Bolada onean dago Ander Murua (Arrasate, Gipuzkoa, 2000): duela bi hilabete B Serieko binakako txapela irabazi zuen Arkaitz Gabirondorekin batera, eta, gaur, buruz burukoa jokatuko du Unai Amianoren aurka.
Buruz buruko finala jokatzear zara. Zer moduz zaude?
Oso pozik nago, partida jokatzeko gogoz. Finalerako sailkatu ondorengo astea oso polita izan da. Zorionez, duela bi hilabete antzekoa bizi izan nuen. Egun politak dira hauek, eta aprobetxatu egin behar dira ingurukoekin egoteko.
Duela bi hilabete binakako txapeldun izan zinen. Bolada onean zaude.
Bai, eta horri eustea da helburua. Ea beste txapel bat irabazten dudan. Garai onak aprobetxatu egin behar dira, txarrak berehala etortzen baitira, eta horietatik ateratzea askotan kosta egiten baita. Indartsu egon behar da horiek iristen direnerako. Gaur-gaurkoz, ondo ari naiz, eta konfiantza dut neure buruarengan. Lasai nago finalerako.
Iaz lehen aldiz jokatu zenuen buruz burukoa, eta aurreneko partidan galdu zenuen. Arantza hori atera duzu?
Arantzarik ez nuen. Aingeru [De la Fuente] ni baino hobea izan zen partida horretan. Gero, ondo aritu nintzen udan, eta arantza atera nuen. Lehen partida hori ahaztua nuen txapelketa honi ekin nionean. Eta, gero, agerikoa da iaz baino hobeto aritu naizela.
Nola ikusi duzu zeure burua?
Ondo aritu naiz. Partida zailak jokatu behar izan ditut, baina ondo egin diet aurre. Hala ere, finala oso partida garrantzitsua da, eta hori jokatu eta gero egingo dut azken balorazioa.
Unai Amianoren aurka jokatuko duzu finala. Zer itxura hartzen diozu partidari?
Partida zaila da: hura izan da txapelketako pilotaririk onena; besteok baino koska bat gorago ibili da. Bera da faborito argia. Baina nik nire lana ondo egiten badut, irabazteko aukera dut. Horretan saiatuko naiz.
22-17 irabazi zizun ligaxkan, etxean. Zerbait esan nahi du horrek?
Ez. Pilotari berberak gara, baina testuingurua erabat ezberdina da. Badakit zertan egin nuen huts eta zertan asmatu nuen egun horretan.
Zertan egin zenuen huts? Zer egin behar duzu ondo finalean irabazi ahal izateko?
Hobeto sakatu behar dut. Ez nion minik egin sakez, ziurrenik haren merituei esker. Ekimena izan behar dut, partidari ondo ekin, eta hura frontisetik ahalik eta urrutien eduki; ez dadila erraz sartu ezkerrez.
Bi estiloren arteko lehia izango da?
Bai. Haren estiloa kolpean oinarritzen da. Pilota gogor jotzeaz gain, beste gauza batzuk ere ondo egiten ditu: oso ondo dabil errematatzen. Harekin konparatuz, nik ez dut horren luze jotzen pilota; azkar saiatzen naiz errematatzen. Afizionatuetan elkarrekin aritutakoak gara. Beraz, oso ondo ezagutzen dugu elkar.
Urte eta erdi pasatxo daramazu profesionaletan. Pozik zaude orain arte egindakoarekin?
Bai. Oso gustura nago. Kosta egin zitzaidan profesionaletara jauzia egitea, beste pilotari batzuei baino gehiago. Horregatik ematen diot balio handiagoa bi urte hauetan egin dudanari. Hori izan da sekretuetako bat. Ondo ari naiz, eta gustura nabil kantxan.