Athletic Palestinaren alde, Stop genozidioa lemapean, Athleticek babesa erakutsi zion atzo Palestinari. Mallorcaren aurka jokatu zuten partidaren aurretik, San Mamesen bildu ziren 47.000 ikusleen aurrera atera ziren Euskal Herrian bizi diren 11 errefuxiatu palestinar, UNRWAko ordezkariak eta Honey Thaljieh jokalari ohia, Palestinako emakumezkoen futbol selekzioaren sortzaileetako bat eta zuri-gorrien enbaxadore dena. Palestinako banderak eta kufijak soinean zituztela irten ziren zelai erdira.
✊ #StopGenozidioa 🇵🇸
— Athletic Club (@athletic_eus) October 4, 2025
San Mamesek babesa adierazi dio Palestinari, @HoneyThaljieh-k, Euskal Herrian errefuxiatutako palestinar talde batek eta @UNRWA Euskadiko kideek ordezkatuta.
Animo! Zuekin gaude! لكم كل الدعم، نحن معكم!#AthleticMallorca #AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/fy1x2ijrzj
Txalo zaparrada jaso zuten guztiek, «Palestina askatu!» zioten oihuak entzun ziren, herri harmaileko kideek Palestinako banderak atera zituzten, Iñaki Williams kapitaina ere babesa erakustera hurbildu zitzaien, baina telebistaz ezin izan zen ikusi hori guztia. Partida emititu zuen Movistar kateak ez zuen omenaldiaren irudirik eman. Estadioaren kanpoaldeko irudiak erakutsi zituen telebistak, eta, geroago, txaloka ari ziren jokalarienak eta zaleenak. Une batean ere ez ziren agertu Palestinako ordezkariak.
Esatariek ere ez zuten Palestina zuzenean aipatu: «aitortza ekitaldi bat» egiten ari zirela esan zuten, eta ikusten ari zirela «Athleticek duen inplikazioa jasanezina den eta geratu egin behar den egoera baten aurrean». Zenbait eragilek salatu dute Espainiako Ligak eta Movistarrek egindakoa «aurrez pentsatutako zentsura ekintza bat» dela, omenaldia sareetan biral bilakatzea saihesteko.
Ikusi gehiago
Izan ere, Athletic izan da genozidioaren aurkako adierazpen ofiziala egin duen lehen taldea ligan. Aurrez ere egin izan ditu zenbait keinu Palestinako herriaren alde.
Atzokoa, gainera, ez da San Mamesen Palestinari babesa erakutsiko zaion azken aldia: azaroaren 15ean lagunarteko partida bat jokatuko dute han Euskal Selekzioak eta Palestinakoak. Atzo aurkeztu zuten norgehiagoka Gernikan.
Sadarren eta Anoetan ere bai
Euskal Herriko harmailetan aspalditik bihurtu dira ohiko Palestinaren aldeko ekintzak. San Mamesen bertan, besteak beste, Zure alboan egongo gara gaurtik azken eguneraino zioen pankarta erraldoia erakutsi zuten Txapeldunen Ligako estreinako partidan.
🇵🇸ISRAEL SUNTSITU!!🇵🇸
— INDAR GORRI (@19IndarGorri87) October 4, 2025
Gora palestinar erresistentzia!
Genozidioa gelditzea erresistentzia indartzea da.
¡DESTRUYAMOS ISRAEL!
¡Viva la resistencia palestina!
Frenar el genocidio es fortalecer la resistencia palestina. pic.twitter.com/sSOX6O68bp
Asteburu honetan, Sadarren, Indar Gorriko kideek teniseko pilotak bota eta neurketa geldiarazi zuten hamargarren minutuan, eta Israel suntsitu zioen pankarta bat atera zuten. Anoetan, berriz, gaur jokatuko den Rayoren aurkako lehian, Bultzadako kideak ez dira bosgarren minutura arte zelaira sartuko, eta zaleei dei egin diete estadiora Palestinaren aldeko banderekin eta ikurrekin joateko.