Bidasoa taldeko jokalaria

Nacho Valles: «Etxean oso indartsuak izan beharko dugu, etxetik kanpo oso zaila baita irabaztea edo puntuak lortzea»

Bidasoak denboraldi honetarako fitxatu dituen sei jokalarietako bat da Nacho Valles madrildarra. Sasoia hastear den honetan, adierazi du «irrikaz» dagoela taldea benetan zer moduz dagoen ikusteko.

Nacho Valles Bidasoako jokalaria. GORKA RUBIO / FOKU
Nacho Valles Bidasoako jokalaria. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean emango dio hasiera Bidasoak denboraldiari. Europako Ligako lehen kanporaketako joaneko partida jokatuko du, ABC Braga taldearen aurka. Liga, berriz, irailaren 13an hasiko du, Ciudad Real taldearen aurka. Nacho Vallesentzat (Madril, 1997) larunbatekoa izango da Irungo taldearekin jokatuko duen lehen partida ofiziala.

Zer moduz joan da denboraldiaurrea?

Ondo. Oraingoz oso pozik nago, eta, ikusita zer-nolako taldea daukagun, ilusioz gainezka. Txapelketa ofizialei hasiera emateko eta debuta egiteko irrikaz nago, ikusi nahi baitut taldea zer moduz dagoen benetan.

Erraz ari zara egokitzen talde berrira?

Bai. Oraingoz, dena ondo doa. Jokalari gehienak lehendik ezagutzen nituen: batzuekin jokatua dut lehenago, eta beste batzuen aurka ere bai. Uste dut horrek ere laguntzen duela errazago egokitzen.

Sei fitxaketa egin ditu Bidasoak; hori dela eta, lan gehiago egin behar izan duzue denboraldiaurrean?

Bai. Uste dut fitxaketak egiten diren bakoitzean egoten dela gauzak moldatzeko beharra. Horrelakoetan, ikusi behar izaten da taldeak nola erantzuten dion zenbait egoerari. Hala ere, taldearen parte handi batek denboraldi bat darama Alexekin [Mozas, entrenatzailea], eta badaki gauzek nola funtzionatzen duten; beraz, egokitzapen prozesua askoz azkarragoa da.

Denboraldi hasierari dagokionez, zer moduz?

Oso sentipen onak ditut. Oso talde orekatua dugu postu guztietan. Gainera, uste dut jokalari askoko taldea daukagula. Lehiakortasun horrek eta entrenamendu bakoitzean nork bere postua irabazi beharrak onena ematera behartzen ditu jokalariak.

«Uste dut jokalari askoko taldea daukagula. Lehiakortasun horrek eta entrenamendu bakoitzean nork bere postua irabazi beharrak onena ematera behartzen ditu jokalariak»

Kontuan hartuta joan den denboraldian Asobal ligako jokalari onenetako bat izan zinela, eskaintzarik ez zitzaizun faltako. Zergatik aukeratu zenuen Bidasoa?

Asko motibatzen ninduen jakiteak Bidasoa amaieraraino borrokatzen dela parte hartzen duen lehiaketa bakoitzean. Urtez urte Europan gauzak ondo egiten ari da, eta horrek ere lagundu zuen. Jaio nintzenetik ezagutzen dut Bidasoa, eta Asobal ligako talde klasikoetako bat da; horrek arreta piztu zidan.

Aspalditik zeneukan erabakita?

Joan den denboraldia amaitu baino dezente lehenagotik eginda geneukan akordioa, baina, taldeei errespetua zor zaienez, horrelako gauzak ezin dira ofizial egin garai jakin bat arte.

Zeuri dagokizunez, zer espero duzu erronka berri honetatik?

Jokalari moduan hazten jarraitu nahi dut. Naizen baino jokalari hobea izan nahi dut, eta alderdirik ahulenak hobetu. Ziur nago gauza horiek egiten baditut taldeari asko lagunduko diodala, eta hori da garrantzitsuena eskubaloian.

Orain arte jokatu izan duzun taldeetan oso jokalari garrantzitsua izan zara. Hitz egin duzu Mozasekin Bidasoan izango duzun rolaz?

Bai. Uste dut, Bidasoara etorri banaiz, nire jokatzeko moduagatik eta egoera jakin batzuetan eman dezakedan horregatik etorri naizela. Beraz, erabakigarria izan naitekeen egoera horietan daukadana eman behar dut: erabakiak hartzeko orduan eta jokalari guztien artean beste bat naizen egoeretan. Esperientzia daukadanez, jokalari gazteei ere lagundu diezaieket, edo jokoa nik bezala ikusten ez duten jokalariei ere bai. Modu horretan, gure erasoko jokoa ahalik eta onena izan dadin saiatuko naiz.

«Partidaz partida aritu behar dugu, aurkariei askorik erreparatu gabe, eta azken partidetara sailkapeneko edozein postutan geratzeko aukerekin iristen saiatu»

Bidasoak, aurten ere, Europako Liga jokatuko du. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Polonian aritu nintzenean ere jokatu nuen. Badakit nolako maila dagoen, eta zer talde. Denok dakigu klubarentzat zein garrantzitsua den multzokako fasera iristea. Kanporaketa zaila izango da; batetik, egunagatik, eta, bestetik, aurkaria ez ezagutzeagatik. Ez dakigu oso ziur nola jokatuko duten, ez baititugu asko ezagutzen. Zaila izango da, baina espero dugu kanporaketa gainditzea eta multzokako fasean sartzea, eta, behin multzokako fasean egonda, ahalik eta urrunen heltzea.

Zer helburu dituzue Europako Ligan?

Orokorrean, helburuak hauek ezarri ditugu, ez Europarako bakarrik: lehiaketa guztietan ahalik eta gehien lehiatzea, ahalik eta urrunen heltzea eta lehiaketaren amaierara irabazteko aukerekin iristea.

Espainiatik kanpoko ligetan jokatu duzunez gero, uste duzu esperientzia hori lagungarria izango zaizula Europako Ligan hobeto jokatzeko?

Bai. Azoty Pulawy taldean aritu nintzenean, Nexe taldearen aurka jokatu genuen kanporaketa. Etxean gol dezenteren aldeaz irabazi genien, baina, itzulerako partidan, buelta eman zioten markagailuari. Horrek behartzen zaitu partida hartan asko pentsatzera, eta, orain, aurkaria hobeto aztertzera. Bragaren ahulguneak aurkitzen saiatuko gara, eta Artalekun ahalik eta emaitza onena lortzen, Portugalgo itzulerako partidara lasaiago joateko, zaila izango baita.

Ligari dagokionez, zure ustez zein izango da Bidasoa sailkapenaren goiko aldean ibiltzeko gakoa?

Asobal ligan azken urteetan ikusi den moduan, etxean oso indartsuak izan beharko dugu, etxetik kanpo oso zaila baita irabaztea edo puntuak lortzea. Partidaz partida aritu behar dugu, aurkariei askorik erreparatu gabe, eta azken partidetara sailkapeneko edozein postutan geratzeko aukerekin iristen saiatu.

Iruditzen zaizu Europan eta Asobal ligan gorengo mailan lehiatzeko moduko taldea duzuela?

Bai. Iruditzen zait taldea egoki landuta dagoela. Jokalari askoko taldea daukagu. Taldea osatzen duten eta bigarren taldean jokatzen duten hainbat jokalari gazte dauzkagu. Lesioren bat daukagunean edo entrenatzaileak hala erabakitzen duenean, lehen taldean leku bat izateko borrokatu daitezke. Uste dut izango lehiakortasun hori funtsezkoa izango dela Europan eta Asobal ligan gorengo mailan aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.