Bilbo Basket eta Baskonia ligako kanporaketen zurrunbiloan sartuta daude. Herenegun jokatu zuten final-laurdenetako lehen partida, eta gaur jokatuko dute bigarrena. Horrek, onerako zein txarrerako, zera dakar: ez diela egindakoan pentsatzeko aukerarik eman. Ezinbestean gaurko norgehiagokan jarri behar dute arreta. Bilbo Basketek derrigor irabazi behar dio Valentziari Miribillan (19:00, Dazn); bestela, oporretan izango da. Irabaziz gero, aldiz, beste neurketa bat jokatuko du igandean, Valentzian. Baskoniak, berriz, ziurtatua du hirugarren neurketa hori. Baina gaur Badalonan irabaziz gero, ez du horren beharrik izango, eta finalerdietarako sailkatuta egongo da.
Herenegun gertatu moduan, Bilbo Basket izango da lehiatzen aurrena. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak partida handia jokatu zuen herenegun Valentzian. Bikain lehiatu zen, komeni zitzaion erritmoan jokatu zuen, eta estu hartu zuen aurkaria. Neurketa amaitzeko sei minutu falta zirenean hamahiru punturen aldea ateratzen zion Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeari: 62-75. Baina hortik aurrera gauzak korapilatu zitzaizkion. Valentziaren jokalari erabakigarriak agertu ziren, erasoan asmatu ezinik egon ziren bost minutu, eta epaileek erabaki eztabaidagarriren bat hartu zuten. Hala, etxekoek 14-0eko partziala lortu zuten, eta azkenerako hiru puntuz irabazi zuten: 83-80.Â
Gaur Miribillan bilduko diren zaleen babesa izango dute bilbotarrek. Horrek hauspotuta, asteazkenean egindako ahaleginetik indartu, eta berriro ere bete-betean lehiatu beharko dute Valentziari irabazteko. Izan ere, Pedro Martinezen taldea ligako indartsuenetakoa da, eta Europan ere distira egin du, Euroligako Lauko Finala jokatuta. Hirukoetan, abiaduran eta buruz buruko jokaldietan —arlo horretan Montero (17 puntu), Key (17 puntu) eta Pradilla (15 puntu) nabarmendu ziren— oinarritzen dute beren jokoa. Oraingo honetan ere ondo zaindu beharko dituzte arlo horiek, eta nekea kontrolatu. Izan ere, bilbotarrek ahalegin handia egin zuten, eta Valentzia ohituago dago bi egunetik behin jokatzera. Jaume Ponsarnau teknikaria baikor da: «Egia da 1-0 goazela atzetik, baina Valentziaren aurka ondo lehiatzeko gai garela erakutsi dugu, eta horri heldu behar diogu. Miribillaren babesa ere funtsezkoa izango da. Bete-betean aritu behar dugu, eta intentsitate handiz jokatu. Dena emango dugu».
Erabakita utzi nahi du
Baskoniak izerdi dezente atera behar izan zuen kanporaketako lehen puntua lortzeko, baina poltsikoan duela helduko dio gaurko norgehiagokari. Minutu gehienetan aurretik joan arren, arabarrek ez zuten lortu markagailuan aldea lortzea. Gainera, Joventutek komeni zitzaion erritmoan jokatu zuen, Ricky Rubio antolatzaile lanetan zela. Hirugarren laurdenean bost puntuz aurretik jarri zen Badalonako taldea: 41-46. Baina 12-5ko partziala lortuta, Baskoniak buelta eman zion gero partidari. Bisitariek lanean jarraitu zuten, eta aldea txikitu zuten. Baina laugarren laurdenean gasteiztarrek 11 punturen aldea lortu zuten, eta garaipenerako bidea hartu. Aipatzekoa izan zen Omoruyiren eta eta Spagnoloren ekarpena: lehenak hamahiru puntu sartu zituen; bigarrenak, berriz, hamabi.
Paolo Galbiatik, Baskoniaren entrenatzaileak, argi du zertan hobetu beharko duten gaurko partidari begira: «Taldeak askeago jokatu behar du, ez horren lotuta. Gainera, oldarkorrago aritu behar dugu defentsan, baloia berreskuratu, eta kontraerasoak egiteko».