Uruguaiko Colonia del Sacramento hiria betiko izango da oso toki berezia euskal kirolarentzat, eta, zehazki, euskal pilotarentzat. Han utzi du arrastoa euskal selekzioak, han irabazi baititu lehen dominak Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean, 54 metroko frontoiko binakako zesta-puntan. Emakumezkoek lehen domina irabazi zuten, zilarrezkoa. Jarraian, gizonezkoek urrezko lehen domina eskuratu zuten.
Gertakari historiko horren protagonistetako bi dira Maite Ortiz de Mendibil (Andetxa, Araba, 2005) eta Unai Lekerika (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1992). Biek ala biek jokatu zuten finala: Ortiz de Mendibil Maia Goikoetxearekin batera aritu zen, eta, Lekerika, Xabi Barandikarekin. «Izugarri pozik» daude biak. «Poz itzela dut. Aste oso berezia igaro dugu Uruguain. Oso giro polita izan dugu hasiera-hasieratik. Beste ilusio eta urduritasun batekin aritu gara euskal selekzioaren koloreak defenditzen», esan du Lekerikak. Gauza bera esan du Ortiz de Mendibilek. «Oso esperientzia polita izan dugu, eta oso polita izan da hau guztia selekziokideekin batera bizi izatea».
«Gertukoei eskaintzen diet urrezko domina hau, eta selekzioa ofizial izateko lan egin duten guztiei ere bai»
UNAI LEKERIKA Euskal selekzioko puntista
Finalei erreparatuta, Lekerikak azpimarratu du «oso gogorra» izan zela haiena. Hiru set jokatu behar izan zituzten Johan eta Gorka Sorozabal AEBetako ordezkariei irabazteko. «Ondo hasi ginen, baina haiek suspertu egin ziren. Tarteren batean gaitz ikusi genuen emaitzari buelta ematea, batez ere hirugarren setaren hasieran: 4-3 joan ginen galtzen. Baina, geure buruan sinetsi, eta aurrera egin genuen». Ortiz de Mendibilek eta Goikoetxeak, berriz, bi setetan galdu zuten Erika Mugartegi eta Arai Lejardi Espainiako ordezkarien aurka —bizkaitarrak dira biak, Markina-Xemeingoak—, baina aurrelari arabarra «pozik» dago egin zuten lanarekin. «Galdu arren, partida ona jokatu genuen, eta askotan nor baino nor gehiago aritu. Gero eta gertuago gaude haiengandik».
Emozio handia podiumean
Lekerikak emozio handiz gogoratu du azken tantoa. «Egun osoa neraman pentsatzen ea zer sentituko nuen irabazten bagenuen, eta azken tantoa egin genuenean lurrera jausi nintzen, eta, gora begira, hau posible egin duten guztiekin gogoratu nintzen». Pozak goia jo zuen podiumera igotzean. «Poz handia hartu nuen. Oso polita izan zen selekziokideekin podiumean egotea eta zaleen animoak entzutea», azaldu du Ortiz de Mendibilek. Lekerikari emozioak gainezka egin zion. «Sekulakoa izan zen podiumeko maila gorenera ikurrinarekin igotzea. Txapelketa asko jokatu ditut, baina aurretik ez dut sekula horrelakorik bizi izan».
«Urrea Espainiarekin edo zilarra euskal selekzioarekin? Zilarra euskal selekzioarekin, noski»
MAITE ORTIZ DE MENDIBIL Euskal selekzioko puntista
Biek ala biek aitortu dute jende askorekin gogoratu zirela zorion une horietan. Lekerika: «Familiarekin, neska lagunarekin, lagunekin eta Leke Crew taldekoekin gogoratu nintzen, baina baita amets hau posible egin duten guztiekin ere. Jende asko borrokatu da urte askoan hau lortzeko, eta haien aurpegiak ez dituzu ikusiko komunikabideetan. Gu pribilegiatuak izan gara jokatzeko aukera izateagatik». Ortiz de Mendibil: «Familiarekin gogoratu naiz. Haiek beti daude nirekin, eta nirekin bidaiatzen dute. Haien laguntzarik gabe ni ez nengoke hemen. Asko diet eskertzeko selekziokideei ere, haiei esker oso esperientzia polita bizi izan baitut. Hau ere selekzio osoari eskaintzen diot. Sekulako txapelketa egiten ari gara».
Bi puntistak Espainiarekin aritu ziren duela lau urte Miarritzen (Lapurdi) jokatutako Munduko Txapelketan: Ortiz de Mendibilek urrea irabazi zuen, eta Lekerikak zilarra. Biek azpimarratu dute ekitaldi horrek eta oraingoak ez dutela inolako antzik, oraingoan «berezko selekzioarekin» ari baitira. «Espainiarekin sentimendurik gabe jokatzen genuen; irabazi egin nahi genuen, besterik ez. Euskal selekzioarekin ere irabazi egin nahi dugu, baina jokatzen dugunean emozio berezia sentitzen dugu. Urte asko egin ditugu honen atzetik, eta ametsa egia bihurtu da azkenean. Gaitz eta urrun ikusten genuen euskal selekzioarekin munduko txapelketa bat jokatzea, baina azkenean, lortu da, eta izugarri pozik gaude. Euskal selekzioaren koloreak jantzita, beste motibazio batekin aritzen gara: nik dena eman dut lehen tantotik beretik. Koska gorenera igotzea zen gure nahia, eta lortu dugu», azaldu du Lekerikak.
Ortiz de Mendibilek ez du zalantza egin aurreko munduko txapelketaren eta oraingoaren artean aukeratzeko orduan. «Urrea Espainiarekin edo zilarra euskal selekzioarekin? Zilarra euskal selekzioarekin, noski».
BIHAR, FINALA TRINKET EGOKITUAN ETA BRONTZERAKO LEHIA XAREAN
Euskal selekzioak beste bi domina irabaz ditzake bihar Munduko Txapelketan. Trinket egokituan, finala jokatuko du Frantziaren aurka, Euskal Herriko 22:00etan, Club Ciudad de Buenos Airesko trinketean. Ligaxkan ere elkarren aurka jokatu zuten, eta Frantziak irabazi zuen: 2-0 (15-7 eta 15-9). Beñat Lizaso eta German Luis Elkoro aritu ziren egun horretan, baina baliteke Sergio Rodriguezek edo Edorta Antak jokatzea. Euskal selekzioak arrastoa uzteko aukera du, lehen aldiz ari baitira jokatzen pilota egokituan Munduko Txapelketan.
Bihar beste domina bat irabazteko aukera ere badu euskal selekzioak, xarean hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko baitu, 17:00etan, Argentinaren aurka. Euskal selekzioak balentria egin zuen ligaxkako azken jardunaldian: 2-0 irabazi behar zion Uruguairi, eta horixe egin zuten Oier Iturbek eta Markel Mujikak. Xuban Lopetegi da euskal selekzioko beste xarelaria.