Pilota

Euskal selekzioak lehen aldiz desfilatu du ofizialki ikurrinarekin Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean

Helena Barrenetxea puntistak eraman du ikurrina. Xavier Cazaubonek jakinarazi du Ibone Bengoetxearekin adostu duela Nazioarteko Federazioak teknifikazio, berrikuntza eta prestakuntza gune bat izatea Getxoko Fadurako Goi Errendimenduko Gunean.

Euskal selekzioa. ANDER ELORDUI
Euskal selekzioko kideak, ikurrinarekin, Munduko Euskal Pilota Txapelketaren inaugurazio ekitaldian. ANDER ELORDUI
Julen Etxeberria.
🌐 Buenos Aires (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 16a
03:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentinako eta Uruguaiko Munduko Euskal Pilota Txapelketaren lehen jardunaldiak bi une oso berezi izan ditu euskal selekzioarentzat: bata, euskal selekzioak jokatutako lehen partida izan da, Nagore Martinek bikain irabazitakoa; beste une berezia, berriz, euskal selekzioak munduko txapelketa baten inaugurazio ekitaldian lehen aldiz ikurrinarekin ofizialki desfilatzea izan da. Helena Barrenetxea puntista durangarrak eraman du ikurrina. «Edorta de Anta pilota egokituko kirolariak eraman behar zuen ikurrina, baina ezin zituenez eskailerak igo eszenatokira heltzeko, ni aukeratu naute. Oso pozik nago, ohore handia baita», esan du. 

Buenos Airesko Ciudad de Buenos Aires klubean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta han izan dira Munduko Txapelketa jokatuko duten pilotari gehienak. Hamabost selekzio ari dira jokatzen, eta alfabetikoki atera dira banan-banan eszenatokira, atzean euren herrialdearen bandera zutela. Zazpigarrena izan da irteten euskal selekzioa, Espainiaren eta Frantziaren artean. Alfabetikoki egindako hurrenkera eten egin da gero, Argentina, etxeko selekzioa izan baita azkena irteten. Pablo Fusto aspalditik Euskal Herrian bizi den palistak eraman du Argentinako bandera.

Marcelo Ignacio Tortorelli Ciudad de Buenos Aires klubeko presidenteak hitz egin du lehenbizi, eta euskaraz zuzendu zaie euskal selekzioko kideei: «Ongietorri eta zorionak», esan du. Alicia Masoni de Morea Argentinako Batzorde Olinpikoko lehendakariordeak eta Pablo Lambardi Argentinako Pilota Konfederazioko presidenteak hitz egin dute jarraian. Haien ondoren mintzatu da Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidentea. Hura ere euskal selekzioko kideei zuzendu zaie: «Ongietorriak. Etxean zaudete», esan die gaztelaniaz.

Ondoren, ezusteko iragarpena egin du Cazaubonek. Jakinarazi duenez, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordearekin adostu du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak teknifikazio, berrikuntza eta prestakuntza gune bat izatea Getxoko (Bizkaia) Fadurako Goi Errendimenduko Gunean. Bengoetxea inaugurazio ekitaldian egon da, eta hura bukatzean pozik azaldu da akordioarekin. «Berriro irabazi dugu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren konfiantza, eta harekin elkarlanean teknifikazio, berrikuntza eta prestakuntza elkartuko ditugu etxe batean. Gure etxea Nazioarteko uskal Pilota Federazioarena ere izango da. Adostu behar dugu nola egingo dugun, baina konpromisoa badago».

Bukatzeko, Cazaubonek bi pertsonari eskaini die Munduko Txapelketa: Jesus Fernandez Iriondo Nazioarteko Federazioko presidente izandakoari eta Federico Martin Aramburu Argentinako errugbi jokalari izandakoari. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA