Unai Amianok (Irun, Gipuzkoa, 2004) zortzi hilabete eskas daramatza profesionaletan, eta bigarren finala jokatuko du: lau eta erdikoa galdu eta gero, buruz buruko txapela jantzi nahi du. Ander Murua izango du aurkari, gaur, Labriten.
Buruz buruko finala jokatzear zara. Zer moduz zaude?
Oso pozik nago, finalaz disfrutatzeko irrikaz.
Zortzi hilabete eskas daramatzazu profesionaletan, eta bigarren finala duzu: azaroan lau eta erdikoa jokatu zenuen. Espero baino hobeto ari zara?
Debutatzean beti izaten duzu finalak jokatzeko ilusioa, baina errealitateak argi esaten dizu oso zaila dela hori lortzea. Zorionez, bigarren finala jokatuko dut. Uste baino hobeto nabil, helburuak uste baino azkarrago betetzen. Ederki nabil.
Lehen aldiz jokatu duzu buruz burukoa. Zer helburu zenuen?
Txapelketa hasi aurretik, oso ondo ari nintzen entrenatzen, eta konfiantza nuen neure buruarengan. Izan ere, lau eta erdikoan finala jokatu nuen, nahiz eta ustez modalitate horretan moldatzen naizen okerren. Argi nuen partidaz partida joan beharra nuela, are gehiago kontuan hartuta lehenbizi final-zortzirenetako kanporaketa jokatu beharko nuela. Gainera, afizionatuetan ez nuen asko jokatu buruz buru, eta banuen kezka txiki bat. Zorionez, ondo aritu naiz, eta finala jokatzea horren erakusgarri da.
Zer itxura hartzen diozu finalari?
Gogorra izango da, ziur. Ander oso arriskutsua da aurrean, eta abiadura handia ematen dio jokoari; oso borrokalaria da. Ligaxkan irabazi egin nion, baina horrek ez du ezertarako balio: beste frontoi batean jokatuko dugu eta beste giro bat egongo da.
Jokamolde oso ezberdinak dituzue.
Oso pilotari ezberdinak gara. Niri jokamolde ordenatuagoa komeni zait, kolpez hura baino gehiago bainaiz. Baina finalak ez dira bakarrik kolpez irabazten; izan ere, aurkariak dena aldrebesten badizu eta mendean hartzen bazaitu, ez duzu jotzeko aukerarik. Jo aurretik lan asko egin beharko dut, eta aukera dagoenean bukatu. Anderrek ez du nahi izaten partida gogortzea, baina gogortzen denean ere oso ondo moldatzen da. Aukerak sortzen saiatuko da, eta ziur guzti-guztiak aprobetxatuko dituela. Nire esku egongo da hark aukerarik ez izatea.
Non egongo da gakoa?
Sakean eta errestoan. Horrez gain, garrantzitsua izango da ondo hastea, finala izanik tentsio handia egongo baita. Oraingoz lasai nabil. Halaxe egon nintzen aurreko finalean ere, baina jada final bat jokatu izanak mesede egiten du.
Pozik zaude orain arte egindakoarekin?
Bai, oso pozik nago. Minik ez hartzea eta jarraitutasunez jokatzea zen lehen helburua, eta hori lortu dut. Lehen finala jokatu dut, eta, galdu arren, harro egoteko moduko lana egin. Gero, binakakoak ikasteko balio izan zidan. Orain, buruz buruko finala jokatuko dut. Oso ondo joan da dena. Ea lana biribildu dezakedan.