Aspeko pilotaria

Xabier Rekalde: «Esaten didate badudala artistatik zerbait, eta ez galtzeko hori»

Rekaldek igandean egingo du debuta profesionaletan, Eibarren, Asperekin. Dimakoa da, aurrelaria, eta 22 urte egin berri ditu. Aldaberen aurka ariko da lau eta erdian.

Xabier Rekalde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Xabier Rekalde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urriaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabier Rekalde (Dima, Bizkaia, 2003) jada hasi da profesionalen egunerokoa ezagutzen: elkarrizketak egiten dabil, eta aurkezpen batean izan da, lau eta erdiko txapelketarenean. Oroitzapen ederra du horretaz. «Lehen Mailakoa eta B Seriekoa aurkeztu zituzten elkarren segidan, eta sekulakoa izan zen horrenbeste pilotari bikainen artean neure burua ikustea».

Igandean jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz zaude?

Lasai nago, baina ziurrenik igandea gerturatu ahala urduritzen hasiko naiz. Aste polita ari naiz bizitzen: gustura nabil entrenatzen, eta jendea animatzen ari zait.

Oso azkar izan da dena: Aspek debuta egingo zenuela esan eta hamar egunera jokatuko duzu. Zuk noiz eta nola jakin zenuen?

Abuztu amaieran jakin nuen, Antiguako lau eta erdiko finala jokatu nuen egunean. Inaxio joan zen ikustera [Errandonea, Aspeko zuzendari komertziala], eta bukatzean elkarrizketa bat egin zioten, eta horretan esan zuen bai nik eta bai Carmelo Lozak urtea bukatu aurretik debuta egingo genuela. Hasiera batean, azaroan edo abenduan egingo nuen debuta, baina, lau eta erdian txapel dezente irabazi ditudanez, eta entrenatzen Jokinek [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa] eta Apezetxeak [Jon, Aspeko intendentea] ondo aritzeko moduan ikusi nindutenez, Inaxiori esan zioten data aurreratzeko.

Zer sentitu zenuen Errandoneak debuta egingo zenuela esan zuenean?

Ikaragarrizko poza sentitu nuen. Hauxe da pilotan hasi eta horretan urte pila bat egiten ditugunon ametsa. Niretzat jada sekulakoa izan zen duela bi urte Asperekin entrenatzen hastea; konforme nintzen hori egitearekin. Zergatik? Inoiz ez nuelako pentsatu debuta egingo nuenik. Argi nuen debutatu edo ez, entrenamendu guztietan ahalik eta gehien gozatu behar nuela. Kirol gogorra da pilota: askotan bakarrik aritu behar duzu, eta esfortzu handia egin. Oso pozik nago esfortzu horrek saria izan duelako. 

Etxanizen ustez, erraz mugitzen duzu pilota bi eskuekin.

Ezkerra naiz, baina eskuinarekin sakatzen dut. Jokoan ere antzeko moldatzen naiz biekin.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Gustatzen zait aurrean ezkerrez tantoa bukatzea, eta, afizionatuetan, pilotari abiadura eman diodanean, min egin izan dut.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Ahalik eta ondoen jarri behar dut pilota jotzeko.

Denbora daramazu profesionalekin entrenatzen. Zerk eman dizu atentzioa?

Zein giro ona duten enpresako pilotariek. Oso ondo hartu naute hasieratik, eta horrek asko erraztu dit dena.

Kantxan sumatu duzu aldea?

Bai, handia. Hau beste mundu bat da. Afizionatuetan, pilotakada ez oso on bat emanda ere tantoa egin dezakezu hurrengo pilotakadan. Hemen, ez. Inork ez du barkatzen. Sekulako maila dute. Zerbaitegatik dira profesionalak.

«Pilotan askotan bakarrik aritu behar duzu, eta esfortzu handia egin. Oso pozik nago esfortzuak saria izan duelako»

Ekhi Ziarrusta da zure betiko entrenatzailea. Hark nabarmendu du «oso langilea» zarela, eta adibide bat jarri du uste hori indartzeko: 06:30ean, eskolara joan aurretik, aritzen zinen harekin gimnasioan.

Ez nuen beste aukerarik. Goizetan, eskola nuen, eta, arratsaldeetan, entrenamenduak eta ingeleseko klaseak. Ordu eta erdiz aritzen ginen Ekhi eta biok. Izugarri eskertuta nago harekin.

Hark ere esan du zuk «arrakastaz baino gehiago, bideaz gozatu» duzula.

Hala da. Profesionalekin egin ditudan entrenamendu guztiak ahalik eta gehien zukutzen saiatu naiz. Sekulako aukera da hori.

Etxanizek eta Ziarrustak esan dute baduzula «artistatik zerbait».

Hori esaten didate, badudala artistatik zerbait. Gauza bereziak egiten saiatzen naiz. Hori ez dudala galdu behar esaten didate. 

Ez zara aritu profesionaletan, baina ezagutzen duzu pixka bat mundu hori, Javier Zabalaren botileroa izan baitzara. Nolatan hasi zinen harekin?

Dimako Txumulutxueta zen nire kluba, baina Euskadiko klubek ez dute jokatzen Espainiako Txapelketa. Javi, berriz, Logroñoko San Cosme klubeko arduraduna da. Jokinek hari galdetu zion ea haiekin joka nezakeen, uste baitzuen gehiago jokatzeak on egingo zidala. Javik tokia egin zidan, eta berehala harreman polita egin genuen. Noizean behin elkarrekin entrenatzen ginen, eta egun batean galdetu zidan ea haren botilero izan nahi nuen. Oso eskertuta nago harekin. Punta-puntako partida askotan izan naiz. Pilotazale batentzat oso polita da hori. Gainera, mesede egin dit, mundu hori pixka bat ezagutzeko.  

Haren botilero izango zara lau eta erdian?

Ez dakit. Buruz burukoan ez nintzen joan partida batera, nik beste bat bainuen. Haren aita aritu zen botilero, eta Javik esan zuen espero zuela ni gehiago ez izatea haren botilero, horrek esan nahi baitzuen jada aurkari ginela profesionaletan. Ilusio handia egin zidan hori entzuteak.

Familia pilotazalea duzu?

Bai. Aitonarekin Altuna telebistan ikusten zaletu nintzen, baita Danel Elezkanoren partidetara joaten ere; oso gertukoa dugu.

Hura izan duzu pilotari kutuna?

Bai. Danel da nire eredua. Oso harreman estua izan dugu beti: pilota goxoarekin aritzen ginen biok, hura profesionala zenean eta ni gazte mailan aritzen nintzenean.

«Nahiago dut txapelketako partida bat jokatu debutean, neurketa arrunt bat baino. Xarma handiagoa du»

Ikasten ari zara?

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua amaitu nuen iaz. Bi urterako sinatu dut Asperekin, eta bi urtez bete-betean aritu nahi dut pilotan. 

Sarrera asko eskatu dizkizute iganderako?

Bai. 180 eskatu nituen, ahal diren gehien, eta denak kendu dizkidate. Internetez ari dira erosten. Oso giro polita egongo da.

Joseba Aldaberen aurka jokatuko duzu B Serieko lau eta erdikoaren final-zortzirenetan. Nahiago zenuen partida arrunt bat jokatu?

Nahiago dut txapelketako partida bat jokatu debutean neurketa arrunt bat baino. Konfiantza handia dut neure buruarengan: oso ondo aritu izan naiz banaka, ondo nabil entrenatzen, eta txapelketako partida bat izateak xarma ematen dio. Lau eta erdian, katedralean... Oso berezia izango da.

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Atzelaria Aldabe da, baina badaki aurrean jokatzen, eta ondo aritu izan da banaka. Ea ondo jokatu eta irabazten dudan.

Debutatzear zaude. Nori eman nahi dizkiozu eskerrak?

Etxekoei, zalantzarik gabe: beti izan ditut ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.