Berezitasun ugari izan zituen atzo Euskotren eta Eusko Label ligaren hasierak. Ezohikoa izan zen estropada jokatu zen lekua. Madrilgo Buitrago del Lozoyan jokatu baitzen. Estropadaren luzera eta jokatzeko modua ere desberdinak izan ziren. Baina, aldeak alde, Orio eta Arraun Lagunak dira oraindik ere ontzirik indartsuenak.
Bi ligetako ontziek normalean baino bi ziaboga gehiago egin behar izan zituzten. Euskotren ligakoek, hiru ziaboga eta lau luze, eta Eusko Label ligakoek, bost ziaboga eta sei luze. Arraun Lagunak-eko Aiora Belartieta (Lasarte Oria, Gipuzkoa, 2002) eta Orioko Martxel Aldai (Aia, Gipuzkoa, 1997) traineruan izan ziren atzo. Belartietak azaldu du nola heldu zioten ziaboga gehiago egin behar izateari: «Aldez aurretik bagenekien non arituko ginen. Luzeagoa izateak mesede egin zigun». Orioko arraunlariak ere horren inguruan eduki zituzten bizipenak kontatu ditu: «Gorka Aranberri patroi eta Mikel Lizarralde lehenengo tostan edukitzeak segurtasuna ematen digu. Hala ere, trainerua gelditu eta berriro ekitea erronka izan zen, baina ongi moldatu ginen».
«Aldez aurretik bagenekien non ariko ginen. Luzeagoa izateak mesede egin zigun»
AIORA BELARTIETA Arraun Lagunak-eko arraunlaria
Erlojupekoan binaka
Estropadak beste berezitasun bat ere izan zuen: erlojupeko formatuan traineruak binaka irten zirela. Bi ligetan, joan den denboraldiko sailkapena hartu zuten erreferentzia gisa, eta horren arabera irten ziren ontziak. Erlojupekoetan hori ez da ohikoa izaten, normalean banaka irteten baitira. Atzokoan, ordea, erreferentzia zuten, eta horren garrantziaz aritu da Aldai: «Normalean banaka ateratzen gara erlojupekoetan, baina oraingoan erreferentzia bat eduki ahal izateak lagundu zuen». Iritzi berekoa da Belartieta: «Gure aurkari zuzena den Tolosaldea ondoan edukitzeak lagundu zigun. Bagenekien, gainera, lehenengo bi luzeetan gainean egongo zirela».
«Trainerua gelditu eta berriro ekitea erronka izan zen, baina ongi moldatu ginen»
MARTXEL ALDAI Orioko arraunlaria
Hirugarren ziabogan, kukuak oker jo zion Tolosaldeari. Balizan trabatuta geratu zen trainerua, eta ondorioz segundo asko galdu zituen. Une horretan, Arraun Lagunak-eko ontzia bete-betean ari zen lanean, eta Belartietak aipatu du ez zela horretaz ohartu: «Unean bertan ez nuen ikusi zer gertatu zitzaion Tolosaldeari, nire lanari adi nindoan eta. Soilik segundo batzuk atzera geratu zirela ikusi genuen gerora». Belartietak ikusi zuen puntu kritikoren bat estropadan: «Batez ere irteeran aurkitu genuen zailtasunik handiena». Aldaik, berriz, ziabogatik hurbil ikusi zuen zailtasuna: «Ziaboga baino minutu bat lehenago traineruak pisua hartzen zuela ikusi genuen. Gune horretan ur gutxiago zegoela eta».

Joan den denboraldian ere bi traineru horiek nagusitu ziren lehen estropadan. Aldaik balioa eman dio berriro ere lehen estropada irabazteari: «Ikuspuntu berarekin ekin diogu ligari. Faborito izatearen pisu hori hartuta, ongi hasi nahi genuen, eta lortu dugu. Balio izan digu gure lekua benetan hau dela erakusteko». Belartieta ere pozik dago: «Bandera guztiak dira ongi etorriak. Ongi hastea garrantzitsua da beti». Hurrengo asteburuan Bilbon eta Zierbenan izango dira bi ligetako estropadak.