Arrauna

Deustu eta Zarautz: Eusko Label liga helburu

Asteburuan jokatuko dituzte Eusko Label ligako kanporaketak, Bermeon eta Portugaleten. Larunbateko estropadan ondo aritzea funtsezkoa dela uste dute Beñat Eizagirre Zarauzko arraunlariak eta Ander Bernardez Deustukoak.

Zarauzko arraunlariak, estropada batean. ZARAUTZ ARRAUN ELKARTEA
Zarauzko arraunlariak, estropada batean. ZARAUTZ ARRAUN ELKARTEA
2026ko irailaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hilabeteko lana biribiltzeko garaia heldu da. Asteburuan jokatuko dituzte Eusko Label ligako kanporaketak, larunbatean Bermeon (17:15, ETB1) eta igandean Portugaleten (10:45, ETB1). Ares, Deustu, Zarautz, Cabo eta Tiran izango dira datorren denboraldian goi mailan aritzeko lehian, baina horietatik bik soilik lortuko dute.

Deustuk lehen aldiz irabazi du KAE 1 liga, eta bigarren aldiz jokatuko ditu Eusko Label ligara igotzeko kanporaketak. Ander Bernardez Deustuko arraunlariak taldea nola dagoen kontatu du: «Jokatu genuen azken estropadatik denbora asko igaro da. Horregatik, urduritasuna nabari da taldean, baina eguna heltzeko gogoz eta ilusioz gaude». 

Itsasoan izango da Bermeoko estropada, eta errekan jokatuko da Portugaletekoa. Deustu Bilboko ibaian entrenatzen da. Hala ere, hurbil dute Bermeoko eremua, eta bertan aritu dira behin baino gehiagotan kanporaketetarako prestatzen. Deustuko arraunlariak saio horietan zer baldintzetan aritu diren kontatu du: «Behin itsasoa harro zegoen, baina gainontzeko entrenamenduetan ongi aritu gara». Eremuen inguruan ere aritu da: «Bi eremu historiko dira. Bermeokoa, gehienetan, eremu zaila da arraunerako. Hala ere, ederrak dira».

Dena izaten da jokoan kanporaketen asteburuan, eta aukera ona du Deustuk lehen aldiz Eusko Label ligara igotzeko. Esperientzia duten arraunlariak dituzte, baina oro har talde gaztea dute, eta arraunlari askok ez dute halakorik inoiz bizi izan. Aprobetxatu egin nahi dute aukera: «Deustu behin baino ez da izan Eusko Label ligara igotzeko kanporaketetan, eta igoera lortzea denboraldi bikain hau errematatzea litzateke». 

Deustuk KAE 1 liga irabazi du, baina bi punturen aldea baino ez dio atera Zarautzi. Ibaiko estropadetan Deustu hobeto aritu da, baina Zarautzek itsasoan gehiago dela erakutsi du. Azken aurrekaria Kontxarako sailkatzeko estropadakoa da: Zarautzek Deustuk baino 30 segundo gutxiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Hala ere, Bernardezek konfiantza du taldearen jardunean: «Liga irabazi badugu ere, errespetua diegu gainontzeko taldeei. Galiziakoei dagokienez, Kontxako erreferentziak soilik dauzkagu, eta zaila da haiekin nola ibiliko garen antzematea».

Deustuko ontzia denboraldi honetan Erandion lortutako bandera ospatzen. DEUSTU ARRAUN ELKARTEA
Deustuko ontzia, denboraldi honetan, Erandion lortutako bandera ospatzen. DEUSTU ARRAUN ELKARTEA

Denboraldi ona osatu dute, baina Deustuko arraunlariak argi du zertan hobetu behar duten: «Deusturi beti itsasoko estropadetan aritzea kosta izan zaio gehien. Hala ere, aurrerapausoa eman dugu denboraldi honetan, eta, xehetasun batzuk hobetu behar baditugu ere, taldeak jarrera bikaina du oro har». Hainbat urtetan garatuz joan den proiektua da Tomatera ontziarena, eta goi mailan aritzeak zer esan nahiko lukeen kontatu du Bernardezek: «Familiarekin eta lagunekin goi mailan aritzearen inguruan hitz egiten dudanean, oilo ipurdia jartzen zait. Urteetan haziz joan den proiektu bat da gurea, eta estropada bakoitza opari bat izan da». 

«Jokatu genuen azken estropadatik denbora asko igaro da. Ondorioz, tentsioa nabari da taldean, baina eguna heltzeko gogoz eta ilusioz gaude»

ANDER BERNARDEZ Deustuko arraunlaria

Zarautzek ere denboraldi ona osatu du, eta Beñat Eizagirre Zarauzko arraunlaria gustura dago taldeak egindako lanarekin: «Fin aritu gara azken estropadetan. Deusturekin lehian izan gara denboraldi osoan, eta lan ona egin dugu. Azken asteetan ere ongi prestatu gara».

Liga bigarren postuan amaitu zuen Zarautzek, eta Kontxarako sailkatzeko estropadan hura izan zen kanporaketak jokatuko dituzten taldeen artean onena. Bederatzigarren egin zuen, eta hiru segundo atera zizkion Aresi, 26 Cabori, 30 Deusturi, eta 52 Tirani. Hala ere, arraunlariak ez du estropada hori erreferentzia gisa hartzen: «Ezberdinak dira Kontxako estropada eta kanporaketetakoa. Egia da Donostian ongi aritu izanak plus bat eman digula, baina kanporaketa estua izango dela uste dut».

Zarauzko taldeak nahiago du itsasoko estropadetan aritu. Hala ere, Deustuk zein Zarautzek bi eremuetan egin dute lan ona denboraldian: «Orain arte, Zarautz itsasoko estropadetan moldatu da ondoen. Hala ere, Deustuk bandera ugari irabazi ditu itsasoan denboraldi honetan, eta guk ibaian ere irabazi dugu. Xehetasun txikiek erabakiko dute asteburuko afera».

Oinarri sendoa

Zarautzek oinarriari eustea lortu du azken urteetan. Esperientzia duten arraunlariak ari dira bertan, eta gehienek badakite zer den goi mailan aritzea: «Fisikoki eta mentalki garai onean heldu gara. Arraunlari gehienok esperientzia daukagu, eta badakigu zer den kanporaketak jokatzea eta goi mailako ligan aritzea. Horrek konfiantza ematen digu, bai baitakigu nola aurre egin behar zaien halako estropadei».

Talde barruko esperientzia funtsezkoa izan da Zarautzek KAE 1 ligan helburuak lortzeko. Arraunlariak, hala ere, kontatu du ontzi barruan zenbait aldaketa egitea izan dela gakoa: «Azken urteetan oinarri sendoa mantendu badugu ere, ontzi barruko aldaketak garrantzitsuak izan dira. Garikoitz Uranga entrenatzailea ontzian aritu da, eta Hegoi Intxauspe eta Manuel Lasarte etorri izanak sendotu egin du taldea».

«Fisikoki eta mentalki garai onean heldu gara. Arraunlari gehienok esperientzia daukagu, eta badakigu zer den kanporaketak jokatzea eta goi mailako ligan aritzea»

BEÑAT EIZAGIRRE Zarauzko arraunlaria

Bi estropada izango dira, baina Eizagirrek argi du non egongo den gakoa: «Bermeoko estropada erabakigarria izango da, gainontzeko urteetan bezala. Lehen hiru postuetan sailkatzea ezinbestekoa izango da». Bermudez ere iritzi berekoa da: «Portugaleten ezustekoak izan badira ere, Bermeon emaitza ona lortzea ezinbestekoa izango da».

Gorka etxeberria izango da ondarroako entrenatzailea

Hainbat aldaketa iragarri dituzte dagoeneko arraun taldeek. Iñaki Errastik ez du segituko Ondarroako entrenatzailea izaten, eta Gorka Etxeberriak hartuko du haren lekua, klubak atzo jakinarazi zuenez. Etxeberriak badu esperientzia teknikari gisa: Getarian eta Arkoten aritutakoa da. Talde horietan «emaitza paregabeak» lortu zituela eta «lan bikaina» egin zuela adierazi du Ondarroak. Igor Makazagak ere ez du jarraituko Donostiarrako entrenatzailea izaten. Hamar urtez izan da Torrekua II ontziko burua: 2016an heldu zen, eta 2017an taldea Eusko Label ligara igotzea lortu zuen. Kike Manterolak ere ez du jarraituko Zumaiako entrenatzaile gisa. Hamalau urtez aritu da bertan, eta, besteak beste, haren eskutik Kontxako Bandera lortu zuen taldeak 2013an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA