Asteburu gazi-gozoa izan da Donostiarrarentzat Eusko Label Ligan. Larunbatean, dena ongi zihoan Castro Urdialesen (Espainia), harik eta bigarren ziaboga heldu zen arte. Arkaitz Diaz lemazain duen traineruak baliza alboan utzi beharrean parez pare jo zuen, eta horregatik, atzera joan eta maniobra zaila egin behar izan zuen. Ondorioz, ia minutu bat galdu zuen Torrekua II.a ontziak, baina azkenerako zazpigarren postua bereganatzeko moduan izan zen Igor Makazagak zuzendutako taldea. Igandean, Orion (Gipuzkoa), bestelako estropada egin zuen. Bigarren txandan nagusitzeaz gain, bigarren sailkatu zen, Oriorengandik zortzi segundora.
Xabat Pastor (Urnieta, Gipuzkoa, 1999) ontzian aritu da Donostiarrak asteburuan jokatutako bi estropadetan. Castron gertatutakoaren «balorazio gazi-gozoa» egin du; «izan ere, balizaren aurka jo izanak egin genuen estropada ona narrastu zuen». Orion, baina, horri buelta ematea lortu zuten: «Igandean arantza hori ateratzea lortu genuen, estropada ona osatuta».
«Ongi gaude. Bolada zailetan altxatu egiten garela erakutsi dugu. Datorrenari aurre egiteko gogoz gaude»
XABAT PASTOR Donostiarrako arraunlaria
Patroi lanetarako estropada exijentea izan zen Castrokoa. Traineruek lanak izan zituzten ibilbidea bide zuzenetik eramaten. Pastorrek zera kontatu du: «Ontzia ongi joan zen ibilbidean zehar. Denborak ikusita, istripua gertatu izan ez balitz, irabazteko lehian egongo ginatekeen».
Txarrenari onena
Donostiarrak larunbatean balizaren aurka jo eta ia minutu bat galdu bazuen ere, bost talde atzetik uztea lortu zuen. Horrek duen garrantzia azpimarratu du Pastorrek: «Denbora galduta ere, txanda defendatzeko gai izan ginen. Joan den astean ere estropada txarra egin genuen, eta horrelakoetan, funtsezkoa da ahalik eta puntu gutxien galtzea».
Horri erremedioa jartzeko, ez dago hurrengo egunean postu on bat eskuratzea baino hoberik. Eta horixe egin zuten biharamunean, Orion: «Hemendik aurrera, gure lana ongi egitean jarri behar dugu arreta. Ea emaitzek ere laguntzen diguten». Horren harira, «ondo» ikusten du taldea: «Ongi gaude. Bolada zailetan altxa egiten garela erakutsi dugu. Datorrenari aurre egiteko gogoz gaude».
Igandean emaitza ona lortu ondoren, larunbateko estropadak «amorrazioa» sorrarazi ziela aitortu du: «Hasieran, Zierbenaren parean izan ginen, baina ondoren, aurre hartu genien. Burutik gauza asko pasatu zitzaizkigun, eta hor atera genuen amorrua».
Gaur-gaurkoz, bosgarren lekuan da Donostiarra, ohorezko txanda markatzen duen laugarren postutik bost puntura. Euren aurkari «zuzenak» ohorezko txandan ari diren taldeak direla aipatu du Pastorrek. Urdaibai «sekulako maila» ematen ari dela irizten dio, eta Oriori, berriz, joan den urteko erregulartasuna «falta» zaiola. Gainera, uste du horrek pisu gehigarri bat sor diezaiokeela Oriori, Bermeoko (Bizkaia) taldeak «goiz» kendu baitizkio bi bandera. Bere taldea ere «ongi» ikusten du, eta asteburua ezin «biribildu» izanaren pena du.
Datorren asteburuan, Galizian izango dira estropadak. Pastor horiei begira dago: «Errekako estropadak dira, estropada azkarrak. Ikusi beharko da haizeak nondik jotzen duen. Estropada gogorrak espero dira. Gure helburua ahalik eta azkarren ohorezko txandan sartzea izango da».