Andueza, Munduko Futbol Txapelketari buruz: «Espero dut azken erabakia Sabin Etxean ez hartzea»

PSE-EEko idazkari nagusiak esan du jeltzaleek «bertigoa» sentitu dutela azken unean. Txapelketa «erakusleiho paregabea» dela eta, uste du errentagarritasun ekonomikotik harago begiratu behar dela.

PSE-EEko idazkari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L.RICO / EFE
PSE-EEko idazkari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L.RICO / EFE
aitor biain
2026ko maiatzaren 21a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hartxintxar bat baino gehiago, buruko min handi bilakatzear da Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izateko aukera Eusko Jaurlaritzarentzat. Eztabaida arlo politikora igaro da jada, eta gobernu bazkideen arteko harremanean beste arrakala bat sortzekotan da gaia. Eneko Anduezak gaur egindako adierazpenak dira horren erakusgarri. PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du jeltzaleek «bertigoa» sentitu dutela azken unean, eta ohartarazi du bazkide diren heinean sozialistek ere zeresana dutela azken erabakia hartzeko garaian.

Eusko Legebiltzarrean hitz egin du Anduezak gaur, eta atzo gainerako alderdi politikoek egindako arrapostuei batu zaie. Sozialisten buruak adierazi du «Euskadi mundura saltzeko erakusleiho paregabea» dela txapelketa hori, eta epe motzera baino gehiago, epe luzera begiratu behar dela halako kasuetan, ondorioak ere arlo ekonomikotik harago doazelako: «Espero dut hau errentagarritasun terminoetan ez aztertzea».

Edozein moduz, eztabaida are gehiago hauspotu du PSE-EEko idazkari nagusiak, zalantzan jarri baitu atzo Imanol Pradalesek esandakoa. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen FIFAren «baldintza berriek» sortu dituztela Donostia eta Bilbo Munduko Futbol Koparako hautagai izateari buruzko zalantzak. Anduezak esan du, ordea, beraiek ez dakitela zeintzuk diren baldintza horiek eta ez dutela horren berririk.

Horiek horrela, erakundeek martxan duten hausnarketa prozesuari lotuta, jeltzaleei ohartarazi die azken erabakia ezin dela EAJren egoitza den Sabin Etxean hartu. Anduezak adierazi du sozialistek ere erabaki horren parte izan behar dutela, gobernu bazkideak baitira erabaki hori hartzea dagokien erakunde guztietan: «Gobernukide moduan, espero dugu hausnarketa hori elkarrekin egitea eta azken erabakia Sabin Etxean ez hartzea».

Azpimarratu du, halaber, gai hau —beste edozein izan daitekeen bezala— bazkideen arteko «ika-mika iturri» bilakatuko dela, baldin eta EAJk «aldebakarrez» jardutea erabakitzen badu. Edozein moduz, esan du EBBko presidente Aitor Estebanen deiaren zain dagoela, eztabaidari buruz hitz egiteko. «Hitz egiteko prest dagoenean, deitzeko» eskatu dio espresuki.

Donostiako alkate Jon Insaustik (EAJ) zabaldu zuen hautagaitzari buruzko eztabaida lehendabizi, eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek hauspotu zuen gero. Oraingoz, ez du gaiari buruz hitz erdirik ere esan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, ordea. Eta isiltasun hori ez da oharkabean pasatu sozialisten buruarentzat. Bada, haren iritzia entzutea nahiko lukeela esan du Anduezak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE