Beñat Turrientes Realeko jokalaria (Beasain, Gipuzkoa, 2002) entrenamendua amaituta iritsi da Zubietako prentsa aretora. Gustura dagoela nabari da: «Eguzkiarekin entrenatzea eskertzen da». Haren egoera goitik behera aldatu da Pellegrino Matarazzo taldera iritsi denetik. Ez zuen askorik jokatzen lehen, eta hamaikakoan ohiko jokalaria da orain. «Inoizko denboraldirik gogorrena eta politena izaten ari da hau niretzat. Gozatzen ari naiz orain, eta aprobetxatu egin nahi dut».
Aurreko jardunaldian bezala, sailkapenaren behealdean dagoen beste talde baten kontra jokatuko duzue: Mallorca. Herrialde Katalanetako taldeak entrenatzailea aldatu duela kontuan hartuta, nolako partida espero duzue?
Partida oso zaila izango da. Mallorcan jokatu dugun aldiro, sufritu egin dugu. Entrenatzailea aldatuta, ez dakizu nola jokatu dezaketen. Jokalariak, gainera, gogotsu egongo dira entrenatzaile berriari zertarako gai diren erakusteko. Futbolari arriskutsuak dituzte: adibidez, Muriqi eta Virgili. Muriqi gol asko ari da sartzen. Arean oso jokalari trebea da, eta erdiko atzelarien bizkarrera jokatuz min handia egiten du. Virgili, berriz, oso jokalari bizkorra da. Adi egon beharko dugu. Oviedoren aurka berdindu eta gero, Europarako borrokan jarraitzeko oso partida garrantzitsua da.
Denboraldi honetan behin bakarrik lortu duzue ligan atea hutsean uztea. Lehen itzulian izan zen; hain zuzen ere, Mallorcaren aurka. Zergatik?
Askotan detaile txikiengatik izaten ari da, eta horiek zaindu beharra ditugu. Arreta eta intentsitatea ere zaindu behar ditugu. Autokritika egin behar dugu, guztion ardura baita.
Gol horietako asko geldikako jokaldietan jaso dituzue. Jokaldi horiek lantzeko prestatzaile bat izan arren, aurreko jardunaldian Oviedok hiru gol sartu zizkizuen korner baten bitartez. Zer ari zaizue gertatzen?
Oviedoren aurka gertatu zitzaiguna ezin zaigu berriz gertatu. Oraintxe aipatu dudanarekin du zerikusia. Detaile txikietan ari gara huts egiten, eta horiek hobeto zaindu behar ditugu, halakorik ez gertatzeko.
Atzera jota, zer hausnarketa egiten duzu Sergio Franciscoren aroaz?
Sergio ilusio handiz etorri zen, eta lan handia egin zuen hasieratik. Baina gauzak ez ziren ondo joan. Batetik, emaitzak txarrak direnean, gauzak gehiago kostatzen dira, eta zortea ere ez duzu alde izaten. Bestetik, jokalariok ere ez genuen asmatu edo jakin hark eskatutakoa zelaian erakusten.
Pellegrino Matarazzo etorri denetik gauzak goitik behera aldatu dira. Zer eman dio taldeari hori lortzeko?
Bestelako energia bat transmititu digu, eta zelaian ikusten da. Jokatzeko modua ere aldatu du, eta uste dut taldean ditugun jokalariak kontuan hartuta mesede egin digula, bai erasoan eta bai defentsan. Orain zelai erdian bi euskarrirekin jokatzen dugu, eta uste dut horri esker baloia atzetik hobeto ateratzen ari garela, eta hobeto mugitzen dugula. Baloia galduz gero ere, babestuago gaude.
Nolako da Matarazzo?
Egunerokoa bete-betean bizi duen entrenatzailea, eta gertukoa. Zerbait esan behar badizu, esan egiten dizu, eta beti dago laguntzeko prest. Asko ari gara disfrutatzen harekin. Oso goiz etortzen da Zubietara, eta gustuko du goiz iristen diren jokalariekin gosaltzea. Denak buru-belarri aritzea nahi izaten du. Horregatik jartzen ditu, adibidez, partiden lehen zatitik jokalariak berotzen. Teknikoki eta taktikoki ere gauzak asko lantzea gustatzen zaio.
Zure egoera goitik behera aldatu da hura ailegatu zenetik. Ez zenuen askorik jokatzen lehen, eta hamaikakoan ohiko jokalaria zara orain. Zein izan zen eman zizun lehen mezua?
Iruditzen zitzaiola oso jokalari ona nintzela, eta aintzat hartuko ninduela. Lehen egunetik erakutsi dit nigan konfiantza duela.
Jokatzen ez zenuela kontuan hartuta, buruan zenuen utzita joatea? Zurrumurruak, behintzat, egon ziren.
Egoera zailak izaten dira. Laugarren denboraldia dut lehen taldean, eta argi nuen sasoi honetan aurrerapauso bat eman behar nuela. Izan ere, ez nuen lortzen maiz jokatzea. Ilusio handiz hasi nuen denboraldia, jokatzen. Baina gero aldatu egin zen hori. Gainera, taldea egoera zailean zegoen. Garai zailak dira, eta gauza asko pentsatzen dituzu. Merkatua irekita egonda, beti daude aukerak. Baina entrenatzailea berria izanda, gelditzea erabaki nuen, eta erakustea prest nengoela aurrerapauso hori emateko, eta jokatzeko. Izan ere, neure burua beti ikusi dut taldeari laguntzeko eta jokatzeko moduan.
Orain arte zer faltatu izan zaizu aurrerapauso hori emateko?
Partidak segidan jokatzea. Hori irabazi egin behar da, eta ziurrenik jokatzeko aukera izan nuenean ez nintzen nire mailan aritu. Hori badakit nik ere. Baina gutxi jokatuta zaila da zer emateko gai zaren erakustea. Jokatzeko aukera gutxi dituzunean, ilusioz zelairatzen zara, baina, aldi berean, dena erakusteko beharrarekin. Norgehiagokak jokatu ahala, konfiantza handiagoa duzu zeure buruan, gauza gehiago egitera ausartzen zara, eta patxada handiagoz aritzen zara. Azken batean, zelaian zu zeu izateko aukera duzu. Nolako jokalaria naizen erakusteko modua izaten ari naiz orain. Partidak jokatu ahala eman dudan aurrerapausorik handiena hori da. Oraindik asko dut emateko eta hobetzeko, eta ziur nago jokatzen segitu ahala hori egiteko aukera izango dudala. Hobetzen segitu nahi dut batez ere baloia dudanean.
«Zelaian ni neu izateko aukera izaten ari naiz. Alboan taldekide bat izateak ziurtasun handiagoa ematen dit baloiarekin aurrera egiteko, eta gora iristeko»
Lehen taldera iritsi zinenetik zure inguruan galdera bera ibili da: pibote bat zaren edo erasoko jokoa antolatzen duen jokalari bat. Zer diozu zuk?
Ni erasoko jokoa antolatzen duen jokalari bat naiz. Baloia izatea eta aurrera egitea dut gustuko, aurkariaren areara iristeko. Hori dela eta, orain erabiltzen ari garen jokatzeko moduak, eskemak, mesede egin dit. Txikia nintzela hona iritsi nintzenetik beti jokatu izan dugu euskarri bikoitzarekin. Azken urteetan, ordea, lehen taldeak 4-3-3 marrazkiarekin jokatu izan du batez ere, euskarri bakarrarekin. Jokatzea egokitu zaidanean, beti egin behar izan dut euskarri bakar moduan. Nire ezaugarriak aintzat hartuta, erosoago nago ondoan beste taldekide bat dagoenean. Ziurtasun handiagoa ematen dit baloiarekin aurrera egiteko, eta gora iristeko. Askeago aritzen naiz. Orain, horrela ari gara.
Bitxia da: Jon Gorrotxategi txartel pilaketagatik zigortuta zegoelako sortu zitzaizun zuri jokatzeko aukera. Matarazzoren lehen partidan izan zen. Orain biak ari zarete jokatzen.
Hala da. Futbolak halako gauzak ditu. Nire aukera izan zitekeela sentitu nuen. Garai gogorrak pasatu ditudan arren, ez dut sekula etsi. Ilusio berarekin etorri naiz entrenatzera, eta lan psikologiko handia egin dut. Eskerrak eman dizkiot Imanol Ibarrondori. Asko lagundu dit. Sortu zaidan aukera hau balekoa izan daitekeela sentitzen dut. Gozatu egin nahi dut, eta ez diot ihes egiten utzi nahi. Inoizko denboraldirik gogorrena eta politena izaten ari da hau niretzat.
«Garai gogorrak pasatu ditudan arren, ez dut sekula etsi. Ilusio berarekin etorri naiz entrenatzera. Sortu zaidan aukera hau balekoa izan daitekeela sentitzen dut»
Gaurkoa jokatu ondoren hasiko zarete Athleticen aurkako Kopako finalerdietako itzuliko partida prestatzen. Nolako partida espero duzu?
Partida oso zaila izango da. Haiek dinamika onean daude, eta hainbat jokalari berreskuratu dituzte. Baina guk etxean jokatzen dugu, zaleen babesa izango dugu, eta hori baliatu behar dugu.
Zer sentitu zenuen joaneko partidan gola sartu zenuenean?
Izugarria izan zen. Futbolari moduan bizi izan dudan momenturik politenetako eta berezienetakoa izan zen. Sufritutako guztiak eta egindako lan guztiak merezi izan dutela sentitu nuen halako partida garrantzitsu batean gol bat sartuta.
Zer esango zenieke zaleei asteazkeneko partidari begira?
Beti egiten duten moduan animatzeko, eta merezi dutela gurekin final bat partekatzea.
Athleticek emaitza ona lortu nahi du Vallecasen, Anoetara indartsu iristeko
Aspaldiko boladarik onenean dago Athletic, lau jardunaldi baitaramatza ligan galdu gabe, eta hiru partida irabazi baititu jarraian. Sasoi hasieratik ez zuen antzeko zerbait egin, orduan irabazi egin baitzuen lehen hiru jardunaldietan.
Hori nahikoa ez, eta, aspaldiko partez, Ernesto Valverdek eskuragarri ditu jokalari gehienak. Prados, Maroan eta Nico Williams ez beste guztiak ditu prest. Jauregizar eta Berenguer izan dira azkenak osatzen.
Kirol eta osasun egoera ona izatea berri bikaina da talde zuri-gorriarentzat, garai erabakigarria baita denboraldian: batetik, ligan, argitu egingo da zer lortzeko lehiatuko den; Espainiako Kopan, berriz, finalerdietako itzuliko erabakigarria jokatuko du datorren asteazkenean, Anoetan. Kanporaketa irauli behar du, joanekoan, San Mamesen, Realak 0-1 irabazi baitzuen.
Bolada onean ekin nahi dio neurketa horri, eta, horretarako, emaitza ona lortu nahi du gaur, Vallecasen (14:00, DAZN). Valverdek argi du: «Gure lehentasuna Rayoren aurkako partida da, oso garrantzitsua baita. Irabazi eta sailkapenean beste jauzi bat egiteko aukera dugu»
.