, eta Bidasoak eman dion aukera bakoitza baliatu du Bartzelonak kontraerasoan golak sartzeko. Laster kendu du zazpigarren jokalaria Mozasek (2-12).

Atepean, Nielsenen ikuskizuna sekulakoa izan da: lehen zatian hamahiru geldiketa egin ditu danimarkarrak, gehienak sei metroetatik. Ez da alferrik, askorentzat, munduko atezainik onena. Fin aritu da Leo Maciel ere —zortzi geldiketa lehen 30 minutuetan—, baina ez du askorako balio izan.

Zereginik ez

Lehen zatiko azken minutuetan lortu du Bidasoak errenta askoz gehiago ez handitzea (8-20), baina berandu zen ordurako.

Bigarren zatia denbora-pasa izan da, eta bi taldeek aldaketa asko egin dituzte norgehiagoka erabakita zegoenaren jakitun. Ezinean segitu du Bidasoak, eta apurka errenta are handiagoa lortu du Bartzelonak, amaierako 17-37ra arte.

Gaurko partida pattala izan da, baina Espainiako Kopa ona egin du Bidasoak. Final-laurdenetan Torrelavega hartu zuen mendean (32-26), finalerdietan Huesca (30-37), eta bi partida on horiei esker lortu du asteburuko helburu nagusia, Europako Ligarako txartela. 30 urte zeramatzan, gainera, Kopako finala jokatu gabe. Datorren denboraldira begira jarri behar orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE