Euskal Herriko Itzulia

Seixasek irabazi du Itzulia, eta Augustek azken etapa

Frantziarra lasterketaren historiako irabazlerik gazteena bilakatu da. Lipowitz sailkatu da bigarren, eta Johannessen hirugarren, sailkapena ihesean iraulita. Ihesaldiko indartsuena, dena den, August izan da.

Andrew August, garaipena ospatzen, Bergarako helmugan. JUAN HERRERO / FOKU
Andrew August, garaipena ospatzen, Bergarako helmugan. JUAN HERRERO / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 11
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaiera euritsu bezain ikusgarria izan du gaur 2026ko Itzuliak. Goian behean egin du euria. Euria Antzuola eta Bergara artean jokatu den etapan, eta, hala ere, su batean jardun dute txirrindulariek. Andrew August (Ineos) estatubatuarra izan da helmugara iristen lehena, ihesaldiari ginga jarrita, Raul Garcia Pierna (Movistar) eta Frank van den Broeken (Picnic) aurretik. Foku gehienak, dena den, Paul Seixasek (Decathlon) erakarri ditu. Patrikan zuen lasterketa, eta, halere, etapa modu epikoan irabazten saiatu da. Gazte eta errebelde. Lehia betean, kamera agurtzeko astia ere izan du. Gaur ez du irabazi, baina, halere, uzta apartarekin amaituko du astea: sailkapen nagusiaz gain, hiru etapa bereganatu ditu. Oso gutxik lortu dute hori Itzulian. Bestalde, lasterketaren historian inoiz ez da izan frantziarra baino txapeldun gazteagorik; hemeretzi urte eskasekin nagusitu da hura.

Gaur balentria handia egin nahi izan du Seixasek, eta helmugatik oso urrun eraso die aurkariei. Haatik, oker jo dio kukuak. 40 kilometroan bere kasa jardun ondoren, eguna lasai amaitzea erabaki du. Arrakastatsua izan da, ordea, Tobias Halland Johannessenen (Uno-X) hordagoa: ihesaldiari esker, sailkapeneko hirugarren postura egin du jauzi. Ion Izagirrek (Cofidis) podiuma zapaltzeko ametsa zuen azken etapan, baina laugarren izan da azkenean. Harro egon daiteke bere azken Itzulian egindakoaz. Seixasen atzetik, Florian Lipowitz (Red Bull) izan da indartsuena; 2.30era geratu da, eta 2.33ra Johannessen. Izagirrek, berriz, 3.50eko atzerapena izan du azken sailkapenean. Primoz Roglic (Red Bull), berriz, hondoratu egin da: hirugarrena zen etaparen aurretik, baina lehen hamar postuetatik kanpo geratu da azkenean.

Albiste garrantzitsua izan da etapari ekin aurretik: Pello Bilbaok (Bahrain) iragarri du txirrindularitza utziko duela denboraldi hau amaitzean. 36 urterekin, amaiera emango dio hamasei urteko ibilbide profesionalari. «Etxean eman nahi nuen berria, niretzat bereziena den lasterketan». Gernikarra euskal ziklismoaren ikurretako bat bihurtu da urteen joanean. Txirrindulari erregularra eta eredugarria izan da, eta arrasto handia utzi du zaleen artean. Hori horrela, harrera beroa egin diote Antzuolako irteeran. Etapan zehar, ziurrenik, emozioak pil-pilean izango zituen Bilbaok. Bi helburu lortu nahi zituen Itzulian azkenekoz parte hartu duen etapan: sailkapenean aurrera egin eta, ahal zela, etapa irabazteko lehian sartzea. Bada, garaipena urrun izan duen arren, nagusian seigarren posturaino igo da.

Ion Izagirrek (Cofidis) ere azken dantza izan du Itzulian. Hazi egin da egunetik egunera, eta podiumean sartzeko abagunea zuen gaur. Primoz Roglic (Red Bull) aurreratzea aski izan zitekeen horretarako. Bada, esloveniarra aise gainditu du, baina ezusteko aurkari bat agertu zaio: Johannessen. Norvegiarrak maisulan estrategikoa egin du eguneko ihesaldian, lau taldekidek lagunduta, eta sailkapeneko 11. postutik hirugarrenera igaro da. Izagirre hiru onenen artean sartu izan balitz, zazpigarren aldia zukeen, eta Itzuliko podiuma gehien zapaldu duen txirrindularia bilakatuko zen. Ez du lortu, eta, podiumera sei bider igota, Alberto Contadorrekin berdinduta geratuko da.

Seixasek, berriz, lortu du marka berria ezartzea, Itzuliaren historiako txapeldunik gazteena bilakatuta. Gino Bartali 21 urterekin nagusitu zen 1935ean, eta geroztik ez da izan hura baino irabazle gazteagorik. Harik eta Seixas agertu den arte. Hemeretzi urteko frantziarrak aho bete hortz utzi ditu zale zein aurkariak. Ziztu bizian ari da hazten eliteko txirrindularitzan, eta urrats handia egin du aste honetan, World Tourreko itzuli bat nagusitasun osoz irabazita. Erakustaldiari ginga jar ziezaiokeen gaur, laugarren etapa garaipena lortuta. Gisa horretan, Txomin Perurenak 1974an ezarritako marka berdinduko zukeen –oiartzuarrak urte hartako lehen lau etapak irabazi zituen–. Ez da posible izan, baina frantziarra ikusgarri aritu da beste behin ere.

Asentzion puskatu da

Iraultza gosea zuen Tobias Halland Johannessenek (Uno-X), eta ihesari eman dio etaparen hasieran. Alde egiten lehenak Ben Healy (Education), Marc Soler (Movistar) eta Mattias Skjelmose (Lidl) izan dira, eta 30 txirrindulari inguruko multzoa sortu da haien atzetik. Bertan sartu da Johannessen, eta ez zegoen bakarrik: lau taldekidek lagundu dute. Gurditik tira egiteko ardura hartu dute haiek. Gaurko giro hotz eta euritsuak mesede egingo zien, ziurrenik, Uno-X taldeko txirrindulari eskandinaviarrei. Atzean geratu da aurreko egunetako uda giroa, eta zirak jantzita eta zaleen aterkiz inguratua lehiatu dira ziklistak.

Johannessenek bezala, Igor Arrietak (UAE) ere sailkapenean gora egin zezakeen ihesaldia helmugara iristen bazen. Elosua bigarrenez igotzen hasi direnean –helmugatik 63 kilometrora–, Johannessen bigarren zegoen behin-behinean sailkapen nagusian, eta Arrietak laugarren postura egin du jauzi. Seixasek ez zuen zertan kezkatu, eta, hala ere, aurkari guztiak atzean utzi ditu Elosuan. Gailurretik gertu oldartu da, helmugara iristeko oraindik 56 kilometro geratzen zirela. Azken zertzelada eman nahi zion aste honetan osatu duen artelanari. Liderraren apustua, ordea, kamikaze samarra izan da, aurrean ez baitzuen zubi lana egingo zion taldekiderik. Oso zaila zen bere kabuz ihesaldikoekin bat egitea. Galga sakatu eta beste faboritoei itxaron ziezaiekeen, baina, horren ordez, ekinean jarraitu du, temati.

Healy, Soler eta Skjelmose Asentziora bidean harrapatu dituzte beste iheslariek, eta Seixasek ere Itzuliko azken mendatearen aurretik eman du amore. Alferrik nekatu da. Dena den, pitzadurarik ez du eduki hortik helmugara bitarte. Ihesaldia, ordea, puskatu egin da Asentzion, Augustek erritmoa aldatu ondoren. Gurpilera itsatsi zaio Garcia Pierna, baina ez du luze iraun. Johannessen ez da sartu etaparen lehian; zernahi ere, garaipen handia da sailkapenean egin duen jauzia. Arrietak ere beste horrenbeste esan lezake: zortzigarren amaitu du Itzulia. Onenen multzoak 4.15eko atzerapena izan du; bertan ziren Izagirre eta Bilbao, Itzuliari agur esanez. Seixasek, berriz, desafio egin dio etorkizunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA