Asteburuetan hara eta hona ibiltzen dira Galiziako taldeak. Chapela Galiziako ligan lehiatu da azken urteetan, baina aurten erabat aldatu da haien asteburuetako jarduna, Eusko Label ligan ari baita, aurrenekoz. Uda osoan bidaia luzeak egin behar izaten dituzte, baina, asteburu honetan, etxean ariko dira, Redondelan (Galizia) eta Bueun (Galizia) jokatuko baitira Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak.
Etxean lehiatzea berezia da Galiziako taldeentzat. Zaleen aurrean ariko dira, eta pizgarria da hori. Herrian «ilusioa» piztea espero du Anxo Alvarez (Vigo, Galizia, 1999) Chapelako arraunlariak. Gaurko eremua, gainera, inork baino hobeto ezagutzen dute Chapelakoek; lehen aldiz jokatuko dute Eusko Label ligako estropada bat bertan: «Estropada lehiakorrak izango direla uste dut. Estropada eremua baldintza onetan egongo da, eta, horren ondorioz, kaleen artean ez da alderik egongo. Jardunaldi gogorra izango da». Alvarezek taldea «ongi» dagoela esan du, ilusioz, eta adierazi hasieratik arraunketa egokian aritzea izango dela gakoa.
Bost bandera jokatu dira orain arte ligan, eta, oraintxe, azken-aurreko postuan dago Chapela, hamahiru puntu lortuta. Alvarezen hitzetan, orain arteko balorazioa «gazi-gozoa» da. Aitortu du badutela zer hobetua. Asteburu honetan ligako seigarren eta zazpigarren jardunaldiak jokatuko dituzte, eta Chapelako arraunlariak lehen estropadak oroitu ditu: «Esperientzia falta nabaritu genuen, eta lehiakorragoak izatea falta izan zitzaigun. Hurrengo estropadan ongi aritu ginen, baina kanpoaldera kosta egin zitzaigun». Egindako akatsetatik ikasi nahi dutela azpimarratu du.
Talde igo berria da Chapela, eta aurrenekoz ari da gorenean lehiatzen. Orain arte, Galiziako ligan aritu da hainbat urtez. Horregatik, zenbait arraunlari lehen aldiz ari dira Eusko Label ligan. Horren harira, Alvarezek azpimarratu du taldeari «esperientzia falta» nabaritzen zaiola batzuetan. Chapelako arraunlariak gaineratu du orain arte «eroso» aritu direla Galiziako ligan. Orain, ordea, bestelako testuinguru batean ari dira jokatzen.
«Lehenengo estropadetan, esperientzia falta nabaritu genuen, eta lehiakorragoak izatea falta izan zitzaigun. Hurrengo estropadan, ongi aritu ginen, baina kanpoaldera kosta egin zitzaigun»
ANXO ALVAREZ Chapelako arraunlaria
Galiziako taldea kaskar aritu zen azken asteburuan. Castro-Urdialesen (Espainia) eta Orion (Gipuzkoa) jokatutako estropadetan azken lekuan geratu zen Juan Zunzunegik zuzendutako taldea. Aurrekoetan, baina, lortu zuen gutxienez traineru bat edo bi atzean uztea. Hortaz, oraintxe, kanporaketak jokatzeko postuetan da. Aurkariak «azkar» dabiltzala azpimarratu du Alvarezek. Isuntzarekin, Santurtziren eta Aresekin dabil lehian lehen txandan.
Orain arte jokatutako estropadetan denetik gertatu da, eta taldeek egoera guztietara egokitu behar izan dute, ezinbestean. Chapelako arraunlariak nola aritu diren azaldu du: «Lehiakor gabiltza, eta gauzak ongi egiten ari gara. Aldiz, garrantzia duten hainbat xehetasunetan ez gara asmatzen ari, eta horrek garrantzia du lehiatzeko orduan».
Bidaia luzeak
Ia asteburuero bidaiatu behar dute. Furgonetan joaten dira gehienetan, eta Chapelako arraunlariak nola izaten den kontatu du: «Bidaia arinak izaten dira. Taldean giro ona dago, eta umore onean joaten gara». Hala ere, familia eta lagunak «albo batera» utzi behar izatea «zaila» dela aitortu du.
Gustura dabil Alvarez. Ez zaio arrotza egin Eusko Label liga; izan ere, Tiranen aritu zen hiru denboraldiz. Pozik dago berriro bertan lehiatzen ari delako, eta onenen aurka aritzeak gehiago motibatzen duela aitortu du. Horrez gain, sasoia aurrera doan heinean, taldea hobeto aritzea espero du. «Itsasoan ahalik ondoen aritu, eta kanporaketetan sartu nahi dugu».