Iritzia ematen hasi zen, baina erabakiak hartuko ditu orain Jose Antonio Prieto Cata-k Osasunan. Idazkari tekniko zebilen orain arte, Braulio Vazquez kirol zuzendariarekin eskuz esku, baina hura Valentziara joan da, eta bera dabil haren ordez. Luis Sabalza Osasunako presidenteak argi utzi zuen Braulioren agurreko prentsaurrekoan Cata ez zela ariko behin-behinean, eta «hurrengo urteetarako» kirol zuzendaria izango zela. Eta Sabalzak horri eutsi dio gaur, Cataren aurkezpenean. Horren erakusle, 2029ra arteko kontratua izango du, Brauliok zuen bezala.
Kirol zuzendari berria «oso eskertuta» dago klubak eman dion aukeragatik. «Oso pozik nago, oso zoriontsua bainaiz Osasunan. Pertsonalki eta profesionalki prest ikusten dut neure burua. Nire bizitzaren garairik onenean nago», esan du.
Hala ere, aitortu du hark ez zuela nahi Braulio joatea. Izugarri eskertuta azaldu da Brauliorekin, eta hunkitu egin da hari buruz hitz egin duenean. «Hark deitu ninduen Ferrolen gaueko txandan zebilen udaltzain bat besterik ez nintzenean. Dei hori izan da bizitzan gertatu zaidan gauzarik garrantzitsuena. Denok behar dugu inork gure alde apustu egitea, eta Brauliok nire alde egin zuen apustu. Leial jokatuz eta lan eginez ordaindu diot. Plazera izan da kirol zuzendari onenetako batekin aritzea, baina Braulio zerbait bada, sekulako pertsona da. Nire bizitzako bederatzi urterik onenak bizi izan ditut harekin Osasunan».
Nabarmendu du Brauliok «ondare ikaragarria» utzi duela, baina zehaztu du pertsona guztiak «ezberdinak» direla. «Ni ez naiz Braulio. Ni Cata naiz. Oso gustura aritu naiz Brauliorekin, eta zeresana izan dut erabakietan. Baina Brauliok hartzen zituen erabaki horiek, hark zuen azken hitza. Orain, ordea, nirea izango da azken erabakia. Natural hartuko ditut erabaki horiek, kirol eta ekonomia arloekin koherente jokatuta».
Bi helburu aipatu ditu: «Lehen Mailan jarraitu behar dugu, eta klub moduan hazten segitu. Nire egitekoa da bi helburu horiek lortzeko lana egitea». Harrobiaz, berriz, esan du helburua dela jokalari gazteak «futbol profesionalera prest iritsi eta horretan egonkortzea».
«Pertsonalki eta profesionalki prest ikusten dut neure burua. Nire bizitzaren garairik onenean nago»
JOSE ANTONIO PRIETO, 'CATA' Osasunako kirol zuzendaria
Taldeak orain arte egindako lana ere aztertu du, eta aitortu du «kezkatuta» dagoela Sadarren jokatutako lau partidetan bost puntu baino ez dituztelako lortu, eta hori egin dutela nahiz eta orain arteko egutegia ondorengoa baino «samurragoa» izan den. «Gustatuko litzaidake punturen bat gehiago izatea». Hala ere, azpimarratu du «mailari eusteko moduko taldea» dutela, eta «gai» direla edozein tokitan lehiatzeko. Ados dago Luis Miguel Ramisek azken partida bukatzean esan zuenarekin. «Atzealdeko sendotasuna berreskuratu dugu, baina erasoaren eraikuntzan hobetu beharra dugu».
Taldeko jokalarien batez besteko adina kontuan hartuta, Espainiako Lehen Mailan Osasunak dauka handienetan bigarrena: 27,5 urte. Catak, hala ere, argi utzi du garrantzitsuena «kirol errendimendua» dela, eta ez adina. Ante Budimir jarri du eredutzat, hura baita jokalaririk helduena Osasunan: 35 urte. Hain zuzen, aurrelari kroaziarrari kontratua bukatuko zaio denboraldi amaieran. Cata oso zoriontsu litzateke Budimirrek taldean jarraituko balu. «Arrastoa utzi du. Nire ustez, taldean egon den aurrelaririk onena da. Guztiok poztuko ginateke Osasunan jarraituko balu».
«Trantsizio lasaia»
Sabalzak, berriz, azaldu du zuzendaritzan «aspalditik» zutela «oso argi» Brauliok taldea uzten bazuen Cata zela «lehen aukera». Hiru arrazoi aipatu ditu. Lehena, Catak «oso ondo» ezagutzen duela kluba bere osotasunean. «Trantsizio oso lasaia izango da, klubaren informazioa baitauka eta ondo ezagutzen baitu. Ez du galduko minutu bat bera ere egokitzen».
Beste arrazoietako bat Cataren «eskarmentu profesionala» da. «Cata idazkari teknikoa baino gehiago zen. Brauliok zuen azken hitza, baina Catak zeresan handia zuen erabakiak hartzeko orduan. Konbentzituta gaude ondo ariko dela; ez da ustea, esperientziak emandako konbentzimendua baizik».
«Konbentzituta gaude Cata ondo ariko dela; ez da ustea, esperientziak emandako konbentzimendua baizik»
LUIS SABALZA Osasunako presidentea
Azkenik, Catak futbolaz duen «ezagutza handia» hartu dute kontuan. «Klubetik pasatu diren askok esan digute ez dutela ezagutu futbolaz hark baino gehiago dakien inor. Ez da big data, big Cata baizik. Ezagutzak ez du ziurtatzen arrakasta izatea, are gutxiago futbolean, baina lagungarria da arrakasta izateko».
Sabalzak azpimarratu duenez, postu aldaketak «bi aldaketa» eragingo dizkio Catari. «Batetik, hark hartuko du azken erabakia. Eta, bestetik, klubaren irudia izango da. Ez da erraza hori egitea, baina lasai gaude, eta oso pozik, eskurik onenetan baitago gure kirol proiektua».