Jon Iraola

«Eibarrek kirolarekiko daukan lotura goratu dute epaileek»

Aces Europa elkarteak izendatuta, Kirolaren Europako Hiria da Eibar aurten, beste hamabost hirirekin batera, 25.000 biztanletik 500.000ra artekoen mailan. Azaroan kongresu bat egingo dutela azaldu du Jon Iraola Eibarko alkateak.

jarraia232314.jpg
unai zubeldia
2023ko irailaren 01a
11:56
Entzun

Euskal Bizikleta, Euskal Herriko Itzulia, Arrateko santutegia, Arrate eskubaloi taldea, Astelena pilotalekua, futbola, errugbia… Eibar eta kirola betidanik egon izan dira elkarri oso lotuta, eta Aces Europa elkarteak lehen lerroan jarri zuen iaz hiria, 2023rako Kirolaren Europako Hiria izendapena emanda. Jon Iraola (Eibar, 1975) Eibarko alkatea harro dago lehen zortzi hilabeteotan egindako bidearekin. Eibarren kirola arnasten dela adierazi du, eta ziur dago arrastoa utziko duela Bruselatik iritsi zaion izendapen horrek.

Eibar, 2023ko Kirolaren Europako Hiria. Hala jakinarazi zuten iazko azaroan. Zer dago izendapenaren atzean?

Izendapen garrantzitsua da hiriarentzat. Eibarren, egunerokoan, oso gertutik bizi dugu kirola; oso presente daukagu beti. Aspaldikoa da Eibarrek txirrindularitzarekin daukan lotura; eskubaloia ere oso garrantzitsua izan zen gurean, Arrate elkartearekin; futbola ere bai, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeekin… Kirol klub asko dauzkagu Eibarren, oso garrantzitsuak denak. Herritarren zati handi batek egunero kirola egiten du gure instalazioetan eta kalean bertan. Instalazioak ez dira onenak, berrikuntzak behar dituzte, baina epaileek instalazioak ez, Eibarrek kirolarekiko daukan lotura goratu dute. Besteak beste, hurrengo urtean ehun urte beteko ditu Klub Deportiboak.

«Herritarren zati handi bat» aipatu duzu. 27.500 biztanle inguru dauzka Eibarrek, eta zenbat herritarrek egiten dute egunero kirola?

Kiroldegietako bazkideen datuak aintzat hartuta, gutxi gorabehera eibartarren %60k egiten dute egunero kirola. Bazkide ez diren asko ere kontuan hartu behar dira, pilotalekuan aritzen direnak, paseoan ibiltzen direnak… Oso pozik eta harro gaude datu horrekin; kopuru handia da. Eibarren kirola arnasten da.

Beste hamabost hirirekin batera da Eibar aurten Kirolaren Europako Hiria. Besteak beste, Viana do Castelo (Portugal), Velika Gorika (Kroazia) eta Tirana (Albania) daude zerrenda horretan. Harremanik edo sarerik sortu duzue Europako beste hiri horiekin?

Ez. 25.000 biztanletik 500.000ra arteko kategorian lortu dugu guk izendapena, eta oso desberdina da herri edo hiri bakoitzaren errealitatea. Bruselan izan ginen izendapena jaso genuenean, iazko azaroan, eta han elkartu ginen hiri guztietako ordezkariak, baina ez dugu izan harreman gehiago. Hori bai, komunikabideetan-eta gertutik zaintzen dugu besteak zertan ari diren, ideiak hartzeko eta urtean zehar gurean zer egin dezakegun ikusteko.

Gaur-gaurkoz, 27 kirol klub daude Eibarren, 21 modalitatetan banatuta. Kirol batzuetan, hala ere, izan ditu urte hobeak, ezta? Eskubaloian, esaterako…

Tira, bai… Gaur egun ere ahalegin handia egiten ari dira eskubaloian, eta emaitza onak lortzen ari dira, baina egia da beste maila batean zegoela Arrate kluba. Gorabeherak gorabehera, ordea, bada azpimarratzekoa den beste errealitate bat: Eibarren indar handia dauka emakumezkoen kirolak, eta Aces elkarteko epaileek eurek ere azpimarratu zuten hori. Udalean harrera asko egin genituen aurreko denboraldian, eta emakumezkoenak izan ziren asko; Eibar futbol taldea edo errugbi taldea, esaterako. Emakumezkoen kirola bultzatzen jarraitu behar dugu. Oreka behar dugu.

Txirrindularitza aipatu duzu, futbola, errugbia… eta pilota. Ezin da ahaztu Astelena pilotalekua, katedrala. Eibarrek dituen beste harribitxietako bat da, ezta?

Zalantzarik gabe. Oso toki garrantzitsua da guretzat. Duela pare bat urte egin genituen sarrera-irteerak hobetzeko lanak, eta zale asko biltzen da sanjoanetan, sanandresetan, Gabonetan… Oso harro gaude horrelako pilotaleku bat edukitzeaz. Astelenak babesa behar du maila horri eusten jarraitzeko, eta ahal dugun guztia egingo dugu guk.

Horrelako izendapenak ez dira musu truk iristen normalean, eta, betebeharren artean, nola ari zarete ustiatzen Eibar Kirolaren Hiria marka? Eta noiz zarete egitekoak nazioarteko lehiaketa edo kongresu bat?

Hainbat txapelketa eta ekintza antolatzen ari gara urte guztian. Besteak beste, jugerreko munduko txapelketa antolatu genuen uztailean. Kirol ezezaguna da, baina mundu guztiko lehiakideak etorri ziren, Eibarko jugger klubeko emakume talde bati esker. Bestalde, azaroaren 16rako kirolaren inguruko kongresu bat prestatzen ari gara. Azpiegiturei dagokienez, beste kiroldegi bat eraikitzeko asmoa daukagu Eibarren, eta aurreproiektu hori lantzen ere ari gara; hori da egun daukagun kirol proiekturik garrantzitsuena. Finantzaketa bila gabiltza orain. Berrogei urte baino gehiago dauzka Ipuruako kiroldegiak, nahikoa zahartuta gelditu zaigu, eta berritu egin beharra daukagu. Baina, igerilekuari dagokionez bereziki, beste kiroldegi bat eraikitzeko behar handia daukagu. Arratsaldean bereziki, ia ezinezkoa da kiroldegian igeri egitea.

Aurten da Eibar Kirolaren Europako Hiria, baina zer arrasto utz dezake Acer Europaren izendapen horrek? Nola balia dezakezue aukera etorkizunean?

Argi dago aukera ona dela hiriarentzat. Urrutira joan gabe, izendapen hori gabe, ziurrenik beste tokiren batean antolatuko zuten aurtengo jugerreko munduko txapelketa, eta kirol hori ez zen ezaguna izango Eibarren. Adibide bat besterik ez da hori. Nolabaiteko maila bat eman digu izendapenak, eta hurrengo urteetan gutxienez maila horri eusteko lan egin beharko dugu. Instalazioak berritzen eta hobetzen jarraituko dugu. Beste erronka bat da hiriarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.