Iñigo Peña. Piraguista

«Emaitzak eta testak ikusita, nire sasoirik onenean nago»

Munduko Txapelketa «biribila» egin du zumaiarrak. Urrea lortu du K2 mailako 1.000 metrokoan, eta brontzea 500 metroko mistoan. «Joan aurretik esan balidate, ez nuen sinetsiko».

BASQUE TEAM.
ainara arratibel gascon
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Datozen lau asteak etxean egingo ditu Iñigo Peña piraguistak (Zumaia, Gipuzkoa, 1990). «Buruari eta gorputzari atseden eman, gertukoekin egon eta lortutakoa barneratu eta ospatu nahi dut. Piragua ez dut ezta ukituko ere, bueltan gogo handiagoz hartzeko», azaldu du.

Emaitzak eta sentipenak ikusita, Munduko Txapelketa ezin hobea izan da zuretzat, ezta?

Bai, bai. Joan aurretik esan izan balidate emaitza hauek lortuko nituela, ez dakit sinetsiko nukeen. Izan ere, hiru probatan hartu dut parte, eta hori arrisku bat zen, aldez aurreko prestaketa hiruren artean banatu behar nuelako, eta gero txapelketan ahalegin handia egin. Neurri batean zoramena zen. Baina gai izango nintzela pentsatu nuen, eta, zorionez, ezin hobeto atera dira gauzak. Oso-oso gustura nago, nire kirol ibilbidean beste amets bat bete dudalako. Izan ere, banituen zilarrezko eta brontzezko dominak Munduko Txapelketan, baina urrea falta zitzaidan.

Zergatik ez zenituen halako emaitzak espero?

K1ean helburua finalean sartzea zen, eta lortu nuen. Azken urtean, aurrekoetan baino arreta handiagoa jarri diot proba horri. Oso gogorra da bakarka aritzea, baina izugarri gustura aritu naiz. Lehen aldia nuen Munduko Txapelketa batean bakarka, eta ederra izan zen onenekin finalean buruz buru aritzea. Gainera, oso gustura geratu nintzen lortutako markarekin. Datozen urteei begira kontuan hartzeko aukera da bakarkakoa. K2an, berriz, domina lortzeko aukera bakarra 1.000 metrokoan ikusten nuen. Uste nuen lehia gogorra izango genuela horretan, baina sekulako estropada egin genuen, eta irabazi. Mistoan, berriz, ez nuen inondik inora esperohain ondo ibiliko ginenik. Gutxien prestatu genuen proba izan zen, eta Barbararekin [Pardo] egiten nuen lehen txapelketa zen...Ezustean sekulako mailan aritu ginen hasieratik. Arraunkera aldetik ere ondo sentitu zara?

Bai, oso ondo. Are gehiago, aipatu bezala, hiru probatan parte hartu dudala kontuan hartuta. Binaka bi probatan arituta, bakarkakoan arraunkera galduko nuen beldur nintzen. Federaziotik ere esaten zidaten, agian gehiegi izango zela, eta arriskua zegoela probaren batean huts egiteko. Baina ni burugogorra naiz, eta hiruretarako sailkatuta egonda, guztietan parte hartu nahi nuen. Zorionez, dena ondo atera zen. Lehenengo proba bakarkakoa izateak lagundu egin ninduen, oraindik fisikoki eta mentalkifresko nengoelako.

K2 mailako 1.000 metrokoan lortu zenuen urrea. Probaz zein hausnarketa egiten duzu?


Oso eroso aritu ginen finalerdietan. Finalean oso estropada biribila eta osoa egin genuen, eta kontrolpean izan genuen. Bagenekien aurkari indartsuenak alemaniarrak eta hungariarrak izango zirela, eta hala izan ziren. Jakitun ginen gakoa azken 500 metroetan egongo zela. Horra indartsu iritsi ginen, eta aldea lortu genuen.

Ez zenuen ospatzeko tarterik izan, egun horretan bertan mistoko finalerdia zenuelako.

Hala da. Podiumetik jaitsi, eta zuzenean Barbararena joan nintzen beroketa ariketak egitera. Baina finalerdi horretan oso gustura aritu nintzen. Azken batean urreak konfiantza handia eman zidan. Ondo kudeatu nituen emozioak. Gogorrena hurrengo eguna izan zen, bai fisikoki, baita mentalki ere. Bosgarren lehiaketa eguna zen, eta nekeak eta emozioek eraginda buruko minez jaiki nintzen. Baina behin berotze ariketak eginda, bai giharrak bai burua askatu egin ziren, eta final bikaina egin genuen.

Gertuago ikusten dituzu Parisko Olinpiar Jokoak?

Datorren urtean jokatuko diren estatu mailako sailkapen proben arabera egongo da hori. Baina argi dago emaitza hauek bultzada bat direla. Aukera gehien K2 mailako 500 metroetan ikusten dut. Proba hori beste piraguista batekin prestatzen hasi nintzen, baina denboraldi honetan Pedrorekin [Vazquez] jarri ninduten. Gustura gaude, oso ondo egokitu gara. Lehen nazioarteko txapelketa izan da elkarrekin, eta begira zein emaitza lortu dugun. Ikusiko dugu zer gertatzen den, eta zein erabaki hartzen duen federazioak.

Nolako da bera?

Oso langilea eta profesionala da. Kirola bere lana da, baina baita ere zaletasuna. Bizi egiten du kirola, eta gozatu. Ez du entrenamendu bakar bat huts egiten. Lanerako duen gogoa, jarrera eta ilusioa kutsatu egiten dizkizu.

Zer esan nahiko luke zuretzat hirugarren Olinpiar Jokoetan parte hartzeak?

Hasi nintzenean nire ametsa Olinpiar Joko batzuetan egotea zen, eta hirugarren aldiz egotea izugarria izango litzateke.Izan ere, gero eta zailagoa da Olinpiar Joko batzuetan egotea, lehia gero eta handiagoa baita, eta gero eta proba gutxiago baititugu.

Datorren urteko sailkatze probei begira sasoiari eustea izango da hurrengo hilabeteetako erronka?

Emaitzei eta entrenamenduetako testei erreparatuta, nire kirol ibilbideko sasoirik onenean nago: abiaduran, erresistentzian, indarrean... Eta horri eutsi nahi diot. Horretarako orain arteko lanari segida eman nahi diot, fruituak ematen ari baita. Azken olinpiar aldi honetan gimnasioan denbora gehiago ematen ari naiz, eta uretako entrenamenduak biziagoak eta motzagoak dira. 500 metroetako probetarako hori ezinbestekoa da. Baina ikusi dut, distantzia horretan ez ezik, 1.000 metrokoan ere hobetu dudala.

Distantzia txikiagoan arreta jarrita, arraunkera ere aldatu behar izan duzu?

Zertxobait aldatu behar izan dut. Arraunkada gogorragoa egin behar dut, irristatzea handiagoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.