Pilota

Euskal selekzioak lehen dominak irabazi ditu Munduko Txapelketan: urrezko bat eta zilarrezko beste bat

Barandikak eta Lekerikak 54 metroko frontoiko zesta-puntako finala irabazi dute, AEBei nagusituta: 2-1. Ortiz de Mendibilek eta Goikoetxeak, berriz, galdu egin dute Espainiaren aurka: 2-0.

Euskal selekzioa urrezko domina irabazi izana ospatzen, podiumean. JULEN ETXEBERRIA
Euskal selekzioa urrezko domina irabazi izana ospatzen, podiumean. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
🌐 Colonia del Sacramento (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 21a
00:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Altxor asko omen daude Rio de la Plata ibaiaren hondoan. Ibai horretan hondoratutako hainbat ontziren altxorrak dira. Euskal pilota selekzioaren ordezkaritza batek ibai hori zeharkatu du Buenos Airestik Colonia del Sacramentorako (Uruguai) joan-etorria egiteko. Ilusioz egin dute joaneko bidaia, eta pozik egingo dute itzulikoa. Eta altxorrik galdu ez bidean. Ondo gordea dute eta. Hauxe altxorra: urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat. Altxor preziatua da, euskal selekzioak Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean irabazi dituen lehen dominak baitira.

Euskal selekzioak jada irabazi ditu lehen dominak

Destinoak horrelakoak ditu, eta munduan zehar gehien hedatu den euskal pilotaren modalitatean lortu ditu euskal selekzioak aurreneko dominak Munduko Txapelketa nagusi batean: zesta-puntan, 54 metroko frontoian. Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikaren eskutik irabazi du euskal selekzioak urrezko domina. Puntista gernikarrek Frantziako ordezkari Johan eta Gorka Sorozabal miarriztarrei irabazi diete finalean: 2-1 (15-9, 11-15 eta 10-4). Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Ion Ibarluzea markinarrak ere parte hartu dute Munduko Txapelketan; beraz, haiena ere bada urrezko domina. Lau puntista horiek arrastoa utzi dute, haiek izan baitira aurreneko munduko txapeldunak euskal selekzioarekin.

Lehia biziko finala jokatu dute. Barandikak eta Lekerikak oso ondo ekin diote. Oso gaztetatik ezagutzen dute elkar, urteak daramatzate elkarrekin jokatzen, eta hori igarri egiten da kantxan. Elkarren osagarri izateaz gain, aurrelaria aspaldiko sasoirik onenean dago. Atzelaria, berriz, berme bikaina da beti, segurua eta sendoa. Hain zuzen, sendotasun hori erabakigarria izan da lehen seta nagusitasunez irabazteko. Bigarren setari ere bikain ekin diote (6-2). Orduan, jota zirudien AEBetako bikoteak, baina gutxien espero zenean susperraldi handia izan du, eta bigarren seta irabazi : 15-11. Hirugarren set erabakigarria jokatu behar, beraz. Tentsioak gainezka egin du, eta muturreko egoera horretan hobeto moldatu dira euskal selekziokoak. Azkenean, garaipena, festa, eta beste mugarri historiko bat.

Euskal selekzioko gizonezko puntistek irabazi dute lehen urrezko domina. Lehen domina, baina, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak, Maia Goikoetxea eta Elaia Gogenola berriatuarrak eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak irabazi dute. Zilarrezkoa lortu dute laurek, Ortiz de Mendibilek eta Goikoetxeak galdu egin baitute finala Espainiako ordezkari Erika Mugartegiren eta Arai Lejardiren kontra: 2-0 (15-9 eta 15-12). Neurketa hori izan da arratsaldeko lehena Colonia del Sacramentoko Real de San Carlos frontoian. Euskal selekzioan errebantxarako gogoa zegoen, Espainiako ordezkariek irabazi egin baitzieten Nazioen Ligako finalean, Gernika-Lumon (Bizkaia). Zailtasunaren jakitun ziren, aurkariak oso indartsuak baitira. Hala, gogotik saiatu dira Ortiz de Mendibil eta Goikoetxea, eta nor baino nor gehiago aritu. Lehen seta alde handiz galdu dute, baina bigarrenean suspertu eta aurretik jarri dira (10-7). Alde zituzten ikusleak. Baina Espainiako bikoteak beste susperraldi bat izan du, eta atzetik aurrera eginez seta irabazi; baita partida ere. Euskal selekzioko puntistak burumakur samar zeuden finala amaitu denean, baina harro egon daitezke egin duten lanaz, itxura oso ona eman baitute.

Euskal selekzioko puntistak, podiumean, ikurrinarekin. ANDER ELORDUI
Euskal selekzioko puntistak, podiumean, ikurrinarekin. JULEN ETXEBERRIA

Beste sei domina, gutxienez

Euskal selekzioa hasi da uzta biltzen Munduko Txapelketan, eta lehenbiziko bi dominak irabazi ditu. Baina ez dira azkenak izango. Aitzitik, askoz gehiago irabaziko ditu, gutxienez beste sei. Izan ere, euskal selekzioko pilotariek jada ziurtatu egin dute gutxienez beste sei final jokatzea.

36 metroko frontoian, eskuz banaka eta binaka, Espainiaren aurka jokatuko du; emakumezkoen banakako zesta-puntan, Espainia izango du aurkari, eta gizonezkoetan, Frantzia. Pilota egokituan, berriz, bi finalak jokatuko ditu, trinketekoa eta 36 metroko frontoikoa, eta bietan Frantziaren aurka ariko da. Trinketeko finala ostegunean jokatuko dute, Euskal Herriko 22:00etan; esku huskakoak eta zesta-puntakoak, ostiralean, 17:00etatik aurrera; eta, 36 metroko pilota egokitukoa, larunbatean, 19:00etan. Azkenik, xarean, euskal selekzioak hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko du ostegunean, 17:00etan, Argentinaren kontra. Hau da, euskal selekzioa parte hartzekoa zen hamabost modalitateetatik bitan domina irabazi du, beste seitan dominaren bat irabaziko du, beste batean brontzea lortzeko lehia jokatuko du, eta beste bostetan finalerdiak jokatuko ditu. 30 metroko frontoiko paleta gomazkoan baino ez da geratu domina bat eskuratzeko aukerarik gabe, gizonezkoetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA