Euskal pilotako euskal selekzioa estreinakoz ari da ofizialki lehiatzen munduko txapelketa batean, Argentinako eta Uruguaiko frontoietan. Futboleko gizonezkoen euskal selekzioa ez dago oraindik egoera horretan, baina, hori lortzeko ahaleginean, beste neurketa bat jokatuko du. Venezuelaren aurka izango da; azaroaren 14an jokatuko dute, 20:00etan, San Mamesen. Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldietako bat izango da.
36ko gerraren eta ondorengo diktadura frankistaren ondorioz, Euskal Herria utzi behar izan zuten herritar ugari hartu zituen Venezuelak, eta Agirre lehendakariak Frantziara ihes egin ahal izateko funtsezkoak izan ziren Venezuelako diplomazialariak. Bada, gertakari horien aitortza egite aldera jokatuko dute partida bi selekzioek, federazioaren esanetan: «Venezuelak diasporari lagundu zion jatorrizko lurrarekiko loturari eusten, eta gaur egunera arte iraun duen harremana sendotu zuen».
«Historikoa» izan zen azaroan euskal selekzioak Palestinaren aurka jokatutako neurketa, eta olatu horren aparretan segitu nahi du. Partida horretan etxeko taldeak 3-0 irabazi zuen, —Elgezabalek, Guruzetak eta Izetak sartu zituzten golak—. Baina neurketa horretan emaitza izan zen gutxienekoa. Izan ere, izugarrizko mobilizazioan egin ziren partidaren bueltan, orduko hartan helburua «bakea defendatzea eta eskatzea» izan baitzen. Federazioak adierazi duenaren arabera, oraingoan ere emaitza izango da gutxienekoa, eta partidak xede argi bat izango du: «Kirol emaitzatik harago joango da: Venezuelako euskal diasporaren ibilbidea aitortzea da asmoa, eta kirolak topagune eta bizikidetzarako leku gisa duen zeregina nabarmentzea».
Azaroaren 14ko neurketa bi selekzioak elkarren aurka arituko diren laugarren aldia izango da. Orain arte Vinotinto izenez ezaguna den selekzioaren aurka jokatutako partida guztiak irabazi ditu euskal selekzioak. Lehendabizikoz 2007an jokatu zuten elkarren aurka, San Cristobalen (Venezuela), eta 3-4 nagusitu zen, Etxeberriak bi gol sartu zituen, Adurizek bat eta Gabilondok beste bat. Gainontzeko neurketak Euskal Herrian jokatu dituzte. 2010ean San Mamesen euskal selekzioak 3-1 irabazi zuen, Gurpegik, Labakak eta Muniainek sartutako golei esker; eta 2018an Mendizorrotzan neurtu zituzten indarrak, eta 4-2 irabazi zuen artean Jose Maria Amorrortuk eta Mikel Etxarrik zuzentzen zuen selekzioak, Ibairen, Bautistaren, Arbillaren eta Elustondoren golei esker.
49. FIFAren zerrendan
FIFAk futboleko selekzioen maila neurtzeko duen sailkapenean 49. postuan dago Venezuela. Sailkapen horretan egon diren azken aldaketetan bi postu egin ditu beherantz; izan ere, ez zen sailkatu udan AEBetan, Mexikon eta Kanadan jokatu zen Munduko Koparako. Hego Amerikako hamar taldek jokatu zuten bertan egoteko ligaxka, lehen sei taldeak zuzenean igaro ziren txapelketara, eta zazpigarrenak beste aukera bat zuen. Bada, Venezuela zortzigarren sailkatu zen, hemezortzi neurketetan hemezortzi puntu lortuta. Jokatu dituen azken hiru partidetatik bi hutsean berdindu ditu —Jordaniaren eta Hego Korearen aurka—, eta hirugarrena 2-1 galdu zuen Japoniaren aurka; hiru norgehiagokak lagunartekoak izan dira. Oswaldo Vizcarrondok zuzentzen duen selekzioan Realeko bi jokalarik jokatzen dute: Yangel Herrerak eta Jon Mikel Aramburuk.Â
Vinotintok badu, hein batean, beste lotura bat euskal selekzioarekin, azken horren izenarekin, hobeto esanda. Izan ere, euskal selekzioaren izenak nahiko buruhauste eta ika-mika eragin ditu iraganean, eta makina bat aldaketa ere izan ditu. Hastapenetan, Baskoniako selekzioa izena jarri zioten, eta gerora Euzkadiko, Euskadiko eta Euskal Herriko ere deitu izan diote. Ibilbide horretan, izenari lotutako desadostasunak tarteko, 2008an eta 2009an selekzioak ez zuen partidarik jokatu. 2010ean, ordea, federazioak eta jokalariek, ofizialtasuna lortzeko bidean, euskal selekzioa izena jartzea adostu zuten, eta Venezuelaren aurka jokatutako neurketa izan zen izen horren pean jokatu zuen lehen neurketa.
Azken bi neurketetan Jagoba Arrasatek eta Mikel Labakak zuzendu dute euskal selekzioa. 2024an izendatu zuten Arrasate selekzioaren arduradun, eta ordutik jokatu dituen bi partidetan ez du bat bera ere galdu: 2024an Uruguairen aurka 1-1 berdindu zuten, eta iaz, aipatu moduan, 3-0 gailendu ziren Palestinaren aurka.