IDK-ko jokalaria

Itziar Ariztimuño: «Eroso nengoen Gernikan, baina aldaketa bat behar nuen»

Ariztimuñok bederatzi denboraldi egin ditu Gernikan, baina hurrengo sasoian Donostian jokatuko du, Azu Muguruzaren aginduetara. «Gogoz eta ilusioz» dago hurrengo erronkari heltzeko.

Itziar Ariztimuño IDK-ko jokalaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko ekainaren 17a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Itziar Ariztimuño (Bilbo, 1998) pozik dago. Erronka berrien bila ari zen, eta IDKn izango du horretarako aukera. Argi du zergatik onartu duen Donostiako taldearen eskaintza: «Nik jokatzeko modu bat daukat, eta horretarako talderik egokiena dela uste dut. Bestalde, IDK-k eta haren zaleek saskibaloia ulertzeko duten modua bat dator nirearekin».

Aste batzuk igaro dira Gernika utzi eta IDKn hasi zinela. Zer moduz?

Asko hausnartutako erabakia izan da, eta lehen egunetan denbora behar izan nuen barneratzeko. Baina dagoeneko ohitu naiz, eta erronka berriari heltzeko ilusioz eta gogoz nago.

IDKren eskaintza jaso aurretik, erabakita al zenuen Gernika uztea?

Aldi berean izan zen. Denboraldiak amaitzean, beti hausnartu izan dut nola joan diren. Urte zoragarriak igaro ditut Gernikan, eta oso eskertuta nago. Bederatzi denboraldi egin ditut bertan, eta lagun asko egin ditut. Oraingo honetan, ordea, beste zerbait probatu nahi nuen. Kirol arloan ez ezik, mentalki, emozionalki ere aldaketa hori behar nuen. Eroso nengoen bertan, baina kirolari eta pertsona moduan beste urrats bat egin nahi nuen. Bestelako erronkak behar nituen, eta taldez aldatzea beti da erronka bat. Ondorioz, eskaintzak aztertzen hasi nintzen. Azkenerako, IDKrena iruditu zitzaidan egokiena, eta urratsa egitea erabaki nuen.

Eskaintza gehiago izan zenituela aipatu duzu. Zergatik aukeratu zenuen IDKrena?

Nik jokatzeko modu bat daukat, eta horretarako egokiena dela uste dut. Bestalde, IDK-k eta haren zaleek saskibaloia ulertzeko duten modua ere antzekoa da. Alde horretatik oso antzekoak dira hiru euskal taldeak: intentsitate eta bizitasun handiz jokatzen dute. Aldaketa bat nahi nuen, baina nire jokatzeko moduari eta nortasunari eutsiz; eta, batez ere, gozatu. IDK-k horretarako aukera eman dit. Dena den, oso eskertuta nago eskaintzak egin zizkidaten beste klubekin.

Azu Muguruza entrenatzailea lehenagotik ezagutzen zenuen, baita taldeko beste hainbat jokalari ere: Lara Gonzalez, Roso Buch, Maria Eraunzetamurgil... Hori ere erabakigarria izan al da?

Bai, eragina izan du. Espainiako selekzioan bigarren entrenatzaile izan nuen, eta jakina da zer nolako prestatzailea den: asko eskatzen dizu egunerokoan, baina, aldi berean, asko ematen dizu. Jokalariengandik onena lortzen du. Gainera, gauzak oso argi ditu, eta jokalarioi ere hala esaten dizkigu. Hori izugarri eskertzen da. Maria, Lara eta Roso ere ondo ezagutzen ditut, eta ziur nago ederra izango dela haiekin egunerokoa partekatzea.

Lara Gonzalez eta zu arituko zarete joko antolatzaile gisa. Aspaldiko lagunak zarete, eta IDK-k fitxatu zintuela jakin zenean berehala zoriondu zintuen sare sozialetan. Zer nabarmenduko zenuke harengandik?

Oso jokalari lehiakorra eta oldarkorra da, eta taldean jartzen du beti arreta, bere buruan baino gehiago: harentzat taldea izaten da lehentasuna. Gainera, partidetan gertatuko dena interpretatzeko gaitasuna du. Asko estimatzen dut, eta elkarren aurka jokatu izan dugunean sarritan amaitu dugu elkarrekin barre eginez.

Klubak dagoeneko jakinarazi du nortzuk osatuko duzuen datorren denboraldiko jokalari multzoa. Zein itxura hartu diozu?

Ona. Egia da atzerritik ekarritako jokalari gehienak oso gazteak direla, eta ez dutela esperientziarik Espainiako Ligan. Askorentzat ezezagunak dira. Baina talentu handiko jokalariak dira, eta gogo handia dute. Denboraldiaurrean lan ona egiten badugu, eta bizkor egokitzen bagara, uste dut talde polita izango dugula, eta oso lehiakorra. Esperientzia dugun jokalariak, Larak, Rosok, Mariak, nik... besoak zabalik izango ditugu behar duten guztian laguntzeko. Erreferenteak izango gara.

«Itxura ona du datorren denboraldiko jokalari multzoak. Talde gaztea izango dugu, baina talentu askokoa»

Iragan denboraldian IDK-k azken jokaldian eutsi zion kategoriari. Zein izango da datorren denboraldiko helburua?

Oso goiz da oraindik horretaz hitz egiteko. Urrian hasiko dugu liga, eta entrenatzen hasteko aste batzuk falta zaizkigu oraindik. Baina halako denboraldi gogorrak ikasgai handia izaten dira. Entrenatzaile multzoak oso kontuan hartzen du ikasitakoa, beharrezkoak diren aldaketak egiteko, eta denboraldia hobea izateko. Ziur nago: denboraldi bikaina izango da.

Liga apirilean amaitu zen, eta urrian hasiko zarete berriz lehian. Etena ez al da luzeegia?

Niretzat, behintzat, bai. Egunerokoan beharra izaten dut saskibaloian jokatzeko. Eskerrak asteburuan, adibidez, 3x3 txapelketa bat jokatu dudan Bilbon. Dena den, atseden hau izatea ere eskertzen da, gero gogotsuago heltzen baitzaio denboraldiari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.