Realeko jokalaria

Ander Barrenetxea: «Europa ligan ez ditut gu baino talde hobe asko ikusten»

Ligan Europako postuetan amaitu nahi du Barrenetxeak, eta nabarmendu du denboraldi hasiera ez dela txarra izan. Onartu du ondo moldatzen direla gorabeherak dituzten partidetan.

Ander Barrenetxea, Realeko jokalaria. GORKA RUBIO / FOKU
Ander Barrenetxea, Realeko jokalaria. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko urriaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldiko eten luzeenean dago Espainiako Liga. Ander Barrenetxea (Donostia, 2001) Zubietako Z1 zelaiko harmailetan eseri da sasoiaren inguruan hitz egiteko. Hasiera ez dela txarra izan dio, eta orain arte lortutako puntuak aurrera egiteko baliatu behar dituztela azaldu du. Aurreko denboraldian irabazitako Espainiako Kopa gogoratzean irribarre bat atera zaio: «Nire bizitzako egunik onena izan zen».

Eten luzea izaten ari zarete. Zer moduz etorri zaizue zuri eta taldeari?

Uste dut atseden hauek ondo datozela, datorrenari indar handiagoz aurre egiteko. Izan ere, denboraldi honetan, hasieratik ia hiru egunean behin jokatzen aritu gara. Atseden hau ondo dator. 

Astebeteko oporraldia izan duzue. Zertarako aprobetxatu dituzu egun horiek?

Lehenengo hiru egunetan Munichen egon nintzen bizkarrerako tratamendu bat egiten. Pentsatu nuen ondo etorriko zitzaidala, denboraldiaurretik arazoak bainituen. Hurrengo lau egunetan, ostegunetik igandera, Mallorcan izan nintzen lagunekin, eta Urko Gonzalez Zarate taldekide ohiarekin. 

Zer balorazio egiten duzu denboraldi hasieraz?

Uste dut ez dela txarra izan. Irabazi behar genituen partidak irabazi egin ditugu, eta irabazi ez dugun partidaren batean, uste dut gehiago egin genezakeela edo gehiago merezi genuela. Hasiera ona dela uste dut, eta lortu ditugun hamar puntu horiek aurrera egiteko baliatu behar ditugu.

Taldeak aurrerapauso bat eman du defentsan, baina erasoan kosta egiten zaio asmatzea. Nola lortu defentsaren eta erasoaren arteko oreka hori? Zer dio Matarazzok?

Matarazzok esan diezagukeena baino gehiago, uste dut gure esku dagoela aukerak gauzatzea. Aukerak izaten ari gara, eta, hori dela eta, gertatzen ari zaigunak ez nau kezkatzen; ziur nago golak iritsiko direla. Mikelek ez du golik sartu, eta ziur nago gutxienez hamabost sartuko dituela. Orduan, alde horretatik, oso lasai nago. Defentsan hobetzen segitu behar dugu, zalantzarik gabe. Izan ere, askotan, gure areara gutxi iritsi arren, gola sartzen digute. 

«Aukerak izaten ari gara, eta, hori dela eta, gertatzen ari zaigunak ez nau kezkatzen; ziur nago golak iritsiko direla»

Jokatu dituzuen partidetako asko eroak izan dira, gorabehera askokoak. Halakoetan hobeto moldatzen zaretela dirudi. 

Jokalari guztiei, baina batez ere erasoan jokatzen dugunoi, espazio asko egotea gustatzen zaigu. Leku gehiagorekin gauza gehiago egiteko aukera dago. Partidak itxiak direnean, gehiago kostatzen zaigu. Atletico Madrilen aurka, adibidez, uste dut penaltia egin arte partida kontrolatuta geneukala. Neurketa hautsi egin zen gero, eta haiek beste bi sartzeko gai izan ziren. Orokorrean, partidetan ondo kokatuta gaude, eta, ondoren, xehetasunen ondorioz, emaitza gure aldera edo bestera joan da.

Ligan zer helburu izan behar du Realak?

Ez dakit helburua den, baina nik, noski, ahalik eta gorenen amaitu nahi dut, eta, Txapeldunen Ligan bada, hobe. Txapeldunen Liga, Europa liga, edozer, baina hortik behera ezer ez.

Ez duzue nahi bezala hasi Europa liga. 1-2 galdu zenuten Bornemouthen aurka. Hala ere, Matarazzok esan bezala, helburua lehen ligaxka zortzi postuen arten amaitzea da?

Bai, bai. Dudarik gabe.

Bai Aperribaik eta bai Bretosek Europan aurrerapauso bat ematearen beharra azpimarratu zuten. Taldeak ere hala uste du? Beste ezeren gainetik horrek izan behar du denboraldi honetako helburu nagusia?

Bai. Argi dago Europan kanporaketak gainditzeko gai izan behar dugula. Izan ere, nik, adibidez, kanporaketa bakarrean egin dut aurrera:  final-hamaseirenetan. Uste dut hori lortzeko gai izan behar dugula. Europa ligako taldeak ikusita, nik ez ditut gu baino talde hobe asko ikusten. Aurreko denboraldian, astean barruan Europako txapelketak ikusi eta gu horietan ez aritzeak amorratu egin ninduen.

Espainiako Kopan txapeldun izan zineten aurreko sasoian. Ederra litzateke errepikatzea, ezta? Zenbat aldiz ikusi dituzu finala eta zure gola? Zer oroitzapen duzu?

Egun hartaz oroitzapen asko ditut; egun osoan gertatutako guztiaz gogoratzen naiz, zehazki aurreko gauetik hasita, ilea orduan tindatu bainuen. Gola ez dut askotan ikusi, ez baitzen gol ikusgarria izan. Kopa irabazia geneukan aurretik, baina zaleekin irabaztearen sentsazioa beste zerbait da. Izugarria izan zen. Segur aski nire bizitzako egunik onena izan zen. Penaltien ondorengo sentsazio hori izugarria izan zen.

Denboraldi honetan hegaletan lehia handia duzue, jokalari asko zaudete bertan jokatzeko. Zer ematen dizue horrek?

Niretzat askoz hobea da. Ochiengek, Guedesek, Marchalek eta Takek partida bat irabaz dezaketela ikusteak, noski, asko motibatzen nau. Gainera, jokalari gisa ere hazten laguntzen dit.

Ochieng denboraldi hasiera ederra egiten ari da; nola ikusten duzu?

Oso ondo. Titular gisa jokatu dituen hiru partidetan zerbait eman du. Bestelako ezaugarri batzuk ditu, eta uste dut horrelako jokalari bat oso beharrezkoa dela talde batean.

Harrobiko jokalari asko prestatuta daudela erakusten ari dira gorenean jokatzeko. Bigarren taldea Bigarren Mailan egoteak edukiko du zerikusia...

Bigarren mailan egonda, Reala Bk ikusgaitasun handiagoa du, eta jendeak gehiago ikusten ditu jokalariak, ez bakarrik Realean jokatzeko, askotan beste leku batzuetan aurkitzen baitute jokatzeko aukera. Uste dut bigarren taldea hor egotea oso garrantzitsua dela harrobiarentzat, jokalarientzat eta klubarentzat berarentzat. Oso ondo ari dira.

Partida batzuetan defentsako eskuin hegalean aritu zara minutu batzuez. Ez da lehen aldia bertan jokatzen duzuna. Gustura ahal zaude bertan? Zein postutan aritzen zara erosoen?

Nik uste dut defentsako eskuin hegalekoa momentu jakin batzuetarako dela. Ez da gauza bera bosteko defentsarekin jokatzea, edo laurekin aritzea. Bostekin beti duzu norbait atzean bizkarra zaintzen. Hor posible ikusten dut. 

Zer helburu dituzu zuk denboraldi honetarako?

Niretzat garrantzitsuena taldea da, eta talde gisa egiten duguna.

Oraindik ere 24 urte dituzu, baina jada bigarren denboraldia duzu kapitainen artean. Zer eta zertan aldatu zara lehen taldera iritsi zinenetik?

Esango nizuke ez naizela ezertan aldatu; azkenean, dena oso normala baita. Ni kapitainetako bat naiz, baina beste jokalari bat multzoan. Azkenean, Mikel [Oiartzabal] hor daukagu, guztion aita baita. Hamarrekoa da gauza guztietan. Orduan, egiten dugun guztia haren alde egiten dugu. Dena oso normala da, eta, gainera, Mikel daukagu.

Saskibaloia ere gustuko duzu. Askotan joaten zara Gaskara, Ibaeta Basket ikustera, zure amak zuzentzen baititu: Azu Muguruzak. Nola ikusten dituzu denboraldi honi begira?

Bai, bai. Partidarik ez badaukat, beti joaten naiz Gaskara. Entrenamenduak ikustera ere joaten naiz, saskibaloia gustatzen baitzait. Ondo ikusten ditut. Aurreko denboraldiko antzeko taldea dute, eta hori oso gustuko dut. Gainera, fitxatu duten jokalarietako bat oso ona da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA