Finalerako lau egun falta diren honetan, kantxako harmailak muntatu gabe dira oraindik Nafarroa Arenan. «Baina bada astia oraindik, e?», ohartarazi dio argazkilari batek ondoko lankideari, hura hutsuneari so dagoela ikusitakoan. Akaso, azken hori imajinatzen ariko zen igandean zer giro izanen ote den artean paratu gabe diren eserlekuotan. Edo zera esaten ariko zen bere kolkorako: «Orduan bai sumatuko dutela pilotariek zaleen berotasuna». Etorkizunari buruzko hipotesiak dira horiek guztiak, dena dela. Eta, egiari zor, buruz buruko txapelketako finalak ekarriko duen emozio, urduritasun eta kariño airea sumatzeko ez da zertan igandera salto egin. Erreboteko eserlekuei erreparatu, eta, hara non diren 30 bat lagun, finalistek egiten dituzten keinu guztiei begira-begira, eta xuxurlaka, serio demonio, kasik kontzentratuta bezala haiek ere. Handik ere izanen ziren gertatutakoaren testigu: Iñaki Artola luze aritu da pilotak probatzen, eta kasik agortu ere egin du horretarako uzten dieten denbora tartea; Dario Gomezek ziztuan egin du bi pilotaren alde. Irribarrez utzi dute kantxa bi-biek gero, baina argazki saioa bukatu bezain laster egin dio ihes aitorpenak Dariori: «Hau tentsioa!».
Paradoxikoki, ordea, pilotak aukeratu ondoko prentsaurrekoa ailegatzerako desagertuak ziruditen tentsioaren eta urduritasunaren zantzuek. Nolabaiteko txapel gosea transmititu dute finalistek kazetarien aurrean, baina, batez ere, lasaitasuna eta konfiantza. «Finala gaurkoarekin hasten dela esaten dute askok, eta igual hala da, baina lan gehienak eginak daude dagoeneko», argudiatu du Artolak, hain justu.
Ikusi gehiago
Iganderako hautatutako piloten gainean ere ez da aparteko kexarik izan. Biak azaldu dira aski konforme bai norberak bai besteak hautatu dituenekin. Artolaren iritziz, aukeran eman dizkieten pilota guztiak ziren «aski onak», eta ez zegoen halako alderik batzuen eta besteen artean. Dariok ere nabarmendu du pilotekin «pozik» dagoela oro har, nahiz eta, aitortu duenez, «bereziki-bereziki motela» iruditu zaion Artolak hautatutako bat.
Izan ere, helburuak garbi zeuzkala ailegatu da Dario pilotak aukeratzeko saiora. Hiru minutu baizik ez ditu behar izan zeregin horretarako. «Besterik da asmatu ote dudan, baina nahiko garbi neukan zer nahi nuen», aitortu du. Azaldu duenez, frontisean «nolabaiteko bixitasuna» izanen zuten pilotak aukeratzen ahalegindu da, eta, era berean, nahi zuen zolan ez zitezela izan hain «lasterrak».
Zehazki, honelakoxeak dira Dariok hautatutako pilotak: 105,4 gramokoa bat, eta 105ekoa bestea. Artolak, berriz, 104,3 gramoko bat eta 104,8 gramoko beste bat aukeratu ditu.
Gogortzeko arriskua
Artola bigarrenez jarraian ariko da buruz buruko txapelketako finalean —final horretarako sailkatu den hirugarren aldia du hau, baina 2021eko aldian jokatu gabe gelditu zen azkenerako, min hartua zuela eta—, binakakora ere iritsi zen iaz, eta, hain justu, prentsaurrekoan hizpide izan du zenbateraino lagundu ote diezaiokeen aurrez ere egoera bertsuetan egon izanak. «Jokatu nuen bigarren finalean aurrenekoan baino hobetoxeago kudeatu nituen gauzak, eta espero dut oraingo honetan ere sumatzea ikasiz noala».
Hala eta guztiz, bada bi pilotarientzat nobedade izanen den gauza bat. Agerikoa oso: Artola eta Dario ez dira sekula aritu buruz buru elkarren kontra. «Are gehiago, igual oker nabil, baina esango nuke garela aritu ez buruz buru ez eta ez lau eta erdiko txapelketetan», zehaztu du Artolak, eta, horri loturik, zera nabarmendu du errioxarrari buruz: «Lehen finala du, baina Dario espezialista da buruz burukoan; faboritoen artean zuen ia jende guztiak, eta ez kasualitatez».
«Ongi hastea da inportanteena, eta beldurrik gabe aritzea. Nik neuk eboluzio bat izan dut horretan, eta uste dut badauzkadala nahikoa motibo sinesteko bidea hori dela»
IÑAKI ARTOLA Baikoko pilotaria
Darioren kontrako finala «gogorra» izanen dela uste du Artolak: «Oso jokalari osoa da, fisikoki gogorra eta jotzailea, baina tantoak bukatzen ere badaki. Garbi dut onena ateraraziko didala, derrigor». Estrategiari so, Alegiakoak nabarmendu du ez dela izanen erasokor aritzea beste aukerarik —«Txapelketakoak ikusita... ez da misterioa»—, eta hauek jo ditu gako nagusitzat: «Ongi hastea da inportanteena, abiadura zuk zeuk zehazteko, eta beldurrik gabe aritzea. Nik neuk eboluzio bat izan dut horretan, eta uste dut badauzkadala nahikoa motibo sinesteko bidea hori dela».
Lehenbiziko aldi bat
Igandekoa Lehen Mailan jokatuko duen lehenbiziko finala izateak ez du kezkatzen Dario. Baikor dago, eta, gainera, aho bilorik gabe nabarmendu du finalari ez zaiola eman behar «daukan baino garrantzi handiagoa». «Pilota den-dena da gure bizitzan, baina uste dut komeni dela gogoraraztea pilota dela, eta ez besterik». Irudipena da finalaren hondarrean markagailuak erakutsiko duen emaitzarekin ez itsutzeko estrategia ere badela Darioren gogoeta hori, eta lagundu diola orain arte.
«Oso erne aritu beharko dut, eta kontrola ahalik lasterren neureganatu, [Artolak] ez dezan aurrerapausorik eman eta ez diezadan gantxoarekin eraso egin»
DARIO GOMEZ Aspeko pilotaria
Zaila zaio partida zehazki nolakoa izanen den irudikatzea. «Biak jo eta jo hasten bagara, eta tantoak bukatzeko halako presarik izan gabe, partida oso gogorra izan daiteke fisikoki, Artola oso indartsua baita. Aldiz, finalerdietan Lasoren kontra aritu zen bezala aritzen bada, erasokor eta bortitz, oso erne ibili beharko dut, eta kontrola ahalik lasterren neureganatu, ez dezan aurrerapausorik eman eta ez diezadan gantxoarekin eraso egin».
Ikusi gehiago
Frontoiaren ezaugarriak aldeko izan ditzakeela ere iritzi dio Dariok, bi paretetarako bereziki, horixe baitu, hain zuzen, armarik indartsuenetako bat. Hura erabiltzeko zer tarte daukan ikustea falta da orain. Eta, ororen gainetik, txapela bururatzeko aski izanen ote zaion.