Laida Urbitarteren hitzetan (Orio, Gipuzkoa, 2002), «ezustekoa» izan zen joan den denboraldian Beti Onak Europako Ligarako sailkatzea. Lehiaketa horretan parte hartu ala ez ondo pentsatu ostean, iritsi zaie iazko sariaz gozatzeko garaia. Bihar egingo dute debuta Europako Ligan, 18:00etan, etxean.
Klubaren historiako lehen Europako partida jokatuko duzue. Zer sentitzen da?
Egia esanda, presio handirik ez daukagula iruditzen zait; izan ere, Europarako sailkatzea ezusteko bat izan zen. Joan den denboraldian Espainiako Kopara hasiberri moduan joan ginen, dena ondo atera zen eta horren guztiaren sari moduko bat da hau. Beraz, oso pozik gaude, eta herrian ere sumatzen da gogo handia dagoela horrelako zerbait bizitzeko. Halere, ez daukagu presiorik; disfrutatzeko aukera bat da, opari bat.
Duela hiru urte igo zen taldea Espainiako Ohorezko Mailara, eta jada Europako lehiaketa bat jokatzen ari zarete. Azkar esaten da.
Azkarregi, agian [barrez]. Denboraldi hasieran hitz egin genuen urte zaila izango zela; izan ere, Europan jokatzeak esfortzu handia eskatzen du, bai ekonomikoki eta bai pertsonalki. Azkenean, astean bi partida jokatu behar dituzu, asteazkenetan eta asteburuan. Nire ustez, fisikoki eta psikologikoki gogorra izango da denboraldia, baina baita polita ere; gogotsu gaude.
Galitxanka Lviv Ukrainako taldearen aurka ariko zarete. Zer dakizu hari buruz?
Uste dut ligako txapeldunak direla. Orain arte ligako partidak prestatzen jardun gara, eta Elxen jokatu ostean ekin diogu Europako partida prestatzeari. Dudarik gabe, aurkari gogor bat tokatu zaigu, eta gauzak ondo egin beharko ditugu kanporaketa gainditzeko.
Zein izango da kanporaketa gainditzeko gakoa?
Nik uste gure jokoa egitea. Korrika egitea ere garrantzitsua izango da, orokorrean, Europako taldeak gu baino mantsoagoak izaten baitira. Uste dut ondo joango dela, ondo defenditzea lortzen badugu eta haiek gol errazik sartzen ez badute.
Itzuliko partida aurkariaren etxean jokatuko duzue. Zer pasatu zitzaizun burutik hori jakin zenuenean?
Hasieran apur bat beldurtu nintzen. Aurkari posible ugari zegoen, eta Ukrainako bat tokatu behar. Gero, ordea, bi partidak hemen jokatzeko aukera zegoela jakinarazi ziguten, edo itzuliko partida Polonian jokatzekoa, haiek hango ligan jokatzen baitute. Orduan lasaitu nintzen pixka bat. Bi partidak Polonian jokatzeko aukera ere eman ziguten, baina klubak erabaki zuen herriak eta taldeak merezi zuela horrelako momentu bat bizitzea. Beraz, joaneko partida hemen jokatuko dugu, eta itzulikoa Polonian.
Zergatik eman zizueten bi partidak Polonian jokatzeko aukera?
Ekonomikoki bi taldeei ondo etortzen zitzaigulako. Etxetik kanpoko partidak jokatzeko laguntza ekonomikoak jaso ohi dira, eta Ukrainan jokatuko ez genuela ikusita, aukera ona zen.
«Uste dut ondo joango dela, ondo defenditzea lortzen badugu eta haiek gol errazik sartzen ez badute»
Desabantaila izan ohi da itzuliko partida etxetik kanpo jokatzea?
Baietz uste dut. Berez, etxean zure lana ondo egiten baduzu, ez dauka zertan desabantaila izan, baina etxeko harmailaren bultzada itzuliko partidan edukitzea ederra izaten da. Guri, esaterako, beti lagundu ohi digute zaleek. Markagailuan atzetik joanda ere, beti animatzen gaituzte, eta uste dut han ere hala egingo dutela.
Zer moduz ekin diozue denboraldiari?
Ondo, baina espero baino lesio gehiago izan ditugu. Porriñoren aurkako partidan kolpe latza jaso genuen, partida guztian irabaziz joan eta amaieran galdu baikenuen. Baina Malagaren kontra, esaterako, berdintzea lortu genuen, eta Valladolidi eta Elxi, berriz, irabaztea. Beraz, nahiko ondo hasi garela esan daiteke.
Inoiz jokatu ez zenuten beste lehiaketa batean ere hartu duzue parte: Iberiar Superkopan. Zer moduz joan da?
Lehenengo partida Benficaren aurka jokatu genuen, eta oso borrokatua izan zen. Gogorra izan zen; izan ere, ligako partida asteazkenean jokatu genuen, eta Superkopakoa ostiralean. Fisikoki larri ibili ginen, hainbat jokalari min hartuta baitaude eta aldaketa gutxi baikeneuzkan. Lehenengo partidan geneukan guztia eman genuen, eta bigarrengora jada ez ginen ongi iritsi. Hala ere, gustura gaude egindakoarekin.
Zein dira denboraldiko helburuak ligan eta Europan?
Ligan, joan den denboraldian baino gorago geratzea: bederatzigarren geratu ginen, uste baino okerrago. Beraz, lehen bost edo sei sailkatuen artean amaitzen saiatu behar genuke. Gainontzeko lehiaketetan disfrutatzen saiatu behar dugu. Honen aurretik, Europan lehiatzeko aukera bi taldekidek soilik izan dute, eta gainontzekoentzat esperientzia berri bat izango da. Beraz, disfrutatzen eta ligako presio hori gabe jokatzen saiatu behar dugu. Europan ez daukagu nahitaez irabazi beharreko presioa.
Aiala Zarautz taldetik egin zenuen jauzi Beti Onak-era. Erraza izan zen egokitzea?
Ez. Zarautzen astean lau bider entrenatzen ginen, eta, bakarrik entrenatu nahi izanez gero, bost bider. Orain, berriz, zortzi edo bederatzi entrenamendu egiten ditugu astean, goiz eta arratsalde. Garai hartan, gainera, ikasketak amaitzen ari nintzen, eta Donostiara joaten nintzen ikastera. Oso gogorra izan zen. Fisikoki ere izugarrizko jauzia dago. Lehenengo entrenamenduetan jokalari guztiak oso onak iruditzen zitzaizkidan, eta baloia beste erritmo batean mugitzen zuten. Entrenatzen hasi nintzenean, ordea, fisikoa hobetzen eta mailara egokitzen joan nintzen.
Lanean ere ari zara. Denboraldi honetan gutxienez bi lehiaketatan parte hartuko duzuela kontuan izanda, zailagoa egingo zaizu kirola lanarekin uztartzea?
Uste dut baietz. Halere, nik zorte handia daukat, laneko nagusia nire taldeko fisioterapeuta eta prestatzaile fisikoa baita. Azkenean, badaki zein den taldeko dinamika, eta ongi ulertzen nau. Astean bi egunetan egiten dut lan. Esaterako, orain asteazkenetan bidaiatuko dugu; beraz, beste egun batean egingo dut lan. Alde horretatik erraztasunak ditudala esan daiteke.