Itsas bazterreko zeru goibelaren mehatxupean, zaleen aurpegiak argitzera atera dira gaur euskal futbol selekzioko jokalariak Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Rene Lacoste estadioko Plaine des Sports zelaian. Lapurdiko aire freskoa arnastera etorri da euskal selekzioa, bihar San Mamesen Venezuelaren aurka jokatuko duen partida behar bezala prestatzeko (20:00, ETB1).
Ostiral goiza dela eta, jende asko ezin izan da lanetik libratu. Hala ere, 60 bat lagun bertaratu dira, gutitan aukera ukan dutelako euskal selekzioaren etorreraz gozatzeko. Publiko amorratuaren artean, zale are bereziago bat dago: Xumai 10 urte azkaindarra. «Tripako mina» duela eta, ez da ikastolara joan. Ahal bezala kontsolatzeko, bere gurasoek erremedio berezia asmatu dute: Oihan Sancet, Igor Zubeldia eta Asier Villalibre mediku bereziengana ekarri dute. Eragina berehalakoa izan da, jokalarien kontaktuan sufrikario guziak desagertu zaizkiolako. Gainera, jokalari guzien eskutik euskal selekziokoaren lepoko berdea jaso du, eta denen artean argazki bat hartu ere.
Jokalariek beroketa hasi dute. Hitzak, irriak, txisteak eta trebatzailearen aginduak elkar gurutzatzen dira. Azpimarratzekoa da entzuten diren hitz gehienak gaztelerazkoak direla. Euskal selekzioko jokalari guziek ez dute euskara menperatzen, baina trebatzaile fisikoak ematen dituen aginduak euskaraz ere errepikatzen ditu. Baloiarekin ariketa teknikoak, pase laburrak eta luzeak praktikatu ondotik, trebaketaren fase taktikora pasa da talde osoa.
Trebaketa amaitzeko, aurrelariek atezainen pareko paseak eta jaurtiketak errepikatu dituzte. Haien parean jarri da Tian, Alemaniatik etorritako zalea. Lehen aldiz euskal selekzioa hain hurbiletik ikusten ahal ditu jokalari guziak, eta batez ere Realakoak. Duela hamar urte da Realeko bazkide, euskal selekzioko lagun ohi bati esker: Xabi Prieto. Donibane Lohizundik Bilbora bidaiatuko du bihar, bere «bihotzeko» selekzioa sustengatzeko.
«Bide oso luzea da, eta horretan pausoak ematen jarraitu behar dugu»
UNAI MARRERO Euskal selekzioko atezaina
Ofizialtasuna aho guzietan dela eta, Tianek ere oso argi du Euskal Herriak bere selekzioa ukan behar duela. «Alemania edo Espainia baino, nire taldea euskal selekzioa da. Nire ametsa da egun batez Munduko Kopan jokatzen ikustea. Talde honek identitate bat eta herri oso bat ordezkatzen ditu». Biharkoa bestarako eta aldarrikapenerako eguna izango dela gehitu du.
Duela hamar minutu trebaketa amaitu dela, baina jokalariek zelai erdian segitzen dute, elkarren artean eleketan. Zelai bazterrean, zaleak pazientzia galtzen doaz, jokalariekin trukatzeko ordu betez itxoin dutelako. Zer goaitatzen duten galdezkatzen diote elkarri, bat-batean delegazio ttipi bat hubiltzen hasi arte. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aitzinatu da, beste ordezkari batzuk inguraturik. Hura zuten jokalariek itxoiten orduan. Ofizialtasunari buruzko hitzak partekatu dizkie jokalari eta trebatzaile guziei, denekin argazki handi bat hartu aitzin.
Lehendakaria pasa ondotik, zaleek jokalariekin goza dezakete azkenean. Trukaketen beharra ofizialtasunaren aldarria gora darama Iker Goñi Euskadiko Futbol Federakundeko lehendakariak. Azken Munduko Kopan estaturik gabeko bi selekzioek jokatu zuten bezala, euskal selekzioak jokatzeko «eskubidea» duela dio. Urrats horrekin, Ipar Euskal Herrira selekzioa etortzea «ilusioa» eta «lana» ordezkatzen dituela azpimarratu du. «Harremanetan gara Ipar Euskal Herriko erakunde eta instituzio ezberdinekin. Gure benetazko gogoa da hemen selekzioaren partida bat antolatzea, eta horretarako lanean gabiltza», azaldu du Goñik.
Unai Marrero Realeko atezainak ofizialtasunaren aldeko prozesuari erreferentzia egin dio. «Bide oso luzea da, eta horretan pausoak ematen jarraitu behar dugu». Realeko taldekide Jon Mikel Aramburuk eta Yangel Herrerak Venezuelarekin jokatzea «oso polita» iduri zaio, bai eta euskal selekzioaren baitan talde ezberdinetako jokalariak trukaketa ona dela.
Haatik, ez da lehen aldia Donibane Lohizuneko zangobaloi zelaian ibiltzen dela Johaneko Louis-Jean. Gaur egun Athleticeko atzelaria bada ere, gaztetan Baionako Aviron taldearekin behin baino gehiagotan lehiatu da Donibane Lohizuneko Arineko zuri-beltzen aurka. Orroitzapen goxoak dira harentzat, etxera itzultzea bezala zaiolako. Publikoaren arreta berezia bildu du horretarako, azken jokalaria izan da zelaitik ateratzen, zale guziekin argazkiak hartu ondotik. Eguna bukatzeko, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria zenaren hilobira loreak eskaintzera hurbildu dira Pradales eta Elkargoko Alain Hiriart auzapeza, federazioko eta selekzioko hainbat kiderekin batera.
Hainbat deialdi bihar
Festa bestea izango da bihar Bilbon, eta hainbat deialdi egin dituzte ofizialtasuna aldarrikatu eta euskal selekzioari hauspoa emateko. 17:00etan, euskal taldeetako herri harmailek deituta, topaketa egingo dute Indautxuko plazan. 18:00etan argazkia egingo dute, eta handik San Mamesera abiatuko dira kalejiran. Ofizialtasuna orain izango da bilkuraren leloa.
Bestalde, Euskadiko Futbol Federazioak eta ofizialtasunaren alde lanean ari diren elkarteek 18:15erako egin dute deia, Carlton hotelaren atarian. Ordu horretan abiatuko da selekzioaren autobusa San Mamesera, eta taldea animatzeko bufandak astintzera deitu dute, eta ikurrinak eta selekzioaren elastikoak erakustera.
EUSKAL SELEKZIOAREN DEIALDIA
Atezainak: Unai Marrero (Reala) eta Kepa Arrizabalaga (Arsenal).
Atzelariak: Jon Pacheco, Igor Zubeldia, Aihen Muñoz (Reala), Einar Galilea (Malaga), Andoni Gorosabel (Espanyol), Iñigo Argibide (Osasuna) eta Johaneko Louis-Jean (Athletic).
Erdilariak: Beñat Prados, Mikel Jauregizar (Athletic), Beñat Turrientes (Reala), Pablo Ibañez, Ander Gebara (Alaves), Jon Guridi (Sevilla) eta Asier Osanbela (Osasuna).
Aurrelariak: Kike Barja (Osasuna), Iñigo Vicente, Asier Villalibre (Racing), Oihan Sancet (Athletic), Unai Gomez (Udinese) eta Gaizka Larrazabal (Bolton).